maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Sukaldekoei

2017ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Bukatu dira Eguberriak Hego Euskal Herrian ere —ez zenekitenentzat, Errege magoak Bidasoaren alde batean baino ez dira ospatzen—, eta eskerrak, bai, halako batean bukatu diren! Hainbeste jan, edan, berriro jan... eta hainbeste kontsumismo, opari, familia bazkari, kaleko argi... Gustura hartzen dira, bai, baina hein bateraino.

Behin eskerrak erraten hasita, ordea, eskerrak eman behar zaizkienei zuzendu nahiko nieke zutabe hau. Haiek ere erranen zutelako «Eskerrak!», baina agian bertze modu batera. Sukaldekoei zuzendu nahi natzaie, dena ongi ateratzeko ezinbestekoak diren horiei, baina gehienetan ezkutuan, gibelean gelditzen direnei. Otordu alai eta oparoak mahai gainean izateko zer prestatu pentsatu, eta astebete lehenago erosketak egitera joaten direnei. Egunean bertan ala bezperatik sukaldean orduak pasatzen dituztenei, bertzeok poteoan, lotan ala ikasten ari garen bitartean. Bazkalorduan ipurdia aulkiaren gainean bi minutu baino gehiago eduki ezin dutenei, hamaika aldiz errepikatu arren egoteko geldi (baina badaezpada gu ez gara gehiegitan altxatzen). Eta turroia, kafea ala xanpaina dastatzen eta txiste kontaketan ala kartetan ari garen bitartean berriro sukaldera doazenei, platerak garbitzera, sukaldea txukuntzera, eta hurrengo otordurako zer egin pentsatzera, gu bestara goiz joan gaitezen inolako burukominik gabe.

Tamalez, edo agian eskerrak, etxe guztietan izanen dira horrelakoak. Gurean maiz izena dute amatxi, ama, osaba... Bertze etxe batzuetan izanen dira aita, izeba... Baina ez anitzetan seme, lehengusu...

Eta, agian, erraza da behin pasatuta halako hitzak idaztea. Agian, hobe litzateke desorekaz konturatu, eta hurrengo ospakizunetarako hobeki nola antolatu pentsatzen hastea. Gaurkoak aitortza xume bat bertzerik ez du izan nahi, ordea. Isilean egiten duzuen lan guztiarengatik, bihotzez eta zinez, milesker.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.