LARREPETIT
Rosa Luxemburg egunero
Urtarrila hasten denero itzultzen da Rosa Luxemburg eta Karl Liebknechten erailketen iratxoa: iraultza soziala lantzen ari ziren taldeetako buruak hil zituzten erreforma nahi zutenek. Horregatik da latza Hegats 53an Katixa Agirrek esandakoa urtarrilean irakurtzea: «Ikusten ditudanean klase apaletako pertsonaien filmak, azkenean haien arazoak superbibentziazkoak dira. Eta aldiz, materialki bizitza konponduta daukatenen arazoak bihurri eta konplikatuagoak izan ohi dira. Superbibentziarako borrokan denok izan daitezke berdintsuak, baina materialki ez zaizunean ezer falta, gu guztioi gertatzen zaigun moduan, orduan hasten dira bueltak eta errebueltak, psikologikoki askoz interesgarriagoa egin zait».
Egia da euskal literatura hegemonikoan afera soziala marjinatua dagoela. Baina munduko artean? XX. mendeak eman dituen 3 nobela garrantzitsuenetako 2 (Berlin Alexanderplatz eta Manhattan Transfer) hori dira. Klase apaletako pertsonaiak: presoak, ahulenak, prostitutak, poltsikoetan txanponik ez dutenak, militanteak. Eta klase menperatzaileetako pertsonaiak, baina behetik ikusita.
HBOk ulertu du Belén Gopegi: «Manhattan Transfer-en [...] gauza garrantzitsu bat dago, esatera ausartzen den ahots bat: bizitza batzuek besteak esplikatzen dituzte, sirenek ez dute inoiz gizon edo emakume bakarrarentzat abesten». Edo Beñat Irasuegiri gustatzen zaion Oesterheld-en aipuan esateko: «Heroi baliagarri bakarra, taldean doan heroia da, inoiz ez heroi indibiduala, bakarrik dagoen heroia».
Politikan edo literaturan berdin. Zola Brecht Akhmatova Izagirre Bergoltz. Beraz, Twitterren hainbestetan irakurtzen den Malcolm Xren esaldi hura parafraseatuz: «Ez badituzue neurriak hartzen literaturaren aurrean zapaltzaileak maitatuko dituzue eta zapalduak gorrotatu».
Rosa Luxemburgen gutunak irakur ditzakegu. Kartzelatik 1917an Sonyichkari idatzitakoa, adibidez: «Sonyichka maitea, guztiaren gainetik egon lasai eta alai. Horrelakoa da bizitza, den bezala hartu, eta izan ausarta, ez izan beldurrik eta irri egin guztiaren gainetik. Eguberri on».
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.