Manex Agirre.
LARREPETIT

Histerikoak

2017ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Afari baten bueltan atera zen gaia. Soriako Noviercas herri txikian 20.000 esne-behi gizenduko dituen behitegien general motors-a martxan jartzeko asmo irmoa du Valle de Odieta kooperatiba nafarrak. Hemen idazten ari den honek ez zekien ezer, gajoa bera. Gero, bila hasi, eta EHNEko kideen iritziak bateko, eta hainbat hedabidetako erreportajeak besteko, notiziak oihartzuna izan duela ikusi dut.

Lanean informazio-gailu elektroniko bat dut, denbora gehienean, pare-parean, eta lanean ez nagoenean, beste txikiago bat ere bai; pantaila leiho, beraz. Une honetan, informazio-jasotzaile gisa, sare sozialak ditut, oro har, iturri nagusi. Eta, norainoko inozoa ni, jakin beharreko guztia eskura dudala pentsatzen dut. Gero, Noviercasekoa bezalako kontuak beste testuinguru batean jakin, eta harritu egiten naiz, «iritsi» ez zaidalako. Sareak guk diseinatzen ditugu, eta guk aukeratzen dugu zer jakin nahi dugun; hobe gure buruari maiztasun finkoz gogoratzea.

Nola ez zuen ba oihartzuna izango, esan zidaten mahaikideek. Non bizi zara? Ez pantailakotik, baizik eta zure gelako leihotik begiratu, eta behiak ikusiko dituzu belardian bazkan. Paraje ederra. Bada, Soria gertu dago, oso gertu, eta gertuago egongo da milaka behi muu-ka pilatzen dituztenean bertako herri txiki batean. Gertuegi egongo da, hasi beharko baituzu zure leihotik ikusten dituzun behiez despeditzen: agur esne-behidun ekoizle txikiei, baserritar hitzari oraindik esanahia ematen dioten jende handi horrek beste esanahi batzuk bilatu beharko ditu.Eta, itxaron, ez hori bakarrik: lanetik bueltan ederki gozatzen dituzu begiak berdetan, ezta? Ba ea zer gertatzen den behirik ez dagoenean, belardi horiekin. Ardiak? Asko beharko dira...

Histeriko batzuk zarete, esan nien, eta zoaz zure mugikorrean nahi duzuna begiratzera, erantzun zidaten. Popatik hartzera bidaltzeko modu berri bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.