Mende laurden bat euskaraz musika jartzen

Euskarazko irrati formula bakarra emititzen hasi zela 25 urte bete dira. Gipuzkoan, gehien entzuten den irrati formula da Gaztea, eta beste herrialdeetan, lehenengoetatik gertu dago. Adituek irratiaren garrantzia eta eragina aitortu dute, baina euskal talde batzuek ez dituztela jartzen kritikatu.
Euskadi Gaztea irratiko hainbat esatari eta esatari ohi, 1998ko argazki batean.
Euskadi Gaztea irratiko hainbat esatari eta esatari ohi, 1998ko argazki batean. EITB

Urtzi Urkizu -

2015eko martxoak 25
Martxoak 21 zituen, 1990. urtea. Jakeline Barkerren ahotsa izan zen aurrenekoa euskarazko irrati formula sortu zen egunean. Sei lagun kontratatu zituen EITBk Euskadi Gaztean aritzeko. Haietako bat Joseina Etxeberria zen, 21 urte baino ez zituela. «Urduritasunak, erreferentzia faltak, lehen entzuleak eta lehen kritikak ere bai». Ondo oroitzen da esataria: «Ordura arte euskaraz egin ez zen irrati bat egiten hasi ginen. Gazteentzako lehen irrati espezializatu euskalduna». 25 urte joan dira ordutik, eta Gazteak hainbat lehiaketa eta ekitaldi antolatu ditu urteurrena ospatzeko. CIESen azkeneko neurketak 119.000 entzule ematen dizkio Hego Euskal Herrian. Irrati formulen sailkapenean bigarren edo hirugarren tokian dabil azkeneko urteetan; lehena da Gipuzkoan. Etxeberriak berak nabarmendu du entzule erdaldun asko ere badituztela. «Gurea ez zaie arrotza egiten. Eta musika aukeraketak nolabait ere gogobetetzen ditu».

Jon Lamarka da irratiko koordinatzailea 2008. urtetik. Haren ustez, Gazteak «oso ekarpen garrantzitsua» egin du urteotan: «Bere ingurura hurbildu du euskal gazte jendea. Gaztetatik euskaraz kontsumitzeko ohitura funtsezkoa da. Hori gabe euskarak ez du etorkizunik».

Inaxio Esnaola musika kritikariaren iritziz, Euskadi Gazteak iraun zuen bitartean —2006ra arte— Euskal Herriko musika deskubritzeko irrati garrantzitsua izan zen, «euskara hutsean gazteengana iritsi zen irrati formula orekatu batekin». Nabarmendu du maketa lehiaketari esker «bultzada polita» izan zutela hainbat taldek: EH Sukarra, Sorotan Bele, Latzen, PiLT, Berri Txarrak, Zea Mays... Iritzi berekoa da Ion Andoni del Amo, EHU Euskal Herriko Unibertsitatean Party & Borroka doktore tesia egin duen ikerlaria. «Talde askorentzat proiekzioa eta bultzada bat emateko oso lagungarria izan da maketa lehiaketa». Gaztearen eragina aztertu du tesiaren atal batean Del Amok. Tesian jasotzen duenez, musika programatzaileen artean eragina izan du Gazteak. «Kalera Rock jaialdiaren antolatzaileek, adibidez, aitortu dute Gaztearen eragina, programatutako talde batzuk Top Gaztea-n badaude, tiroia igartzen baitute».

Euskadi Gazteatik Gazteara

2006. urtean eredua aldatu zuen irrati formulak, eta Euskadi Gaztea izena aldatu eta Gaztea jarri zioten. Lamarkak gogoratu du entzule datuak asko jaitsi zirela garai hartan: «50.000 entzuleren bueltan zebilen, eta EITB kezkatuta zegoen. Modernizatu egin zen, eta entzuleek eskatzen zutenari erantzun zitzaion. Geure baitatik irten, eta ikusi genuen merkatuak zer eskatzen zuen». Edurne Ormazabal zen irratiko koordinatzailea —1990etik 2008ra egon zen karguan—.

Esnaolaren ustez, ordea, izena laburtu zuenean irratiak audientzia bihurtu zuen helburu bakar: «Eta mainstream irrati formula arrunta bihurtu zen. Ordea, euskarazko irrati formula komertzial izateak ez du hobea egiten eskaintzen duzun musikaren %80 atzerrikoa denean».

