Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

LARREPETIT

Nori barre

Onintza Enbeita -

2017ko martxoak 10

Estereotipoez hitz egiteko eskatu ziguten: erantzuten ari garenean, buruan, estereotipoak izateko. Emisioaren ostean ikusi genuen guk ere iritzi anitzak eta gure baitan kontrajarriak genituela auzoari buruz. Baina programa ikusi zuenak badaki gauza onak ere esaten direla bertan Espainiari eta espainiarrei buruz. Askatasunaz ere mintzo da gurutziltzatu nahi dutenetako bat. Baina horrek orain ez du ardura. Hamar minutuko entresaka bat argitaratu dute sareetan, oso itzulpen eztabaidagarriarekin, eta hori da orain balio duena zenbaiten karrera artistikoa izorratzen saiatzeko. Guk, Europako azken aldeanook, beste batzuk jarri ditugu aldeanotzat, eta hori ez dago ondo, antza. Programaren edukia itzulpenik gabe ulertzeko gai ez diren euskal herritarrek izan dute posiziorik erosoena: ni ez nago euskaldunei buruz egiten den umorearen alde, baina honen alde ere ez. Eta umore terapeutikoaz mintzatu dira.

Argi dago Euskalduna naiz eta zu? ez dela filma. Baina argi dago, umore programa bat izanik, errealitate erreala ere ez dela. Programaren atal guztiak izan dira estereotipoei buruzkoak. Euskaldunon gainean eraikitako estereotipoei buruzkoak, hain zuzen. Programa polemiko horretan, euskaldun estereotipatuarentzat espainiar estereotipatua zer den esanez ari da jendea. Lehen Patxi, las Nekanes, aibalaostiapues edo nork moztu dizu kopeta entzunda barrez lehertu zirenak mindu egin dira. Eta eskubide guztia dute mintzeko, baina min horrek besteon mina ulertzeko balio behar luke. Ez da horrelakorik gertatu, ordea: geure buruari barre egiten ez dakigula leporatuta gutaz barre egin dutenak, mindu egin dira beraiei barre egin diegula iruditu zaielako. Eta berriro ere argi gelditu da kultura hegemonikoa dela nori eta nola barre egin erabakitzen duena, betiere, kultura zapalduaren kaltetan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.