Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Berandu

2016ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Ni ere berandu nabil. Duela astebete gizon batek 17 hilabeteko ume bat leihotik bota zuen, Gasteizen, edozein trapu zahar balitz bezala. Leihoa zarratuta zegoen. Gehiegikeria sexualak egiten harrapatu zuen 17 hilabeteko haurraren amak, eta gizonak umea bota zuen. Leihotik behera. Leihoa zarratuta zegoela. Ez omen zen lehen aldia, hori aitortu ei zuen Ertzaintzaren aurrean. Berandu aitorpena; aitorpen gehienak legez. Berandu ailegatu da, beraz, Ertzaintza. Eta gizarte osoa ere bai. Berandu gabiltza. Bizitzak jarraitzen du, eta gaur ere berandu dela ez gara jabetu. Beranduegi ote? Utz diezaiogun zirrikitua itxaropenari, mesedez, eta pentsa dezagun soilik dela berandu. Auzokideek panpina zela pentsatu zuten leihotik behera zerbait jausten zela ikustean. Berandu auzokideentzat ere bai. Eta umea artatu zutenentzat ere, berandu. Berandu gaitzespen publikoak. Berandu agerraldi publikoak. Berandu kontzentrazioak. Beranduago batzuk besteak baino. Berandu, hiriko agintarien agerraldia salaketa irmoa egiteko. Berandu hedabideak tarte txikia ematen, gero eta txikiago, gero eta beranduago, desagertu arte. Izan ere, Espainiako Gobernua zegoen jokoan, alegia, joko politikoa. Aulkiak, ez leihoak, ez 17 hilabeteko haurrak. Berandu. Gizona irakasle zen, Gasteizko musika eskola oso ezagun batean. Aspalditik. Berandu konturatzen gara alboan, goian, behean, bazter batean bizi dena munstroa dela. Berandu. Neu ere berandu nabil, astebete beranduago. Egunak eman nituen hitz egokirik gabe. Hitz ganorazkorik esan ezinik. Sinestu ezinik. Berandu erreakzionatu dut. Gizarteak bezala. Zenbat berandu gehiago esan beharko ditugu? Zenbat hamazazpi hilabeteko ume botako dituzte leihotik behera? Zenbat hildako gehiago egon beharko dira? Zenbat sexu abusu gehiago? Zenbat bortxaketa gehiago? Noiz helduko gara lehenago? Noiz ez da berandu izango?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.