Party & Borroka tesiaren egileak aitortu du Gazteak euskal musikaren kuota bat mantentzen duela, «diskriminazio positiboa». Bost kantatik bat da euskarazkoa. «Hala ere, euskal musikarekiko konpromiso falta leporatzen diote askok. Zentsura mota bat ere aipa daiteke gaur egungo formula komertzialetik, easy listening eredutik urruntzen diren taldeena». Del Amoren arabera, Gazteak hedatuta dagoen estereotipoa mantentzen laguntzen du: «Euskal Herrian egiten den ia musika guztia Berri Txarrak, Gatibu edo Esne Beltza taldeena bezalakoa da. Horretan Gaztea ez da, dena den, bakarra: txosnetan ere antzera jarduten dute». Esnaolak ere kritikatu du irrati formulan «nekez» jarriko dituztela pop, rock zein ska dantzagarritik aldentzen diren taldeak. «Hardcore, rock gogor, metal, reggae zein hip hop musika egiten duten bandak ez dira existitzen formula errepikatuan». Salbuespen bat laudatu du kritikariak: «Zorionez, B aldea saioan bestelako talde horiek entzun ahal dira».

Lamarkak musika hautaketan hartutako bidea defendatu du: «Euskaraz egiten den oro jarri, eta horrekin audientzia jaisten joan? Ala finago jarri, irrati komertzialaren ezaugarriei heldu, eta saiatu ahalik eta euskaldun gehienak erakartzen? Gure aukera bigarren bide horretatik doa». Gazteako koordinatzaileari iruditzen zaio beste irrati batzuk baino katalogo zabalagoa dutela. «Askotan, euskarak ematen digun ekarpenagatik. Halaber, beste irrati formulak baino rockeroagoak gara». Etxeberria esatari beteranoak aitortu du ez dutela «osotasuna» harrapatzen. «Baina inor gutxik ematen du gure aniztasuna. Aniztasun kontuetan Europan oso gutxik egiten duten irrati bat egiten ari gara».

Erabiltzen den euskara, ezbaian

2004an hasi eta 2006ra arte, irratiak berak eskatuta, Joserra Garziarekin eta Kike Amonarrizekin euskararen inguruko elkarlanean aritu ziren. «Zuzendaritzak eta esatariak lan dinamika batean sartzea izan zen lorpenik handiena», azaldu du Garziak. «Azken emaitza, Gazteari euskararen normalizazioari bere ekarpena egitea ere bazegokiola adostu genuen, batez ere hizkera ez-formalaren esparruan». 2006an eten zen elkarlana.

Etxeberriak aitortu du euskararen alorrean asko dagoela egiteko. «Baina ni neu entzule erdaldunengana iristen horretan adina energia jartzearen aldekoa naiz. Ziurrenik bi ahaleginak ez daude kontrajarriak». Goizetan, bada umorezko pertsonaia bat Dida! saioan: Jon Gotzon. Lamarkak uste du entzuleak badakiela hori parodia bat dela. «Fikziozko pertsonaia horrek ondo funtzionatzen du, gazteak berarekin identifikatzen direlako eta barre egiten dutelako». Gainontzeko uneetan Gazteako euskara estandarra dela iruditzen zaio Lamarkari.

Garziarentzat, aldiz, Gazteak euskara normalizatua balego bezala jokatzen du. «Aintzat hartu gabe normalizazio horretan oso tresna eraginkorra izan zitekeela». Pena du irakasleak 2004tik 2006ra landutako egitasmoak aurrera egin ez zuelako: «Ez dezatela behintzat esan gazte hizkera formalaren alorrean arriskuak hartu, proposamenak egin eta gazte kutsuko esapideak zabaltzen ahalegintzea eta audientzia handia lortzea ezin direla uztartu».

Euskara arduradun bat bada gaur egun Euskadi Irratirako eta Gaztearako.

Aurrera begira, hainbat faktore hartu beharko ditu kontuan Gazteak: Interneten eragina, kontsumo ohiturak, irratien bilakaera... Del Amok uste du euskarazko irrati formula bat egotea «oso garrantzitsua» dela euskararentzat. «Baina lortu duen hedapena hobeto aprobetxa daiteke euskal musika gehiago bultzatzeko». DJ Makalak beste irrati formula bat sortzeko ideia proposatu du, «ez komertziala».

Internet «ozeano» bat dela iruditzen zaio Etxeberriari: «Eta igerian jakin arren, ez da gauza bera igerilekuan ibiltzea eta ozeano batean heldulekurik gabe aritzea. Heldulekuak edo lurralde komunak topatzean, eta gertutasuna eta giza faktorea uztartze horretan egon liteke gure lekua datozen urteetan».

Lamarkak dio bi aurkari handi dituela Gazteak: irrati handiak eta streaming bidez entzuten diren edukiak. «Komunikabide guztiok dugu erronka Internetekin. Guk multiplataforma izan behar dugu. Ezin dugu irratia zuri-beltzean egin, baizik eta hiru dimentsiotan egin behar dugu». Gazteei keinuak egiten jarraitzeko garrantzia nabarmendu du: sare sozialekin, lehiaketekin eta gazteei Gaztearen webgunean parte hartzeko aukera emanez. «Gazteek beraiena dela sentitu behar dute irratia».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna