Manex Agirre.
LARREPETIT

Inork

2017ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Zer ez diogu egotzi, itsatsi, esleitu, euskarari, gure tradizio deskriptiboan. Polita, berezia, altxorra, altxor gurea; birusa, txoria, iratxoa; garbia, kutsatua, gehiago zikindu beharrekoa; zaharra, mendetan iraun duena, harrigarriki bizirik dagoena; superboterea, materia ahalduntzailea; ez indoeuroparra, berezia, bitxia; gutxitua, zapaldua, menostua;aberatsa, noranahikoa, modernoa; seduzitzailea, erakargarria, produktu salgarria; estrategikoa, etorkizun-emailea, bizi-arnasa, mundu-ikuskera.

Hitz multzo arautu bat besterik ez, eta ze pisu eman diogun. Eta, zoritxarrez, gehienetan,adjektibazio —eta ezaugarritze— lanak auto-justifikaziorako eta eman behar ez genituen esplikazioak emateko bakarrik balio izan digu. Nik ere hortik edan dut, hori naiz, baina asko kostata, arrazoiari ematen diot bidea eta lehentasuna: hizkuntza bat da, besterik ez, nire hizkuntza, eta nirea izan arren nire jabetzakoa ez dena. Afektiboa, sentimenduzkoa, biszerala da euskararekiko dudan harremana? Zaila da ezetz esatea, baina ez. Bizitzeko ezinbesteko dudan tresna bat da. Nire pentsamenduei forma ematen die. Lanbide eta langai dut. Sormenerako erreminta. «Maite dut euskara» esatea «maite dut musika» esatearen parekoa da. Ez du ezer esan nahi.

Gero iristen da furgoneta, bi urtean behin, eta musika, eta egur puska hori, eta azala pinportaz betetzen zait, eta barrua nahasi, hasten bainaiz pentsatzen «itxaron, nire hizkuntzagatik ari naiz honela jartzen? Euskarak hunkitu egiten nau?». Bada, ez. Ez da horrela, ez da hitz multzo arautu bat asaldatzen nauena, ez: jendea da, bai, jendea, jendearen aurpegiak, keinuak, jantzita daramatzaten petoak, ideia bat(zuk) bere egin, korrika hasi, eta gauzak aldatzeko gogoa duen jende hori (ez jende guztia, baina ez naiz aukeratzen hasiko); nire jendea, baina nire jabetzakoa ez dena. Ezerk baino, inork hunkitzen nau ni.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.