Albistea entzun

Animalien eskubideak, hitzetan korapilatuta

Udalbatzak Gasteiz «animalien tratu txarrik gabeko hiri» izendatu izanak begiz jo ditu zezenketak eta asto lasterketak. Hala ere, ez du luzaro iraun adierazpenak, eta eztabaida piztu da beste behin.
Aurtengo Santiago eguneko asto lasterketa.
Aurtengo Santiago eguneko asto lasterketa. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

Aitor Biain -

2015eko urriak 7

Nahi eta ezin. Gasteizko Udalak animalien eskubideen inguruan ematen duen pauso bakoitzeko, bat atzera egiten jarraitzen du. Oraingo honetan, «animalien tratu txarrik gabeko hiri» izendatu eta berehala, animalien eskubideen aldeko ATEA eta GADEN elkarteek salaketa jarri dute udalaren aurka, animalien inguruko ordenantza bete ez izana egotzita.

Gertakaria duela bi aste izan zen. Udalbatzak animalien eskubideen inguruko mozioa onartu eta hurrengo egunean, hain zuzen. Erdi Aroko azoka egin zuten Gasteizen, eta bertan hainbat animalia basati erabili zituztela salatu zuten animalien eskubideen aldeko zenbait elkartek. Haien esanetan, azokak iraun duen hiru egunetan, kalean hainbat hegazti harrapari eduki zituzten herritarren begi bistan.

Horiek horrela, animalien inguruko ordenantza bera bete ez izana leporatu zioten Gasteizko Udalari. «Hegaztiak animalia basatiak dira, eta kalean izate hutsa espektakulu bilakatzen da publikoarentzat», salatu dute ATEA eta GADEN elkarteek. Hori debekatuta dago udalaren ordenantzaren arabera. Udalak gaiaren inguruan adierazpen zehatzik egin ez badu ere, arauak betetzeko konpromisoa azaldu du. «Ordenantzak betetzeko daude, eta udal gobernuak dagokion esfortzua egingo du bete daitezen».

Mozioa besterik ez

Eztabaida duela bi aste hasi zen. Udalbatzak Gasteiz «animalien tratu txarrik gabeko hiri» izendatu zuen, Irabazi udal taldeak aurkeztutako mozioa onartuta. Mozioak bederatzi boto jaso zituen alde —EH Bildu, Hemen Gaude eta Irabazi—, zortzi aurka —PP— eta bederatzi abstentzio —EAJ eta PSE—. Popularren zinegotzietako batek bilkurara huts egin izanak ekarri zuen mozioa onartzea.

Mozioaren alde bozkatu zuten alderdiek uste dute egun indarrean den animalien inguruko ordenantza ez dagoela «guztiz garatua», eta aldatu egin behar dela. Zezenketak eta Blusen eta Nesken asto lasterketak debekatu egin behar direla, alegia. «Ordenantza oso ona daukagu, baina ez da guk nahiko genukeen modukoa», azpimarratu du EH Bilduk. Irabazi eta Hemen Gaude udal taldeek mozioan onartutakoa betetzeko eskatu diote udalari.

PPk, berriz, aurka bozkatu zuen, baina ez zen nahikoa izan mozioa bertan behera uzteko. Ez diote garrantzirik eman nahi izan, ordea, eta eztabaida itxitzat jo dute. «Ez da inolako berrikuntzarik egon iaz amaitutzat jo zen eztabaida berriz irekitzeko. Ez zen beharrezkoa».

Abstenitu egin ziren, berriz, EAJ eta PSE. Agintean dauden jeltzaleen iritziz, animalien tratu txarren inguruan hitz egiteko modurik onena ordenantza berrikustea da. «Ulertzen dugu udalbatzak mozioa onartu eta eztabaida berriz irekitzeko eskatu izana. Horregatik, ordenantza berrikusteko aukera zabalduko dugu». Sozialistek, berriz, azpimarratu dute ez dutela sartu nahi udalaren eskumena ez den erabaki batean. «Erabaki hori hartzea ez dagokio udalari; ez gara horretan sartuko, beraz».

Zezenketak, begiz jota

Egun indarrean dagoen animalien inguruko ordenantzak ez du inolako aipamen zuzenik egiten zezenketek inguruan, ez eta asto lasterketen inguruan ere. Hala, udalbatzak onartu berri duen mozioak bi eskari nagusi ditu: ordenantza betetzen ez duten ekitaldientzako diru laguntzak etetea, eta gune edo eraikin publikoak erabiltzeko baimena ukatzea.

Urteak dira, hala ere, zezenketak begiz joak dituztela Gasteizen. Ikusle kopurua nabarmen jaitsi da azken urteetan. Gasteizko zezen plazak, Iradier Arenak, ia 8.000 lagunendako lekua duen arren, iaz, batez beste, kopuru horren laurdena ere ez zuten bete —%23,36, zehazki—. Duela bi urte ez zen %40 ere bete.

Dena den, mozioaren onarpenak eztabaida mahai gainean jarri dute beste behin. Mozioa derrigorrean bete beharrekoa ez bada ere, udalak eskura izan dezake ordenantza aldatu eta zezenketak debekatzeko aukera.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Albiste gehiago

Beatriz Artolazabal sailburua (erdian), bere saileko kide Monika Hernando eta Jose Antonio Rodriguez Ranzekin, atzoko aurkezpenean. ©JON RODRIGUEZ BILBAO / IREKIA

Jaurlaritzak Udaberri plana onartu du, eta «gogoeta kritikoa» eskatu

Gotzon Hermosilla

Planak Jaurlaritzaren lan ildoak zehazten ditu bizikidetzaren, giza eskubideen eta aniztasunaren arloetan. Presoei harrera egiteko ekitaldiak gaitzesten dituen pasarte bat sartu dute azken bertsioan
 ©BERRIA

Aitortza ezetz esan zutenei

Ion Orzaiz

Nafarroako Gobernuak intsumisioari eta kontzientzia eragozpenari buruzko «ahozko eta idatzizko memoria» bildu du. Sarean eskuragai jarri dituzte dokumentu eta testigantza ugari
Miarritzeko pisu turistiko batera sartu ziren atzo Aldako kideak. ©BOB EDME

Airbnb plataformaren iruzurra salatu du Aldak Miarritzen

Oihana Teyseyre Koskarat

Miarritzeko pisu turistikoen herenak ez direla behar bezala deklaratuak salatu du mugimenduak. Manifestazioa eginen dute azaroaren 20an
Jaurlaritzak COVID-19aren biktimei egindako omenaldia, atzo, Gasteizen. ©IREKIA

Arintzea, egonkortzen

Uxue Rey Gorraiz

Testen %1,7 izan dira positiboak. Jaurlaritzak espero du bizpahiru aste barru bukatzea egoiliarrei hirugarren dosia ematen

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Egin BERRIAlaguna

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Egin BERRIAlaguna