Albistea entzun

Arrauna. Kontxako Bandera

Beste kapitulu bat gehiago

Kaiku, Urdaibai, Hondarribia, Orio, Cabo da Cruz, Portugalete eta San Juan sailkatu dira Kontxako bandera jokatzeko.

San Miguel ligako lehen seiek eta Urdaibaik lortu dute saria
Kaikuren trainerua, atzo, ziabogako lanean; hirugarren denborarik onena egin zuten bizkaitarrek lehen luzean, eta egurrean egin zuten barrurako luzea.
Kaikuren trainerua, atzo, ziabogako lanean; hirugarren denborarik onena egin zuten bizkaitarrek lehen luzean, eta egurrean egin zuten barrurako luzea. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Aitor Manterola -

2014ko irailak 5

Ekainaren amaiera aldera hasi zen arraun mundua traineru denboraldiko aurtengo liburua idazten. Burutu dituzte hainbat kapitulu, ia denak San Miguel ligaren barruan eta beheko ligetan, eta kapitulu bereziena idazten hasteko eguna zuten atzo: Kontxako bandera izenburupean jarrita egon ohi dena. Eta ez zituzten kontu originalak utzi testuen artean. Beste kapitulu bat gehiago izan zen atzokoa, sailkatze estropadarena. Datu batek agerian uzten du hori: San Miguel ligako lehen seiak eta Urdaibai ariko dira bandera preziatua lortzeko lehian datozen bi igandeetan.

Zazpikote horretan, Hondarribiak, Urdaibaik, Oriok eta Kaikuk idatzi dituzte udan testu onenak, eta atzo beste orrialde bat gehiago gehitu zioten aurrez idatzitakoari. Batere arazorik gabe lortu zuten erlojupekoan sailkatzea. Lau aurrenetan sartu ere; lau onenak izan ziren. Kaiku izan zen biziena, Urdaibaik egin zuen atzetik, Hondarribiak hirugarren bukatu zuen, eta Oriok laugarren. Lauren artean 11 segundo eskas baino ez ziren egon, orain arteko estropada askotan gertatu den bezala. Hori hala izanik, gerta zitekeen lauren arteko beste hurrenkera bat izatea, eta ez zen inor harrituko, baina betiere laurak barruan izanda.

Kanpoko ziabogan ere, nola ez, laurek egin zuten denborarik onena. Orio eta Hondarribia izan ziren azkarrenak (10.14), eta atzetik zituzten Kaiku, segundo batera, eta Urdaibai, hirura. Bueltako luzean, bi bizkaitarrek irauli egin zuten kanpoko sailkatzea. Ez du ematen bide zuzena denik aldaketa horretatik ondorioak ateratzea. Ezin da ondorioztatu poparean bi gipuzkoarrak baino azkarrago dabiltzanik bi bizkaitarrak. Udako kapituluetan bestelako kontuak ere idatzi izan dituztelako. Ondorengoa da atera behar dena eta oso kontuan eduki beharrekoa: ez dago alderik lauren artean. Oso tarte txikian dira.

Ez zen duda handirik lau handiak barruan izango zirela; bestelako kontuak ziren beste hirurak asmatzeko orduan. Era eta kolore guztietako pronostikoak ziren bazterretan. Hiru leku eta hautagai asko. Azkenean, Cabok, Portugaletek eta San Juanek lortu zuten udako sari potoloa. Estropadaren aurretik inor gutxik jartzen zuen zalantzan galiziarrak barruan izango zirela, baina ziabogan estuago zeuden gauzak. Izan ere, Cabo zazpigarren izan zen kanpoko balizan, eta gainean zeuzkan Astillero, Zierbena, San Pedro eta Tiran. Sei segundoan zeuden laurak, eta garbi zegoen bueltako luzeak erabakiko zituela kontuak. Itsasoa narras antzean zegoen kanpoan, ez zen olatu garbi-garbia poparean gozo etortzeko, eta erabat asmatu beharra zuten sailkatu nahi zutenek.

Cabok bizi egin zuen azkeneko luze hori, eta onenetakoa izan zen bigarren luze hori egiten. Lau handien atzetik bera izan zen onena, azkenean. Galiziarrek denboraldi bikaina egin dute ligan, eta orain arteko lana biribildu zuten atzo.

Beste bi leku zeuden dantzan, eta, azkenean, uste baino tarte handiagoarekin lortu zuten saria Portugaletek eta San Juanek. Bizkaitarrak pattal ibili dira udan, espero zutena baino maila apalagoan, baina arantza ateratzea lortu zuten atzo, eta, iaz bezala, Kontxan aritzeko txartela eskuratu zuten. Seigarren denbora onena izan zen Portugaleterena. San Juanek egin zuen zazpigarren onena. Helmugan sartzen aurrenetakoa izan zen, eta oso denbora ona egin zuen. Baina sei ontzik aurreratu zuten gero. Horrela kontatuta, larri ibili zela pentsa daiteke, baina, azkenean, San Juanek hamabi segundo sartu zizkion zortzigarrenari, Tirani. Iaz kanpoan geratu eta gero, pasaitarrek arantza hori ateratzeko aukera izango dute etzi eta etzi zortzi.

Kanpoan geratu zirenen artean, San Pedro aipatu behar. Azkenaldian dotore ibili arren, atzo ez zuen emaitza ona lortu, eta sailkatzetik hamalau segundora geratu zen. San Miguel ligako kanporaketakoen artean kontuan hartzeko datu bat ere utzi zuen atzoko estropadak: Astillerok bi segundo sartu zizkion Meirari, hamazazpi Getariari, hemeretzi Zumaiari, eta 36 Amegroveri. Bi asteburu barru izango dute bost ontzi horiek lehia, eta erreferentzia onak izan daitezke atzokoak.

Bizkaitarrak, lehen txandan

Sailkatze estropada bukatuta, ez pentsa sailkatu ziren taldeak lasaitu egin zirenik. Igandeko txanda zozketa egin beharra zegoen segituan, eta, egin eta gero, lasaitu ederra hartuko zuten Kaikuko eta Urdaibaiko ordezkariek. Izan ere, aurreneko txandan ariko dira biak, Portugalete eta Caborekin batera. Gipuzkoarrak, laurak, bigarrenean egokitu dira: Orio, Hondarribia, San Juan eta Donostiarra.

Eguraldiak okerrera egiten du, normalean, bigarren txanda hasten denerako, haizeak gora egiten duelako, eta horregatik, ez ziren batere gustura Orio eta Hondarribia. Ikusi egin beharko da gero zer gertatzen den, baina aukeran emanez gero, lehen txandan nahiago izaten dute denek. Beste kapitulu bat gehiago izateko itxura hartuta dator etzikoa, baina orrialde traketsean idazteko arrisku larrian dira Gipuzkoakoak. Ea nork idazten duen orrialderik politena.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©RODRIGO JIMENEZ / EFE

«Denok bide berean goazelako lortu ditugu helburuak; familia bihurtu gara»

Jon Ander De la Hoz

Realak osatutako sasoi ona azken urteetan egindakoaren segida dela uste du Elustondok. Beasaindarrak adierazi du «lan ona» egiten ari dela kluba; «gogotsu» daude Txapeldunen Ligarako.

Olabe: «Nortasuna dago proiektuaren oinarrian»

J. A. De la Hoz

Realeko kirol zuzendariak azaldu duenez, klubak hiruzpalau fitxaketa egiteko asmoa du; horietako bat Alexander Sorloth izatea nahi dute
 ©JON URBE / FOKU

Errepidean eta errepidetik kanpo irabazle

Beñat Mujika Telleria Ainara Arratibel Gascon

Txomin Perurena txirrindulari eta zuzendari ohia zendu da, 79 urterekin. 158 garaipen lortu zituen, eta mendiko maillota irabazi zuen Tourrean, lorpen askoren artean.
Alaveseko eta Eibarreko jokalariak nor baino nor gehiago ©Jaizki Fontaneda / Foku

Alaves izango da kanporaketa erabakigarrian

Ainara Arratibel Gascon

Arabarrek 2-0 hartu dute mendean Eibar, eta Levanteren aurka lehiatuko dira nor baino nor gehiago Lehen Mailara igotzeko. Igandean jokatuko da joaneko partida Mendizorrotzan. Luis Garcia Plazaren taldea eraoso aritu da, eta nahi baina ezin Garitanorena.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.