Kattalin Miner.
LARREPETIT

Normalitatea

2015eko urriaren 9a
00:00
Entzun
Bi egunetan bi emakume erailtzen dituztenean, batzuei agian barrenak uzkurtzen zaizkie, beste batzuei gorrotoa borborka odoleratu, eta nago gehiengoari normalizatutako hasperen bat besterik ez zaiola ateratzen.

Asteazkena halako eguna izan zen. Protokoloak agindu bezala, emakume bat erailtzen dutenerako gordea dugun pankarta hartu (irakurri bedi bi alditan aurreko esaldia) eta elkarretaratzea egin genuen. Azken urteetan egin den lez, betiko lekuan, betiko orduan. Eta azken urteetan egindako lanketa feminista baten ondorioz, gero eta eragile sozial eta norbanako gehiago.

Biolentziaren ajeak eramaten gaitu hiri eta herriko plazak hartzera, biolentzia hori ere gure militantziaren parte normalizatua izateko puntuan dagoelarik.

Horretan ari ginela, ikusi nituen bi ertzain, atzetik beste bi, eta ondoren beste lau, kalean barrena ibilera normalizatuan pasieran. Hau da, Cabacasen auziaz geroztik darabiltzaten arma horiek besoetan batzuk, eskuak gerrikoari eutsiz beste batzuk. Inork ez genuen ulertu zer demontre pasa zitekeen halako kuadrilla aurrera eta atzera besterik gabe ibiltzeko, baina ez ginen inor askorik asaldatu, hau bera ere, normalitatearen parte bilakatzea lortu baitute nolabait.

Pentsatu nuen alde batean zein bestean biolentzia zela ageri, guk biolentziaren aurkako arma bakarra pankarta bat dugularik, besteak biolentziarik eza bermatuko duten pistolak gerrian.

Elkarretaratzea amaituz bat inguratu ziren haietako bi, baimenik ote genuen galdezka. Barkatzeko baina, baimenik ezean, mozal lege berriak behartu egiten dituztela halakoetan esku hartzera.

Zigarro bat piztu eta urrundu egin nintzen elkarrizketatik. «Konponduko dira». Atzera begiratuz bat, ordea, normalitatea agertu zitzaidan begi parean: eraildako bi emakume, hamarnaka manifestari, eta hortzetaraino armatutako polizia. Ezer arrarorik ez Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.