Marten olatutzarrek utzitako bizi aztarnak

Iraganean planeta gorrian ozeanoak izan zirelako erabateko froga lirateke bi tsunami, adituen ustez. Azken aurkikuntza horrek zabaldu egin du Marten duela milioika urte bizia garatu izanaren aukera.
<em>Curiosity</em> gailua Marten; planeta gorriko arroka baten gainean ageri da irudian.
Curiosity gailua Marten; planeta gorriko arroka baten gainean ageri da irudian. NASA / EFE

Juanma Gallego -

2016ko maiatzak 22
Duela 3.000 milioi urte inguru, bi meteorito Marteren ipar hemisferioan zegoen ozeano zabalean erori ziren. Talka horien ondorioz sortutako tsunamiek 120 metro garai ziren olatuak eragin zituzten, eta Marteko paisaia eraldatu zuten. Orain, bereizmen handiko irudien analisiei esker, bi talka horien ondorioak atzeman dituzte ikertzaileek.

Marteko ipar hemisferioan dauden lautadetan erori ziren harritzarrak, Circum-Chryse eta Arabia Terra deritzen lurraldeetan, nazioarteko zientzialari talde batek Scientific Reports aldizkarian ostegunean argitaratutako ikerketaren arabera.

Bi inpaktu horien artean dozenaka milioi urte igaro zirela kalkulatu dute ikertzaileek. Meteoritoek 30 kilometroko kraterrak sortu zituzten itsas hondoan, eta talkaren ondorioz jaiotako olatu erraldoiek ehunka kilometroz sartu ziren lur lehorrean.

Zientzialariek aspalditik susmatu dute noizbait Marten ozeanoak izan zirela, baina orain arte horren froga garbirik ez zegoen. Azken ikerketa horrek, berriz, ozeanoen hipotesi horri behin betirako bultzada eman dio. Hala uste du ikerketan parte hartu duen Alberto Gonzalez Fairen astrobiologoak. «Aurkikuntza hau milioika urteetan zehar Marten ozeano zabal eta egonkorrak izan zirelako behin betiko froga da», nabarmendu du Madrilgo CAB Astrobiologia Zentroan lan egiten duen adituak.

Ikerketan «posible» hitza behin baino gehiagotan azaltzen bada ere, Fairenek irmoki defendatu ditu aurkeztutako ondorioak: «Ehuneko ehun ziur gaude gertaera horretaz. Gure artikuluan beste azalpen batzuk eztabaidatzen dira, eta zehazten da azalpen posible horiek ez datozela bat behatu dugunarekin».

Marraztutako ubideak

Bi tsunamiek ozeanoaren kosta lerroa aldarazi zuten. Zientzialariek 1980ko hamarkadatik ezagutzen dituzte egitura horiek; baina azken urteetan planeta inguratzen duten zundek lortutako bereizmen handiko irudiei esker, posible izan da lerro horietan anomaliak bilatzea. Irudi eta datu ezberdinak elkartuz lortu dute informazioa, besteak beste, altimetroa, argi ikuskorra eta argi infragorria baliatuz.

Gakoetako bat kosta lerroetan olatu erraldoiek marraztutako lobuluak izan dira. Lehen tsunamiak kurba itxurako estruktura horiek eragin zituen. Itsasora bueltatzean ere urak hainbat ubide marraztu zituzten Marteko paisaian. Olatu horien indarra hain handia izan zen, ezen 10 metroko diametrodun harriak mugiarazi zituzten. Ondoren, Marte klima aldaketa globala izan zen, eta tenperaturek behera jo zuten. Bigarren meteoritoak planeta jo zuenean, ondorengo tsunamiak bestelako lobuluak marraztu zituen, uraz gain izotza ere tartean zelako. Kontraolaturik ez zuen sortu bigarren tsunamiak: kostaldera ailegatzean, ur hori izoztu egin zen, eta ez zen ozeanora bueltatu.

«Tsunamiak sortutako sedimentuen itxura oso ondo kontserbatu da, eta baliteke haren jatorrizko osagaien zati bat ere babestuta mantentzea», azaldu du Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Mario Zarroca geologoak. Olatuen hidrodinamika ikertu du Zarrocak, eta egiaztatu du uholdeek utzitako aztarnak garai horretan Marten ziren baldintzekin bateragarriak direla.

Eremu horietan izoztutako gesalak topatzearen esperantza agertu du adituak. «Antzinako ozeanoaren ezaugarri kimikoen berri emango liguke horrek». Bertako laginak eskuratzea izango litzateke hurrengo helburua, baina hori ez da batere erraza izango. «Teorian egokiena bertara zunda bat eramatea izango litzateke, eremu hori hobeto ikertu ahal izateko, baina hori ez dago gure esku», aitortu du Zarrocak. «Hala ere, guk irudiak aztertzen jarraituko dugu, orain eskura ditugun bereizmen handiko irudiek horretarako aukera ederra ematen dutelako». Lantaldea antzinako lakuen aztarnak aurkitzen ere saiatuko da, eta, astrobiologian egin ohi den moduan, Lurrean bertan parekotasunak bilatuko dituzte: Tibeteko mendietako lakuetan, besteak beste.

«Antzina Marten bizia egotekotan, garai horretan garatuko zen seguruenera, eta halako eremuetan bilatu behar ditugu horren zantzuak. Konplikatua da, baina ikertu ditugun horiek garai eta toki egokienak dira horretarako», esan du Zarrocak. Fairenek ere argi dauka biziaren aztarnak topatzea dela azken xedea. «Ez dakit noizbait gai izango garen aspaldiko biziaren zantzuak aurkitzeko, baina argi daukat bilaketa horretan jarraituko dugula, harri bakoitzaren azpian begiratu behar badugu ere».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna