AEBetatik ere eskaera

Otegi askatzeko eta beste euskal presoak etxeratzeko dokumentu bat sinatu dute 29 lagunek.

Chomsky dago izenpetzaileen artean
Joseba Zulaika eta Laura Mintegi, atzo arratsaldean, Donostian, AEBetako atxikimenduak aurkezten.
Joseba Zulaika eta Laura Mintegi, atzo arratsaldean, Donostian, AEBetako atxikimenduak aurkezten. JON URBE / ARGAZKI PRESS

Aimar Esnaola -

2015eko uztailak 16
Arnaldo Otegi askatzeko eta gainerako euskal presoak etxeratzeko kanpainak beste bultzada bat jaso du: AEBetako 29 idazle, aktibista, filosofo eta autoreren atxikimendua jaso du Free Otegi, free them all ekinbideak, atzo Donostiako Aquariumean Joseba Zulaikak eta Laura Mintegik aurkeztutako ekitaldian jakinarazi zutenez. Aurtengo laugarren sostengu txanda izan da, nazioartetik, euskal kulturatik eta Kataluniatik iritsitakoen ostean.

Aurkezleen esanetan, «AEBetan azkeneko 65 urteetako borroka aurrerakoi garrantzitsuenetan» parte hartutakoak dira Otegiren-eta aldeko sinatzaileak. Besteak beste, hauek dira: Noam Chomsky filosofoa, James Petras soziologoa, Alice Walker idazlea, Angela Davis aktibista, William Ramsey Clark AEBetako fiskal nagusi ohia, Cindy Lee Miller Sheehan gerraren aurkako ekintzailea, Simona Sharoni ekintzaile feminista eta Mike Farrel aktorea.

Zulaikak esan zuenez, «oraingo eraldaketa politikorako», Otegik-eta kalean behar dute, eta uste du AEBetako atxikimenduek ere erakusten dutela nazioarteak babes bat ematen diola prozesu horri. Mintegik adierazi zuen gaurko espetxe politika ez dela «iraganaren hondar bat», baizik eta «gerorako estrategia bat, estatuak presoak behar dituelako kontakizun baterako». EAJk egoera aldatzeko gehiago egin beharko lukeela esan zuen Mintegik.

Donostiako ekitaldian izan ziren Otegiren emazte Julia Arregi; Sortuko kide Hasier Arraiz, Rufi Etxeberria eta Pernando Barrena; eta Donostiako alkate ohi Juan Karlos Izagirre (Bildu).

Ekinbidea, martxotik

Free Otegi, free them all ekinbidea joan den martxoan aurkeztu zen, Bruselan, Europako Parlamentuan. Friendship taldeak sustaturik, bertako kide Martina Andersonek, Brian Currin bitartekariak eta Fermin Muguruza musikariak plazaratu zuten dokumentua. «Bakearen eta demokraziaren alde arriskatzen jakin zuen gizona berehala askatzeko» eskatu zuten, baita euskal presoen sakabanaketa amaitzeko ere. Nazioartean izen bat duten 24 lagunek sinatu zuten agiria: Pepe Mugica Uruguaiko presidente ohiak, Slavoj Zizek filosofoak, Leyla Zana giza eskubideen ekintzaileak, Tariq Ali idazleak, edota Desmond Tutu, Mairead Maguire eta Adolfo Perez Esquivel Bakearen Nobel saridunek.

Maiatzean, 24 euskal kulturgilek erakutsi zuten atxikimendua, «gizatasunagatik eta justiziagatik» Otegi askatzeko eta gainerako presoak etxeratzeko eskatzeko. Anari, Lorea Agirre, Bernardo Atxaga, Kirmen Uribe, Harkaitz Cano, Maialen Lujanbio eta Joseba Sarrionandiak sinatu zuten, adibidez. Ondoren Kataluniako politika eta kultura munduko hainbat pertsona ezagunen sostengua heldu zen, ekainean: Lluis Llach, Montserrat Carulla, Carles Riera, Vicent Partal, Joan Tarda edota David Fernandezena.

Bateragune auziagatik dute Otegi preso, 2009ko urritik. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak auziko bost kideen zigorra berretsi zuen orain dela urtebete. Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez eta Miren Zabaleta aurtengo urriaren 11n geldituko dira aske. Otegi, datorren urteko apirilean, eta Rafa Diez, handik ia hamazazpi hilabetera.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna