Albistea entzun

BEGIRATU POSTAN: 3.000 EURO DITUZU

Ekonomiaren bultzada faltari eta inflazio ezari aurre egiteko azken bitartekoa 'helikoptero dirua' martxan jartzea izan liteke; hau da, banku zentraletatik dirua zuzenean banatzen hastea herritarren artean. Mario Draghi EBZko buruak berak aitortua du kontzeptu «interesgarria» dela.
BERRIA

Ivan Santamaria -

2016ko apirilak 17

Posta eskuratu orduko ikusi duzu bankutik bidalitako oharra. Ahoa bete hortz geratu zara irekitzerakoan. 3.000 euroko diru sarrera bat egin berri dizutela dio mezuak. Urduri ere jarri zara. Inoiz entzun duzu finantza kontuekin lotutako iruzurren berri. Bekaina altxarazi dizu igorlearen helbideak: Frankfurt, Alemania. Eta bi bekainek egin dute gora ordaintzailearen izena irakurri duzunean: Mario Draghi, EBZko presidentea.

Ekonomia fikzio hutsa ote da aurreko paragrafoan esandako guztia? Bada, ez. Susperraldia indartzeko eta inflazioa pizteko asmoz egindako ahalegin guztiak helburua lortzeko nahikoa izaten ari ez direla ikusita, azken alternatiba bat ari da indarra hartzen ekonomialarien artean: zergatik ez eman herritarrei zuzenean diru kopuru handi bat?

Oinarrizko printzipioa da inflazioa falta denean diru kantitateak bat-batean handitzea irtenbide egokia dela. Eta modurik azkarrena eta eraginkorrena diru hori zuzenean herritarren artean banatzea izan liteke, gastua animatuko lukeelako. Ideia sinple bezain sinestezina dirudi, baina oinarri teoriko sendoa du atzetik.

Krisiaren irteera makuluen gainean egiten ari dira ekonomia aurreratuak. Produkzioak gora egin duela bistan da, baina sistemaren martxa onerako beharrezkoa den beste elementu bat ez da inondik ageri. Inflazioa —zehatzago, inflazio eza— buruhauste handia da. Ez dago igotzeko modurik.

Banku zentralek sekula baino urrunago eraman dute moneta politika. Bank of Americak bildutako datuek argi uzten dute ahalegin hori: 637 aldiz jaitsi dira interes tasak, zeroren pare geratzeraino herrialde askotan. Nahikoa ez, eta bankuei interes tasa negatiboak kobratzen hasi zaizkio hainbat zonaldetan. Azken arma ere atera dute: herrialdeen zorpetzea eta aktiboak eskala masiboan erosi dituzte. 12 bilioi dolar gastatu dira horretan.

EBZ Europako Banku Zentralak 832.000 milioi euro gastatu ditu honezkero ekonomia aktibatzeko programa horietan. Hilabetero 80.000 milioi handitzen du kopuru hori. Baina inflazioa zero da, eta osagai aldakorrenak —energia eta elikagaiak— kenduta ere ez du %1 gainditzen. Bilakaera egokia bermatzeko asmoz, inflazioa %2ren bueltan egotea da EBZren mandatua. Azken hiru urteetan bete ez den mandatua.

Diru politikan eragiteko aukerak agortzen ari direnez, beste kontzeptu bati begira hasi dira ekonomistak: helikoptero dirua. Ideia berritzailea irudi lezake, baina laster 50 urte beteko dira lehen aldiz adierazi zenetik. Milton Friedman ekonomialari eta Nobel saridunari zor zaio. «Demagun egun batean helikoptero bat aireratzen dela», azaldu zuen Friedmanek, «eta demagun 1.000 dolarreko billeteak jaurtitzen dituela komunitate baten gainean. Pentsa dezazun gainera jendeak ulertu duela hau behin bakarrik gertatuko den zerbait dela».

Helikoptero dirua martxan jartzeko bide errazena gobernuaren defizita ordaintzea da. Diru berria inprimatuta estaltzen du banku zentralak defizita, eta ondoren gobernuak diru hori herritarrei bueltatzen die, gehienetan zerga itzulpenen bidez. Formula ezagunena da, baina Europan ezin izango litzateke erabili, banku zentralak debekatua duelako zuzenean gobernuak finantzatzea. Hori dela eta, alternatiba plazaratu dute sustatzaileek: zuzenean txeke bat ematea herritarrei, gobernuen bitartekaritzarik gabe.

Berez, ez dago gaur egun EBZk erabiltzen duen estrategiatik oso urrun. Banku zentralak erabaki du ekonomian dagoen diru kopurua handitzea, baina, hori lortzeko, bankuen bitartekaritza lehenetsi du. Bankuek kreditu gehiago ematea da aukeratu den bidea, eta, horretarako, bankuei ari zaie aktibo gehienak erosten, diru berria erabilita. Bide horrek eragin mugatua izan du, ordea. Finantzaketa baldintzak hobetu dira, baina oraindik ere ahul segitzen dute kredituak eta jarduerak.

Draghiren interesa

«Kontzeptu interesgarria da», onartu zuen Mario Draghi EBZko presidenteak, helikoptero diruari buruz galdetu ziotenean, baina argi utzi zuen ez dutela oraindik aztertu. «Hasieran, zailtasunak lituzke kontularitza eta legezkotasun aldetik. Eta, noski, helikoptero dirua esaten denean gauza askori buruz ari gaitezke».

Aukera aipatzeak sutan jarri ditu honezkero banku zentralaren diru politika lausoarekin haserre zeudenak. Alemaniako Finantza ministroak, Wolfgang Schaueblek, eskuin populista izandako gorakadaren errua egotzi zion zuzenean Draghiri, aurreztaileak kaltetzen dituzten politikak segitzeagatik.

Borroka politikoa alde batera utzita, gakoa da zenbat diru beharko litzatekeen inflazioa onbideratzeko, edo zenbat diru duen eskura EBZk. Nordea finantza taldeak asko jota 444.000 milioi erabil daitezkeela uste du: 1.300 euro biztanle bakoitzeko. Baina eurosistema banku zentralen batuketa bat denez, zalantzak ditu Europa osorako kopuru bera emateko dagoen aukera errealari buruz.

Beste ekonomista batzuek ez diote aurretiazko mugarik ikusten banku zentralaren esku-hartzeari. Hots, helburua bete ahal izateko behar adina diru bideratzeko modua luke, une horretan bere erreserban hainbeste diru ez izanda ere. Helikopteroa ez da aireratu, baina urrutian hegalen soinua entzuten hasi da.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Pentsiodunen mobilizazio bat, Bilbon, iaz. / ©Aritz Loiola, Foku

Pentsioak %8,5 handituko dira urtarrilean Hego Euskal Herrian

Iker Aranburu

Iaz ez bezala, aurten batez besteko pentsioa urte amaierakoa baino handiagoa izango da. Batez besteko pentsioa 115 euro handituko da urtarrilaren 1ean.

Jose Luis Escriva Espainiako Gizarte Segurantza ministroa ©Sergio Perez (Efe)

Kotizazio urte gehiago, baina «hoberenak»

Jokin Sagarzazu

Pentsioen kalkulua 25 urtetik 30era zabaltzea proposatu du Espainiako Gobernuko Gizarte Segurantza ministroak

Bizkaiko metalgintzako lehen greba eguna, atzo, Trapagaranen. ©Marisol Ramirez / FOKU

Langile gehienek babestu dute metalgintzako bigarren greba eguna

Iñaut Matauko Rada

ELAk adierazi du grebaren atzoko eta gaurko erantzuna oso antzekoak izaten direla Bizkaiko metalgintzan. CCOO, LAB eta UGTren arabera, %85eko erantzuna izan du gaurko greba deialdiak.

Iñaki Zabaleta, Saioa Urriz eta Imanol Pascual, atzo. ©ELA SINDIKATUA

ELAk salatu du Nafarroako aurrekontuak «legealdiko okerrenak» izango direla

Joxerra Senar

Europako funtsak kenduta, 2023ko aurrekontuak %1,6 baizik ez dira igoko, BPGaren eta KPIaren «oso azpitik». EH Bilduk aurrekontuak «apaindu» izana kritikatu du

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...