Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Ekonomia Eta orain, langabezia saria

Publizitatea

Ekonomia

Eta orain, langabezia saria

Saririk jasotzen ez duten sektore batzuei ere zabaltzeko negoziazioak abiatu ditu Macronek
Emmanuel Macron eta Phillippe Martinez CGTko idazkari nagusia, atzo, Eliseo jauregian.
Argazkia: PASCAL ROSSIGNOL / EFE

2017-10-13 / Iker Aranburu

Enpresen eta aberatsen alde ez ezik, herritar xeheentzat ere gobernatzen duela erakutsi nahi du Emmanuel Macron Frantziako presidenteak. Langabezia saria eman nahi die gaur egun horretarako eskubidea ez dutenei, besteak beste, lana bere kabuz utzitakoei eta langile autonomoei. Eskubideak zabaltzeko neurria den heinean, sindikatuak uzkur dira, batzuei saria ematearren besteei gutxituko zaien beldur baitira.

Macronek berak eman dio hasiera negoziazioari. Eliseon bildu zen atzo sindikatu batzuetako buruekin eta patronaleko ordezkariekin ere. Haien artean zegoen Phillippe Martinez CGT sindikatu komunistako burua, Frantziako Gobernuak indarrean jarri duen lan erreformaren aurkari nagusia. CFDT (sektore pribatuko langileen ordezkaritzaren %30,3 du) eta FO (%17,9) erreformistagoak ez bezala, CGTk (%28,6) uko egin zion lan legea gobernuarekin negoziatzeari, neurri nagusiak jada erabakita zeudelakoan. Oraingoan, baina, elkarrizketarako tarte handiagoa dago: lan legea dekretu bidez onartu zuen Macronek, ez zuelako nahi negoziazio luzeek protesta mugimendua indartzeko aukera ematea. Langabezia sariaren inguruan, ordea, metodo klasikoagoa hautatu du: gizarte eragileekin negoziatuko du, eta, ondoren, lege proiektu bat aurkeztuko, 2018ko udaberrian ziur aski.

Defizit handia du aseguruak

Negoziatzeko denbora gehiago egoteak ez du ziurtatzen testua hitzartua izatea. Printzipioz, inor ez dago Macronenek kanpainan agindu zuenaren aurka: langabezia saria jasotzea lana beren erabakiz utzi dutenei, langile autonomo edo independenteei, eta enplegurik ez dutenei. Arazoa da hori nola ordainduko den. Gaur egun sindikatuek eta patronalak kudeatzen dute langabezia saria, Unedicen bitartez. Eta ohartzen dira zulo handia dagoela: 4.200 milioiko galera izan zuen iaz kutxa horrek, eta jada 30.000 milioiko zorra pilatu du. Defizit hori milaka milioi batzuk handituko litzateke saridunak ugarituz gero. Zenbat ezin da jakin, oraindik, bete beharreko baldintzak ez direlako finkatu (zenbat kotizatu beharko den eskubidea izatea, zenbateko saria izango den, zenbat iraungo duen...).

Batzuentzat dirua ateratzeko besteei kenduko zaien beldur dira sindikatuak. Arriskuen artean ikusten dute saria ez izatea kotizatukoaren araberakoa, baizik eta kopuru berdin bat ezartzea guztientzat, eta zifra hori txikia izatea.

Beste desadostasun bat Unedic kutxaren kudeaketari buruzkoa da, gobernuak esku hartze handiagoa nahi duelako. Gaur egun patronalek eta sindikatuen esku dago.

Langabezia sariaz gain, lanbide heziketa indartzeko sistema bat ere indarrean jarri nahi du Macronek.

Publizitatea

Sortu kontua
Iker Aranburu Iker Aranburu

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak