Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea Iruñeko 0-3 eskolen euskarazko eskaintza, eskariaren azpitik

Publizitatea

Gizartea

Iruñeko 0-3 eskolen euskarazko eskaintza, eskariaren azpitik

 

2017-01-11 / Ion Orzaiz

Desoreka arindu bai, baina ez da desagertu. Iruñeko haur eskola publikoen euskarazko eskaintza bikoiztu egin zuen iaz Iruñeko Udalak, Donibane eta Printzearen Harresi ikastetxeen hizkuntza eredua aldatuta. Ordutik, udalak kudeatzen dituen hamabi haur eskoletatik lau dira euskarazkoak. Ikerketa batek, baina, agerian utzi du aldaketa hori ez dela nahikoa seme-alabak euskaraz matrikulatu nahi dituztenen eskaria betetzeko.

Zehazki, Iruñeko Udalak atzo aurkeztutako inkestaren arabera, familien %38,5ek asmoa zuten haurrak euskarazko ereduan matrikulatzeko, baina %26,6k soilik izan zuten horretarako aukera. «Orain arte egindako aldaketak ez dira nahiko egoera orekatzeko», azaldu zuen atzo Kultura, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kirol Saileko zinegotzi Maider Belokik. Hala ere, EH Bilduko zinegotziak nabarmendu zuen inkestak agerian utzi duela iazko aldaketen «egokitasuna»: «Datuek frogatzen dute bide onean goazela, egindako urratsak positiboak izan direla, eta hasiak garela buelta ematen UPNk 30 urtez ezarritako bazterkeriari eta sektarismoari».

2017ko aurrematrikulazio kanpainari begira, dena den, ez dute hartuko euskarazko eskaintza zabaltzeko neurri gehiago: «Oraingoz ez, behintzat. Iazko aldaketak egonkortzen saiatuko gara, findu beharrekoa fintzen, eta bestelako erronka batzuk ditugu oraintxe: eredu pedagogikoari buruzko barne azterketa, otordu osasungarrien egitasmoa, Haurtzaro eskolaren zaharberritzea...».

Bestalde, haur eskoletako erabiltzaile gehienak (%52,8) «pozik» azaldu dira egungo eskaintzarekin. %25ek bakarrik eman dute hizkuntza ereduen kontrako iritzia, eta %22,3k «tarteko jarrera» erakutsi dute.

PSN, aldaketaren aurka

PSNren udal taldeko bozeramaile Maite Esporrinek aukera baliatu zuen udal haur-eskolen eredu aldaketa berriz ere kritikatzeko. Esporrinen aburuz, «zuhurtziarik gabe» hartutako erabakia izan zen bi eskolatan euskarazko eredua ezartzea: «Familiei eginiko kaltea konponduko duen txostenik edo inkestarik ez dago».

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea