Danele Sarriugarte.
LARREPETIT

Makuluak

2015eko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Mudatu genuen egutegia, eta baita atzean laga ere solstizioa, kurtso-hasiera aldapatsutik bizkarrean genekarren urtaroa behingoz gainetik kendu, madarikatua, oro soiltzearen sasoia; kide askori udazkenak eragiten die animoetan bortitzen, txarrera, noski: seko jo, xixko utzi.

Mudatu, atzean laga, gainetik kendu, eta azkenean ere iritsi ziren lehen hotzak, oro kexu ahoan, baina orokorrean pozarren eginda abegia, urri-azaro epelegien ajeak ordaintzera bailetozen abenduko izotzak, edo, are ahaztuaraztera, baliogabetzera ezbairik gabe ero dabilgun klima; horrela funtzionatuko balu bezala, batak bestea orekatuko balu bezala, ezabatuko.

Eta baietz, lehen hotzak eta egutegi berria eta bazen garaia negua, baina ikur ikusgarriagoak behar dira sarri eta ez guk geuk asmatutako mugarriak joan badoan denbora koadratuki egokitzeko gure pentsatzeko moldera, edo hobeto neurtzeko zenbateraino garen produktiboak, edo sendoago eusteko kontrol-sentipenari. Horrelaxe galdatu dugu ikusgarrietan ikusgarriena, mantsoa, motela, mara-mara datozen malutak.

Eta, gero, zer eskatzen diogun elurrari berari, hori ere bai baita zerbait; izan ere, hiri handi hartan genbiltzanean, zoriaren zoriz ibili ere hiri erraldoi hartan ekaitzak aireportu guztiak itxiarazi baino bi ordu lehenago hartu genuen-eta lur, hasieran ederretsi genuen estalki zuria baina berandu baino lehen higuindu gintuen, zikin zegoelako kale-kantoietan pilatuta semaforo-posteen oinarriak trinkotzen, zaila zelako estoldetako uretatik bereizten, gune batetik aurrera, zerutik hain lirainki eroritako hura. Esan genuen, oroitzen dut, hobeto legokeela mendian.

Elurra behar dugu, estaltzeko, elur garbia, zertarako eta oro estaltzeko, egiteko gai izan ez garen guztia, egin nahi izan ez genukeena, gure egun koldarrak, gure egun zekenak, gure egun geurekoienak; gure gloriarik ezaren kondarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.