Albistea entzun

'Brexit'-aren garaipena. EBren bilera

Hainbat abiaduratako Europa proposatu dute EBren estatu sortzaileek

Erresuma Batuari lehenbailehen joateko eskatu diote Europako ordezkariek. Eskoziak, independentziaren erreferenduma abiatzeko legedia martxan jarri, eta EBrekin bilera eskatu du
FACUNDO ARRIZABALAGA / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Amagoia Mujika Tolaretxipi -

2016ko ekainak 26

«Inork ez digu Europa kenduko». Gogortasunez hitz egin du Frank-Walter Steinmeier Alemaniako Atzerri ministroak, brexit-az gero Europako Batasunak egin duen lehen bileraren ostean. EB sortu zuten herrialdeen ordezkariek egin dute bilera Berlinen: Alemaniako, Frantziako, Italiako, Belgikako, Herbehereetako eta Luxenburgoko Atzerri ministroek. Premiazko bilera egin dute Europako norabide berriaz eztabaidatzeko, eta datorren astetik aurrerako estrategiak markatzeko. Ihesaldi gehiagorik ez egoteko Europak hartu behar duen norabide berriaz egin dute gogoeta, eta Erresuma Batuari eskatu diote negoziazioak lehenbailehen has ditzatela.

Jean-Marc Ayrault Frantziako Atzerri ministroak berretsi egin du EBko buruzagiek herenegun emandako mezua: lehenbailehen joateko «presio handia» egingo diote David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroari datorren astearteko bileran. Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak esan bezala, dibortzioak «azkarra» izan behar du, Ayraulten ustez ere, «ez aurrera ez atzerako egoera saihesteko».

Erresuma Batuaren erabakiak hankaz gora jar lezake batasuna, eta horregatik azkartu nahi dute banaketa prozesua. Baina alde egiteko gogoa ez dadin beste herri batzuetara zabaldu, EBn erreformak egin behar direla ondorioztatu dute, herri bakoitzaren neurrikoa izan dadin egitura: alegia, abiadura ezberdineko Europa proposatu dute. Dagoeneko praktikan gertatzen da hori, baina bide horretan sakondu nahi dute, «malguagoak izan», Steinmeierren arabera, inplikazio ekonomiko eta politikoak herrialde bakoitzaren neurrira izan daitezen. «Ardura berezia daukagu orain Europak noranzkoa bideratzeko beharra daukanean».

Alemaniako Atzerri ministroak euroeszeptikoei ere hitz egin die: «Ez dugu paralisirik edo histeria egoerarik onartuko». Herenegun Europako eskuin muturreko hainbat buruzagik erakutsitako poztasunari erantzun dio horrela. Marie Le Pen Frantziako Fronte Nazionaleko buruak eta Geert Wilders Herbehereetako eskuin muturraren buruzagiak esan zuten erreferenduma nahi zutela Europari agur esateko.

Berlinek eta Parisek dokumentu bat idatzi dute dagoeneko Europako Batasun malguago baten alde, eta datozen egunetan xehatuz joango dira gainerako estatukideekin. Autokritika egiten dute lehenik, eta euroeszeptikoen gorakada geratzeko helburu duen proposamena egiten dute ondoren. Askatasun handiagoa izateko bidea diseinatuko dute, eta gogoeta zabaldu Europaren erronka garrantzitsuenei buruz: errefuxiatuak, langabezia, eta indarkeria jihadista; horiek jo dituzte, besteak beste, erronka nagusitzat.

Eskozian, independentzia

Eskoziak, berriz, Europako Batasunean geratzeko prozesuari «lehenbailehen» ekingo dio, Nicola Surgeon Eskoziako lehen ministroak jakinarazi duenez, gobernuko kideekin atzo premiazko bilera egin ostean. Batetik, Europako instituzioei eskatu die elkarrizketak berehala hasteko, «Eskoziak Europako Batasunean duen lekua babesteko», eta, bestetik, iragarri du legedia prestatzen hasi direla elkarrizketok izaten diren bitartean, Eskozian independentziari buruzko bigarren erreferenduma egin ahal izateko. «Independentziari buruzko bigarren erreferendumak mahaian egon behar du». Egutegi zehatz batean aukera bideragarria izan dadin, orain egingo dira urratsak, beharrezko legedia indarrean dagoela ziurtatzeko.

2014an egindako independentziari buruzko erreferendumean ezezkoa ateratzeko arrazoietako bat Europako Batasunetik kanpo geratzeko arriskua izan baitzen; Erresuma Batuan geratzearen aldekoek emandako argudioa izan zen. Independentistek, ordea, beti agertu dute Europako Batasuneko kide izateko gogoa, independente izanda ere. Brexit-aren kontra bozkatu zuten eskoziarren %62k.

Ipar Irlandako errepublikanoek ere aukera historikoa ikusten dute Irlandarekin batzeko: Gerry Adamsek eta Martin McGuinnessek adierazi dute erreferendum bat egiteko aukera, Irlandara batzeko eta Europako Batasunean geratzeko.

Erresuma Batuan, egun batean milioi eta erdi sinadura baino gehiago jaso dituzte berriz erreferenduma egitea eskatzeko, Erresuma Batuko Legebiltzarraren webgunean. Emaitzak oso estuak direla-eta nahi dute galdeketa berriro egin. Eskatu dute erreferenduma onartzeko parte hartzeak %75etik gorakoa izan behar duela, eta baiezkoak %60 baino handiagoa.

Bien bitartean, dimisioak ematen ari dira Erresuma Batuko buruen artean. Herenegun David Cameronek urrian kargua utziko zuela esan eta gero, atzo Jonathan Hillek eman zuen dimisioa, Europako Batasuneko Finantzen Egonkortasunerako, Finantzen Zerbitzuetarako eta Kapitalen Merkatuko komisarioak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Von der Leyen Europako Batzordeko presidentea , Macron Frantziako presidentea eta Michel Europar Kontseiluko presidentea. ©OLIVIER HOSLET / EFE

Europan «komunitate politikoa» hedatzeko goi bilera egingo dute

Gorka Berasategi Otamendi

Lehen bilera egingo du gaur Europako Komunitate Politikoak, Pragan. Atzerri gaiei buruzko foro bat izatea du helburu, EBren eta haren inguruko herrialdeen arteko «elkarlan politikoa» sustatzeko
Danimarkako lehen ministro Mette Frederiksen, atzo. ©LISELOTTE SABROE / EFE

Danimarkako bozak azaroaren 1era aurreratu ditu lehen ministroak

Mikel O. Iribar Mikel Elkoroberezibar Beloki

Gobernua babesten duten alderdiek behartuta hartu du erabakia Mette Frederiksenek. Milioika bisoiren hilketak sorrarazi du krisi politikoa
Akordio sozialaren prentsaurrekoa, atzo, Bartzelonan. ©INTERSINDICAL

Berrehun udalerri amnistiaren eta autodeterminazioaren alde

Berria

Kataluniako 300 erakundek eta alderdik babestu dute Autodeterminazioaren eta Amnistiaren Aldeko Akordioa
 ©SOUTH KOREAN DEFENSE MINISTRY HA / EFE

Lau misil balistiko jaurtiz erantzun diote AEBek eta Hego Koreak Ipar Koreari

Igor Susaeta

Seulek eta Washingtonek osatutako aliantzak esan du erakutsi nahi izan dutela «gaitasuna eta prestakuntza» dutela «probokazioari» aurre egiteko

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...