UPNren X. Kongresua. Txosten politikoa

Betiko izaera, hitz samurragoekin

X. Kongresurako landutako txosten politikoan, UPNk aitortzen du egungo egoeran «ezinbestekoa» dela akordioak lortzea, eta ezkerrera zein eskuinera aliantza egiteko gaitasuna berreskuratu behar duela deritzo.
<em>Todos somos Navarra</em> (Denok gara Nafarroa) da gaur UPNk egingo duen kongresuaren leloa.
Todos somos Navarra (Denok gara Nafarroa) da gaur UPNk egingo duen kongresuaren leloa. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS

Joxerra Senar -

2016ko apirilak 24
Berriro Nafarroako Gobernura itzultzea du helburu nagusi Jose Javier Esparzaren proiektuak. Helburu horretara iristeko, lehenik alderdia bera indartu nahi du. Duela urtebeteko foru hauteskundeetan 92.700 boto eskuratu zituen, lau urte lehenago baino %20 gutxiago. Hori horrela, desmobilizatutako jende multzo horren konfiantza berreskuratzea izan daiteke ardatz nagusia. Haatik, egungo mapa politiko zatikatuan aliantzak ezinbestekoak dira, eta PPren zein PSNren aukerekin jokatzeak dirudi berriro boterera heltzeko biderik errazena.

Bi ardatz horien inguruan, txosten politikoa jorratu du alderdiak X. Kongresuari begira, eta, hain justu, eztabaida horren koordinatzailea Jose Javier Esparza izan da. Bertan, Nafarroa foral eta espainiarraren aldarria egiten du: «Nafarroa maite dugu, den bezalakoa, plurala eta orekatua. Aberats nahi dugu, Espainiaren eta Europaren barruan». Alde horretatik, bi arerio politiko nagusi azaltzen dira: batetik, nazionalismoa, «baztertu, aurka egin eta bakartu egiten duelako», eta bestetik, «joera zentralista eta uniformatzaileak». Ñabardurak ñabardura, hitz samurragoekin UPNren betiko izaera berresten da txosten politikoan.

EUSKARA - EUSKAL IZAERA

Badatoz euskaldunak deiadarrari errentagarritasuna atera izan dio iraganean UPNk. X. Kongresuan, bestelako diskurtso bati keinu egiten dio: «Nafar askoren euskal nortasuna eta kultura errespetatzen ditu, eta berezko gisa aintzat hartzen du». Iraganean, Sanzen garaian ere, antzeko keinuak egin ohi ziren, eta oraingo txostenak berehala zehazten du nola ulertzen den Nafarroaren euskal izaera: «UPNk baztertu egiten du Nafarroa soilik bere osagai euskaldunaren arabera definitzeko ideia, ez baitio erantzuten ez egungo errealitateari eta ez ibilbide historikoari». Hizkuntza eta kulturaren aniztasunaren alde egin ondoren, UPNren arabera, «ezein kasutan ezingo da errealitate askotariko hori zuzendu hezkuntza eta kultura politiken bitartez».

UPNk betidanik harro aldarrikatu du independentismoari eusteko defentsa horma bat dela. Jakina, hala jarraitzeko asmoa du: «Euskadi, Euskal Herria edo Estatu Nafar deitu, euskal estatu independente baten eraikuntzaren aurka dago UPN». Nafarren gehiengo handi baten espainiar identitatea mehatxatzen duela deritzo.

Ildo beretik, nafar guztien bandera, «euskal herritar sentitzen direnena ere bai», Nafarroako bandera dela deritzo, eta haren enblema «Espainiako ezkutuaren koadrantean ageri den hori besterik ez da». Hartara, UPNk txostenean lurraldearen aniztasuna defenditu arren, kanpokotzat jotzen du ikurrina, eta ez du bi ikurrentzat tokirik onartzen: «Zuzenbidearen arabera EAEko ikurra den ikurrina Nafarroaren berezko ikur gisa erakustea litzateke gure bandera gure nortasunaren mehatxu gisa hartzea bezala eta kanpokoa berezkoa balitz bezala».

OPOSIZIOA-GOBERNUA

UPNren erronka nagusia da «Nafarroako gizartea eta erakundeak berriz gidatzea». Helburu horretara iristeko, «oposizio arduratsu eta zentzuzkoa» egiteko gertu azaltzen da alderdia. Alta, era berean, oso hitz gogorrak erabiltzen ditu Nafarroako Gobernuaren aurka. «Nazionalistak eta populistak ezegonkortasun handia eragiten ari dira eta nafar gehienen artean atsekabea eragiten ari dira». UPNren arabera, egungo gobernuan, alderdi bakoitzak bereari eusten dio, eta nafarren interes komunak albo batera uzten dituzte.

UPNren arabera, eurak muturreko jarreretatik urrun daude. «Jabetzen gara egungo giro politikoan identitateen arteko talka dagoela eta etengabeko bataila politiko eta kulturala dagoela. Egoera horretan, errentagarria irudi lezake muturreko joerak hartzeak, baina hor ez gaituzte aurkituko».

FORUAK - AUTOGOBERNUA

Ciudadanosek argi hitz egin du Nafarroako itun ekonomikoaren aurka, eta PSOEko eta PPko agintariek ere pribilegiotzat jo izan dute. Mehatxu horri aipamen zehatzik egin gabe, UPNrentzat azpimarragarriena itun ekonomikoaren eta kontzertu ekonomikoaren arteko diferentziak dira. «Nazionalismoak biak parekatu nahi ditu. Nahiz eta ezaugarri komunak izan zerga politikaren gestioan, bien arteko diferentzia naturalak kontuan hartu behar dira, euskal kontzertuak baimen administratibo hutsa baitira». UPNk nabarmentzen du biek jatorri desberdina izaki Konstituzioak itun ekonomikoa aitortu egiten duela eta kontzertuaren aldean babestuago legokeela. UPNrentzat, beraz, erosoagoa da hatza EAErantz zuzentzea Espainiarantz baino.

ALIANTZAK

Jarrera horrek zerikusi zuzena du etorkizuneko aliantzen politikekin. Izan ere, Ciudadanos, PP eta PSN dira UPNtik gertuen diren alderdiak. Egungo mapa politikoari erreparatuta, izenik aipatu gabe, betiko aliantza politikoari eusteko borondatea adierazten du UPNk, argi utzita egungo egoeran «ezinbestekoa» dela akordioak lortzea. «Aniztasun eta konplexutasun politikoak eskatzen du Nafarroa foral eta espainiarrarekin bat egiten duten alderdiekin akordioak lortzeko ahalmena berreskuratzea». Alderdiaren arabera, «ezkerrera eta eskuinera» akordioak eta aliantzak egiteko gaitasuna izan behar dute. «Beti esan izan dugu norekin gauden prest ituna egiteko eta norekin ez, eta hala egiten jarraituko dugu, modu zintzo eta ageriko batean».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna