Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea 82 kidek osatuko dute Uema, sartuko diren beste bostekin

Publizitatea

Gizartea

82 kidek osatuko dute Uema, sartuko diren beste bostekin

Errezil, Mendaro, Ataun, Larrabetzu eta Areatza larunbateko batzar nagusian egingo dira kide. 240.000 herritarreko eremua du Uemak
Kide egingo diren eta oraintsu egin diren udalerrietako alkateek hartu dute parte atzoko agerraldian.
Kide egingo diren eta oraintsu egin diren udalerrietako alkateek hartu dute parte atzoko agerraldian. MONIKA DEL VALLE / ARP

2017-01-11 / Ibai Maruri Bilbao

Errezil, Mendaro, Ataun (Gipuzkoa), Larrabetzu eta Areatza (Bizkaia) Uemako kide bihurtuko dira, larunbatean egingo duten batzar nagusian. Hala, 82 kidek osatuko dute aurrerantzean Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea. Atzo iragarri zuten, Larrabetzuko udaletxean egindako agerraldian.

Uemako presidente Josu Labakak pauso hori eman izanaren garrantzia azpimarratu zuen. Esan zuen mankomunitatearen erronka euskararen lurgunea delakoa zabaltzea dela, horrela «elkarrekin euskararen aldeko politika ausartak eta aurrerakoiak bideratu ahal izateko». Larunbatean sartuko diren bost herriekin, 240.000 herritar bizi diren eremua izango da Uemaren lurraldea.

Larrabetzuko alkate Iñigo Gazteluk ere egin zuen berba agerraldian. Ueman sartzea «ohorea eta beharra» dela aitortu zuen. Kide izanda larrabetzuarrak «inoiz baino euskararen herritarrago» direla esan zuen. «Euskara hizkuntza erabilia eta bizia izatea: horra gure helburua. Guztion ahalegina eta gogoa eskatzen duen helburua; denoi dei egiten digun helburua». Alderdi politiko, sindikatu, enpresari elkarte, kirol, kultura eta aisialdiko elkarte eta Larrabetzuko gainontzeko eragileak lan egitera deitu zituen. Baita herritarrak ere. «Gustuko dugun helburua da; gustura hartzen dugun konpromisoa».

Urte garrantzitsua

Oraintsu hasi den urte berrirako «aurreikuspen ederrak» dituztela esan zuen Labakak. «Beste hainbat herrik erakutsi du Uemako kide izateko gogoa, eta horiekin ere ari gara bilerak egiten, ahalik eta adostasun zabalenarekin har dezaten erabakia, iraunkorra izan dadin». Azken hilabeteak ere emankorrak izan dira. Udaletako agintaldia 72 kiderekin hasi zuten. Harrezkero, bederatzi kide erakarri dituzte, larunbatekoak barne. Izan ere, Eak, Dimak, Ziortza-Bolibarrek (Bizkaia) eta Legorretak (Gipuzkoa) azken bost hilabeteetan hartu dute erabakia. Gainera, aurretik kide zen Ezkio-Itsaso bi udalerritan banatu da, eta biek jarraituko dute. Hala, hamar dira berriak.

Larunbateko batzar nagusia ere Larrabetzun egingo dute. Besteak beste, 2017ko egitasmoa onartuko dute: udalak ez ezik udalerriak ere euskalduntzea, herritarren sentsibilizazioa eta ahalduntzea, eta udalerri euskaldunen zaintza.
 

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea