Onintza Enbeita.
LARREPETIT

Fidel

2016ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Ez dakit noiz iritsi zen Kubatik Euskal Herrira, ezta zerk ekarri zuen ere. Nik dakidana da denda bat daukala Gernikan, oso atsegina dela, eta bere herriaz oso harro dagoela. Aste honetan triste dago. Ez dut jakin zer esan diezaiokedan. «Laurogeita hamar urte, urte asko dira», esan diot edozein lagunen aitonaz edo amonaz ariko banintz bezala. Etxetik urrun harrapatu du berriak, eta nahiko luke, normala denez, halako momentu batean etxean, etxekoekin, maite dituenekin egon. «Asteburu guztia negarrez pasatu dut», aitortu dit. Halako batean, zentzuzko zerbait esateko ahalegina egin dut: «Aldi bat amaitu da Kubarentzat eta munduarentzat». Ezer ez esateko esaldi potoloegia aukeratu dudala pentsatu dut, baina baietz esan dit: «Horixe da kontua! Munduan eskuina da nagusi, baloreak galtzen ari gara, jendea etsita dago, eta justu orain, Fidel hil egin da». Denda zapaldu nuen lehen egunetik daki Fidel zenbat maite dudan, eta inork baino hobeto frogatu du ez naizela komunista eguneroko praktiketan. «Ni kontsumista naiz komunista baino gehiago», esaten diot, eta barre egiten du. Aste honetan, ordea, ez dugu barrerik ere egin. «Beltza naiz», esan dit. «Gure amak halaxe esaten du, Onintza:beltza naiz eta hiru alaba lizentziatu zaizkit unibertsitatean. Hori Fidelekin bakarrik izan da posible». Beltzak, emakumeak eta lizentziatuak. Munduko herri gutxitan izango da hiru titulu horiek batean biltzen dituen jendea, baina Kuban badira batzuk. Liburu bat atera du mostradore atzetik, eta irakurtzeko esan dit: «Kubatik ekarri nuen. Hemen liburuak oso garestiak dira». Besarkatu egin dut, muxuak eman dizkiot. Kubatarra da bera: beltza, emakumea, lizentziatua eta ahaldundua. Eta iraultzaren osteko Kuban jaio zelako izan zaio posible hori guztia. Guk badakigu hemen, lehen munduan, ustez jendea askatasunez lepo bizi den ozeanoaren alde honetan, hori ez dela beti posible.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.