Abian da asteroideak ustiatzeko lehia

Barack Obama presidenteak berriki izenpetu du AEB Amerikako Estatu Batuetako herritarrei asteroideen ustiaketa ekonomikoan parte hartzea onartzen dien legea. Enpresa askok txalotu egin dute erabakia.
Itokawa asteroidea, Japoniako Hayabusa misioaren jomuga.
Itokawa asteroidea, Japoniako Hayabusa misioaren jomuga. EFE

Juanma Gallego -

2015eko abenduak 13
Azaroaren 25ean albistea jakin bezain laster, Planetary Resources enpresak Obamaren ekintza «txalotu» zuen prentsa ohar batean. Sona handiko ekintzaileak daude 2011n asteroideen errekurtsoak eskuratzeko asmoarekin espresuki jaiotako enpresa horren atzean: Googleren sortzaile Larry Page, James Cameron zinemagilea eta Microsoft Office software ezagunaren sortzaile Charles Simonyi, besteak beste. Baina ez da lehia horretan dagoen bakarra: Deep Space Industries enpresak ere helburu bera du.

Lurrean urriak diren zenbait baliabide barra-barra egon litezke asteroideetan. «Burdina, nikela eta halako metal arruntak daudela uste da, baita metal preziatuak ere, hala nola urrea, zilarra eta platinoa», azaldu du EHU Euskal Herriko Unibertsitateko astronomo Santiago Perez-Hoyosek. «Kalkulatzen da 50.000 milioi dolarreko balioa duen platinoa egon daitekeela 30 metro diametroko asteroide batean».

Asteroideetan meatzaritza egitea ez omen da, ordea, enpresa horiek bilatzen duten negozio bakarra. Espazioaren esploraziorako funtsezkoa izango den erregaia espazioan bertan ekoiztea beste helburuetako bat da. «Ura, oxigenoa, amoniakoa edota nitrogenoa izan ditzakete barruan», argitu du adituak. Zertarako ekoiztu espazioan, ordea? Oso garestia da Lurraren grabitatetik ihes egitea eta zamak espaziora eramatea, eta erregaiaren zama arinduz gero, kostuak asko gutxituko lirateke.

Epe ertainerako apustua

Dirutza behar du horrelako egitasmo batek, eta, horregatik, nolabaiteko zuzenbidearen babesa eskuratu nahi izan dute onartu den legearekin. Hala ere, eta ustiaketa hori bideragarria izan baliteke ere, arazoak badira: «Muga tekniko handiak daude. Zailtasun nagusiak ekonomikoak dira, hasieran inbertsio erraldoia egin behar baita. Epe luzean baino ez du emaitzarik izango inbertitutako dirutza horrek».

«Ikusteko dago ea asteroideen ustiaketaren alorrean ari diren enpresak gai izango ote diren beharrezkoa den denboran haien ikerketak mantentzeko», gaineratu du Perez-Hoyosek. «Epe laburrean ez da lortuko, baina bai epe ertainean. Data kalkulatzea zaila bada ere, baliteke mendearen erdialderako asteroideen ustiaketa praktika arrunta izatea».

Izatez, eta era xumeagoan izan bada ere, bide hori eginda dago aurretik ere, Madrilgo Karlos III.a Unibertsitateko ingeniari Manuel Sanjurjo Rivok nabarmendu duenez. «Gaur eskura dugun teknologiaren ikuspegitik errealista da asteroide batera heldu eta bertako materiala jasotzea. Japoniako Hayabusa misioa dugu horren adibide: Itokawa asteroidetik laginak hartu eta Lurrera ekarri zituen». Zunda horrek zenbait gramoko lagina baino ez zuen ekarri, ordea. «Material hori oso arraroa eta garestia izango balitz ere, misioaren kostua material horren prezioagatik zatituz gero, ateratzen den kostua eramanezina da», nabarmendu du.

Horregatik, adituaren ustez, horrelako proiektu bat bideragarria izateko gutxitu behar da «ezinbestean satelite bat orbitan jartzeko ordaindu behar den prezioa». Atmosferan berriro sartzeko erabilitako teknologia ere hobetu behar dela pentsatzen du. «Beste erronka teknologikoa espaziontzien tamainari dagokiena da. Izan ere, oso handiak beharko lukete izan negozio bideragarria izateko», gaineratu du.

AEBetan onartutako legeak 1967an kanpo espazioari buruz itundutako hitzarmenarekin kontraesana ekar dezake, Sanjurjoren arabera. Nazioarteko hitzarmen horrek espazioaren esplorazioa eta erabilera herrialde guztien onuran eta interesean izan behar dela dio. «Lege arazoaz gain, neurriak espazioko gorputzen erabilerari buruzko eztabaida etikoa piztu du», ohartarazi du.

Zalantza etikoak

Sanjurjorekin bat dator Santiago Perez-Hoyos. «Legearen ikuspuntutik zaila da zilegi ote den esatea. Zalantza asko daude AEBetan onartu berri duten legea nazioarteko hitzarmenekin bateragarri ote den esateko, baina kontuan izan behar da hitzarmen horiek ez direla derrigorrez bete behar», azaldu du.

«Etikari begira, gure planeta txikitu dugun moduan eguzki sistemako beste gorputzak txikitzeko eskubidea ote dugun galdetu behar diogu geure buruari», itaundu du Perez-Hoyosek. «Azkenean egiten bada, aztertu beharko genuke aberastasun horiek nola banatuko diren teknologikoki garapen bidean diren herrialdeen eta garatuta daudenen artean».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna