Molekulen erretratugilea

Flygare nazioarteko saria jasoko du ekainean EHUko ikertzaile Emilio J. Cocinerok; kimika fisikoa du ikerkuntzarako alor, eta molekulei buruzko azterketetan punta-puntan dihardu.
Ikertzailea lantokian, ikerketarako darabiltzan gailuen artean.
Ikertzailea lantokian, ikerketarako darabiltzan gailuen artean. L.JAUREGIALTZO / ARP

Arantxa Iraola -

2015eko martxoak 1
Espektroskopia molekularra. Horixe du ikerketarako alor EHU Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaile Emilio J. Cocinero (1978, Valladolid, Espainia). Erradiazioen bitartez molekuletan eragin, eta zer gertatzen den aztertzean datza bere jardunbidea. Nolabait ere, erretratugile bat balitz bezala aritzen dela esplikatzen du berak. «Izan ere, era horretan, molekulek duten forma ezaugarritzen saiatzen gara. Eta, nolabait, molekula bakoitzaren hatz marka erdiesten dugu». Eta alorreko ikertzaileek punta-puntakotzat jo dute zientzialari honen lana; Espektroskopia Molekularreko Nazioarteko Sinposioak —Illinoiseko Unibertsitateak antolatzen du, AEB Ameriketako Estatu Batuetan—, jakinarazi du aurten berari emango diotela Flygare izenarekin ezagun egindako nazioarteko sari ospetsua, alorreko zientzialari gazte nabarmenenen ibilbideak goraipatzeko propio antolatutakoa. Ekainaren 22aren eta 26aren artean gaiari buruzko biltzar bat egingo da Illinoisen, eta han jasoko du saria.

Pozik jaso du albistea Cocinerok. «Dena oso ondo ari zait ateratzen. Aukera izan dut nire ideiak lantzeko, nire ikerketak egiteko, eta hori ez da erraza ikertzaile gazte batentzat». Sei urte daramatza EHUn —«jardunaren %70 ikerkuntzan; gainerakoa, irakasle gisara»—, eta egindako lana fruitua ematen ari dela dio. Eta aurretik ere, indartsu ari zen. Kimika ikasketak jaioterrian egin zituen, Valladolideko Unibertsitatean, eta ondoren bolada bat Oxfordeko Unibertsitatean egin zuen, Erresuma Batuan. «Oso garrantzitsua izan zen aro hura». Ez da hau jasotzen duen lehen saria. 2012an ere bi sari ospetsu jaso zituen: Espainiako Kimikako Errege Elkarteak Sigma-Aldrich saria eman zion egiten ari zen ibilbidearen aitortza gisara, eta Suschem elkarteak Postdoc izenekoa, nabarmenduz harena izan zela 2011. urtean ikertzaile gazteek kimikaren arloan argitara eman zituzten artikulu guztien artean onena.

Hiru dimentsiotan

Molekulen ezaugarriak —«beren egitura nolakoa den»— erakustea dute helburu espektroskopia molekularrean ari diren zientzialariek, molekula ezberdinen arteko interakzioak ere aztertzea, eta emaitza gisara sortzen dituzte hiru dimentsioko irudiak.«Askotan filmetan-eta agertzen dira halako irudiak, ba guk egiten ditugu», azaldu du. Hainbat erradiazio mota —«ultramoreak, infragorriak, X izpiak...»— erabili ohi dituzte beren ikerketetarako. Cocinero, batez ere, mikrouhinen bitartez sortutakoekin ari da.

Hainbat klasetako molekulak aztertzen dituzte. «Guk, bereziki, biologia aldetik interesdunak diren osagaien molekulekin dihardugu», azaldu du EHUko ikertzaileak. Dioenez, ikerlan horietan oinarrituta, biomedikuntzak lor ditzake aurrera egiteko gako berriak: «Izan ere, datu base antzeko bat eskaintzen dugu gure lanaren bidez». Baina beren jardunaren xede nagusia ez dela hori argi du. «Egiten duguna, bereziki, oinarrizko zientzia da». Erantsi du astrofisikan ere, molekula berrien gaineko ikerketak egite aldera, sarritan jotzen dela espektroskopia molekularrera. «Lan handia dago alor horretan».

Artisauen gisara

Ikerketarako erabili behar izaten dituzten gailuak oso konplexuak eta garestiak direla dio, eta, sarri, beraiek horiek moldatzen eta egokitzen jardun behar izaten dutela. «Bihurkinarekin ere ibili behar izaten dugu usu lanean». Oinarrizko gailuak erosi arren, gero pieza osagarriak lortu, erantsi, eta gero eta tresna hobeak egiten saiatzen direla esplikatu du. «Nolabait ere, eskuz egindakoak izaten dira gure tresna asko».

Ikerkuntzaren esne mamiak probatzen ari bada ere, argi du ikertzaile gazteek, oro har, kontra dutela haizea.«Kontratuetan-eta murrizketa oso handiak egin dira, basatiak», azaldu du. Eta gertutik ikusi du nahi eta ezina adin bertsuko hainbat zientzialariren artean. «Jende on asko dago kanpoan; bueltatu nahi dute agian, baina oso-oso aukera gutxi dituzte. Ikerketarako oso postu gutxi ateratzen dira urtean». Horrek deus onik ez dakarrela argi du. «Lantaldeak zahartzen ari dira. Eta pena da. Izan ere, lan handia egiten da jendea trebatzen, eta gero ezin dute urratsa egin lan mundura; eragotzi egiten zaie».

Juan de la Cierva programari atxikita hasi zen bera lanean EHUn, eta Ramon y Cajal deiturikoan ari da orain, Kimika Fisikoko Departamentuan. Programa horiek lagungarriak direla dio, baina zenbait tokitan ez direla aintzat hartzen. «Hainbat unibertsitatetan kargu egiteari utzi diote», salatu du. EHUko talaian, ikuspegia hobea dela dio. «Jaurlaritza ari da beste hainbat tokitan baino zerbait gehiago egiten».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna