Eneko Gorri.
LARREPETIT

Hiperzuzentasunaz

2015eko irailaren 16a
00:00
Entzun
Euskara ama hizkuntza duen lagun on-on batek, frantsesez hitz egitean, femeninoa eta maskulinoa nahasten ditu. Publikoki gertatzen zaion aldi oro, irriz hasi eta imitatzen hasten gira. Nago lagun arteko trufa adeitsua izan daitekeen horrek beste zerbait gordetzen ez ote duen.

Frantsesa hizkuntza konplexua da. Munduko 6.500 hizkuntzei konparatuta, gehiago edo gutxiago den ez dakit. Eta ez da hori galdera. Logikaz kanpoko ortografia arautua eta hizkera mailakatua izateak berezitasun bat ematen diola uste dut. Hizkera mailakatua... Kolegioan, frantses literatura lantzen hasi ginelarik, hiru erregistro desberdintzen ikasi genuen: lagunartekoa (familier), usaiakoa (courant), jasoa (soutenu). Argotikoa (populaire) eta gorena (sublime) ere existitzen dira, aski ez balitz bezala, hierarkia ozka batez azkartzeko. Funtsean, hizkerak/eleak sailkatzea ariketa zientifikoa baldin bada, zergatik ez?! Salbu horrek hiztunen bereizketa soziala dakarrela. Hori da grina.

Eliteek mespretxatzen dute hiri inguruetako auzoetako gazteen hizkera, gurasoek mesfidantzaz ikusten beren nerabeena, eta hiritarrek burlaz laborariena. Segolène Royale lehendakarigaiak, Txinako harresian egindako elkarrizketa batean izenondo bat gaizki deklinatzeagatik, burla biltzen segitzen du... 2007. urteaz geroztik (ingurune matxista batean emazte izateak dakarren anplifikazioarekin, erran gabe doa). Hori guzia atzerriko hizkuntzen irakaspen eta praktikan txar-txarra den herri batean gertatzen da, oroz gainetik.

Hizkuntzek funtzio desberdinak betetzen dituzte. Horien artean, garrantzitsuena, lur huntako biztanleak harremanetan ematen gaituena, garen herritarrak batzen gaituena eta elkar aditzea ahalbidetzen duena, funtzio komunikatiboa da. Bereizi baino gehiago, hizkuntza batek batzen gaituelako.

Gurera ekarrita, «euskaldun berri» eta «hizkuntzaren hiper-zuzentasun» kontzeptuei buruz galdekatzera narama. Galdera asko... gaurkoan erantzunik ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.