Gorria bezain misteriotsua

Ur likidoaren zantzuak topatuta, NASAren arabera horrek froga dezake Marten bizia egon dela. Oraindik, ordea, lan asko dago egiteko gizakiak hara bidaiatu ahal izan dezan.
<em>Mars Pathfinder</em> ibilgailuak ateratako irudia.
Mars Pathfinder ibilgailuak ateratako irudia. NASA

Ainara Arratibel Gascon -

2015eko urriak 9
Gorria dela, Lurraren erdia pisatzen duela, grabitatea azalean herena dela Lurrarekin alderatuz gero, Lurraren antzeko paisaiak dituela, antzeko fenomeno meteorologikoak gertatzen direla... Azkena, ur likidoaren arrastoak dituela. Asko dira Marteren inguruan argitu diren misterioak. Baina azaleko kontuak dira, barruan milaka misterio gordetzen baititu oraindik planeta gorriak. Horiek argitzeko, ezinbestekoa izango da gizakiak hara bidaiatzea. Horretarako, ordea, aurretik gizakiak hara bidaiatzeko baldintzak sortu behar dira, eta horrek misio gehiago eta teknologia hobea eskatzen ditu. Astronomo askok urruti ikusten dute oraindik bidaia. NASAk, ordea, 2030erako jarri du data.

Lurretik gertuen dagoen planeta izanda, askok diote Lurrarekin antzik handiena duen planeta dela. Iruñeko Planetarioko astronomo Fernando Jauregik onartu du badituztela antzekotasunak. «Marten ikusten diren paisaiek antz handia dute Lurrean ikusten ditugunekin. Baina, horretaz aparte, oso desberdinak dira. Martek Lurrak baino zortzi aldiz bolumen txikiagoa du; azaleko grabitatea herena da, eta hango atmosfera oso arina da. Ondorioz, presio atmosferikoa askoz txikiagoa da. Beraz, ezingo ginateke bertan denbora luzez bizi. Baina tarte batez posible litzateke». Planetologiaren ikuspegitik begiratuz gero, Venusek antz handiagoa du. «Arazoa da, Marten ez bezala, Venusen atmosfera trinkoa dela eta, ondorioz, baita presioa ere. Tenperatura 500 gradura irits daiteke. Han bizitzea ezinezkoa da: labe batean egotea bezala litzateke. Are gehiago: euria egiten duenean, ez da ura erortzen, baizik eta azido sulfurikoa. Beraz, bizirik irautea ezinezkoa da».

Bizia posible dela jakinda, Marte beti egon da astronomoen jo puntuan. «Betidanik izan da misterio puntu bat. XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran, Marte planeta aurreratu gisa hartu zen. Garai hartan, uste zuten hemendik milioika urtera horrelakoa izango zela Lurra». Gainera, teleskopioarekin egindako zehaztapen handiko lehen bistaratzean, lerro beltz batzuk ikusten ziren. «Ondorioztatu zuten zibilizazio aurrerakoi batek kanalak sortu zituela ura planetaren poloetatik ekuadorrera eramateko. Lurrean hori pentsaezina zen. Horregatik, misterio eta elezahar ugari sortu ziren zibilizazio horren inguruan. Hango ustezko biztanleei martetar deitu zieten, eta martetarren inbasioaz hitz egiten hasi ziren. Gerora, literatura eta zineman hari horretatik tira egin dute, eta muturrera eraman dute misterioa».

Maria Millet Euroka Zientzia Museoko astronomoaren esanetan, oraindik gauza asko daude argitzeko Marteren inguruan. «Azalaren inguruan gauza asko dakizkigu, baina barrualdeaz, apenas». 1960an hasi ziren lehen misioak, sobietarrek eginak. «Lehen misio haiek zoragarriak ziren, egun baino askoz teknologia atzeratuarekin zundak Martera iristea lortu baitzuten». Haien artean, Vaiking misioak nabarmendu ditu Jauregik. «Bertako arduradunetako bat zen Carl Sagan astronomoa, eta Marten bi espaziontzi pausatu zituzten bi gunetan. Han jarduera biologikoa ote zegoen ikertu zuten. Ez zuten ezer lortu, baina». Handik aurrera, ordea, gero eta espaziontzi eta ibilgailu sofistikatuagoak bidali dituzte hara, galdera bat argitu nahian: Egon al da bizia Marten? «Zenbat eta gehiago ikertu, orduan eta galdera gehiago sortzen dira Marteri buruz. Hori du zientziak».

Bizia egoteko gakoa ura da, eta, horregatik, ikerketa gehienak horretara bideratu dira. Irailaren 29an eman zen jakitera NASAk ur likidoaren zantzuak aurkitu zituela Marten. NASAk Marteren misterioa argitu zela adierazi zuen; Palikir, Hale, Horowitz eta Coprates Chasma kraterretan egin zituzten ikerketak. Lortutako emaitzen arabera, bertan hidratatutako gatza zegoen. Tenperatura oso baxua izan arren, ura ez izoztea ahalbidetzen du gatz horrek. Horrenbestez, bertan ura egongo zela ondorioztatu dute. Hain zuzen ere, ur horrek eragin du, haien arabera, inguru horretako lurrak kolore iluna izatea. Nabarmendu zutenez, ur jario handiena lur azpian pilatuko litzateke, eta zertxobait gutxiago azalean. Halako albisteekin eszeptiko da Jauregi. «Noizean behin errepikatzen da Marteko uraren albistea. Argi dago zantzuak badaudela, baina zantzu horiek bertatik bertara egiaztatu behar dira. Izan ere, froga argigarririk ez dago. Misioak bide horretan doaz, baina horrek ezinbestean ekarri beharko du gizakiak Martera bidaiatzea. Horrek, ordea, kostu handia du, eta, beraz, mahai gainean jarri behar den galdera da merezi ote duen hori egitea». Gizakia Martera joateko beharraz ere mintzatu da Millet. «Argi dago gizakiak hara joan behar duela Marteren barnealdea ezagutzeko. Hark egin behar ditu hori ikusteko zuloak. Izan ere, egungo ibilgailuak ez daude horretarako prestatuak».

Teknologia falta

NASAk 2030ean egin nahi du misio hori. Jauregik urruti ikusten du. «Hori lortzeko asko falta da. Ez dugu teknologia nahikorik joan-etorria egiteko. Joan, beharbada, joan gaitezke. Baina ikertu ostean, itzuli egin behar dugu, eta horretarako baliabiderik ez dago». Kontuan izan behar da Marterako bidaiak zazpi hilabete irauten duela. «Itzultzeko erregaia eraman beharko genuke. Baina gaur egungo espaziontzietan hainbeste erregai ezin da kargatu. Han sortu beharko genuke erregai hori». Hain zuzen ere, egun Martera bidalitako ibilgailuen helburuetako bat han dauden material eta gaiei buruzko informazioa bidaltzea da, horietako baten batekin erregaia lor daitekeen argitzeko. Bestalde, gizakiak oxigenoa behar du arnasa hartzeko, eta Marteko atmosferan ez dago halakorik. «Horretarako, aurrena, ura topatu behar da. Ur horrekin elektrolisia eginez, oxigenoa lortuko genuke. Gainera, aukera izango genuke hortik abiatuta ere erregaia lortzeko. Urruti gaude oraindik, baina bidea egungoa da». Gizakia Martera joateko espaziontzia ere hango baldintzetara egokitu behar dela gogorarazi du Milletek. «Ez bakarrik hara joateko edo han bizirik irauteko, baita bueltarako ere. Izan ere, ez da gauza bera Lurreko orbita batean egonda atmosferara sartzea, edo espaziotik etorrita egitea. Marruskaduragatik, espaziontzia askoz abiadura handiagoan dator espaziotik, eta babes handiagoa behar du. Lurreratzeko paraxutak ere egokitu behar dira». Hurrengo urratsak hori finkatzea izango da.

Millet ziur da, zailtasunak zailtasun, gizakiak Martera bidaiatuko duela. «Ez dakit urte horretan zehazki izango den, baina inguru horretan». Izan ere, argi du egungo misioak hasierakoak baino finduago daudela. «Diru aldetik inbertsio handiak egiten dira, eta horregatik hutsik ez egiten saiatzen dira. Bestalde, egungo teknologia askoz aurreratuago dago, eta huts horiek txikiagoak izatea ahalbidetzen du»

Jauregiren ustez, gainera, gizakia Martera bidaltzeko dagoen ahaleginaren atzean dauden interesek ez dute zerikusirik garai batean gizakia Ilargira bidaltzeko zeuden interesekin. «Lehen halako misioen atzean interes politikoak eta geoestrategikoak zeuden. Orain, ordea, interes teknologiak eta zientifikoak daude». Aldaketa hori positiboa dela uste du. «Nahiz eta ika-mikaren bat geratu oraindik, lehiatik elkarlanera pasa gara ikerketa astronomikoan, eta hori beti da positiboa, baita lan horretan beste herrialde batzuk sartzea ere». Hala, egoki ikusten du Indiaren, Txinaren eta Japoniaren ekarpena. «Freskotasuna, talentua, ilusioa eta bitartekoak eskaini ditzakete, eta proiektu hauentzat hori ezinbestekoa da». Indiaren kasuan, herrialde horretan dagoen pobrezia kontuan hartuta, askok kritikatu dute halako proiektuetan sartu izana. Baina Millet ez dago guztiz ados kritika horiekin. «Diruaren erabilera okerragoa egiten da beste sektore askotan. Izan ere, esparru honetan egiten den inbertsioak aurrerapen teknologiko eta zientifiko ugari ekartzen ditu herrialdeentzat, eta horrek bertako herritarren ongizatean eragingo du». Jauregik argi du, proiektu espazialetan teknologia eta zientzia «muturrera» eramaten direla. «Nik uste dut gerrekin batera, teknologia gehien garatzen den aldiak direla». Dena den, argi du Marten baino Lurrean bertan jarri behar dituela indarrak gizakiak. «Lurra bizitzeko egoki izaten jarraitzea ahalbidetu behar dugu, aldaketa klimatikoak zaildu egin baitu».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna