Onintza Enbeita.
LARREPETIT

Errautsak

2016ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Badirudi Eliza katolikoak ez duela nahi bere jarraitzaileen errautsak edonora botatzerik. Erreportaje zabala eman zuten telebistan gaiari buruz. Apaiz bat agertu zen esanez gorpuek leku sakratuetan deskantsatu behar dutela, eta berak meza eman ohi duen elizan horretarako prestatutako lekua badagoela azaldu zuen. Takilla moduko bat erakutsi zuen. Pentsatzen dut izen bakoitzari dagokion atearen barruan egongo direla poto batean gordeta bizi zela izen hori izan zuenaren errautsak. Ez naute asko arduratzen abadearen esanek edo nitxo horien prezioak. Nire bihotzak taupa-taupa egiteari uzten dionean, nire 90 kilo haragi erraustea gura dut. Eta erraustu eta gero, bizi naizen etxearen aurreko zelaian botatzea. Eta zin dagit, hemen uzten ditudanek hori egiten ez badute, amets gaiztoetan azalduko natzaiela. Eta badakit, gure herriko elizako takillero batean sartzen banaute, abadearen ametsak ere izorratu egingo ditudala. Elizak nahi duena esan dezake, baina ez dut nik sentitzen haren esana betetzeko derrigorrik. Ez baitut harengan sinesten.

Ulertzen ditut Jaungoiko bat eta bakarrean sinesten dutenak; eta ondo iruditzen zait, nahi badute, Aita Santu bat eta bakarraren hitzen arabera bizi daitezen. Eskubide guztia daukate.

Ordea, ez dut ulertzen, Elizak zerbait esaten duen bakoitzean komunikabideetan hartzen duen lekua. Bere hierarkian ondo kokatuta dituen apaizek edo fraideek umeak bortxatu dituztenean, Eliza katolikoak ez du onartu errudunak beste guztiok epaitzen gaituzten epaitegietan epaitzerik; ba omen ditu berak bereak. Baina beste guztiok ordaintzen ditugun komunikabideek Eliza katoliko horren iritzia legea balitz bezala plazaratzen dute. Ez baitago gure errautsak itsasoan edo mendian botatzea ukatzen duen legerik. Esan dezala Vatikanoak nahi duena, eta egin diezaiola men, hala egin nahi dionak. Besteoi bost.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.