Albistea entzun

LARREPETIT

Amnesikoentzako hizkuntza

Iñigo Aranbarri -

2015eko abenduak 27

Hizkuntzak pentsatu gabe erabiltzeko dira, eromena litzateke bestela mintzo-lana. Ez da esaldi txarra, eta txarragoa ez egia berdaderoa balitz, baina buruak bere lana ere egiten du tartean behin, eta hor komediak. Eta halako batean zertan gabiltzan pentsatuta doakigu hiztegia moldatzen, hala doa hizkuntza doitzen, gaur eta hemen, gure mundua norberaren ideologiaren arabera azaltzeko.

Hori baita hitzena, uneoroko hautu ideologikoa. Tantaka doana mudatzen batzuetan; nola ez dakigula olioa bezala zabaltzen dena gizarteko esparru guztietan bestetan. Eta horrexegatik, konparazio batera, mantxurrianoa, kaxeroa, marikoia aukeratzeak arrazaren, klase sozialaren, sexu hautuaren araberako mundua erakustea da, inguru gertu eta urruna azaltzeko modu bat, nor bere hierarkiekin eta bazterketa formulekin. Hitz egitea jendartea eraikitzeko era da.

Jonan Fernandezen bulegoak erakutsi digu ondo aste honetan zertan den hitzen auzia: «Legez kanpoko kontraterrorismoa» deitu dio hamarkadetan polizia indarrek eragindako biktimak nolabait ere errekonozitzeko saioari. Hau da, «terrorismoaren kontrako» burrukan zebiltzalako «gertatu direla gehiegikeriak», eta beraz, esan gabe esaten biktimak terrorista izan zirela eurek jakin gabe ere, eta terrorismorik gabe ez litzatekeela matonismo polizialik. «Legez kanpoko» horrek, berriz, txistea dirudi legearen indar armatuez ari garela. Hori dute eufemismoek, nabarmena dutela herrena.

Eta horrexegatik uste dut «legez kanpoko kontraterrorismoa» milaka lagunen memoriari egindako irain larria dela, eta hautu ideologikoa den neurrian arrunt zabarra. Finago behar luke ibili bere burua komunitateko zubigiletzat duen administrazioak. Hautatu diren hitzekin zaila da estatu terrorismoaren zilegitasun inpliziturik ez ikustea definizioan. Minak ez du horrelako irainik merezi.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Egin BERRIAlaguna

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Egin BERRIAlaguna