Burujabetza prozesua hasi, ezkerretik

Joxe Elorrietak ELAren eta ENAMen arteko «konbinazioa» aipatu du liburu berrian. «Lehen etapan, EAJrik gabe» aritu nahiko luke. Hilaren 25ean aurkeztuko du lana, Bartzelonan
Joxe Elorrieta, 2008ko azaroan, Bilbon, ELAren egoitza nagusian, BERRIAri emandako elkarrizketa batean. Orduan utzi zuen sindikatuaren idazkari nagusi kargua; 1988tik zegoen.
Joxe Elorrieta, 2008ko azaroan, Bilbon, ELAren egoitza nagusian, BERRIAri emandako elkarrizketa batean. Orduan utzi zuen sindikatuaren idazkari nagusi kargua; 1988tik zegoen. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

Enekoitz Esnaola -

2017ko urtarrilak 14
Hemen da berriz ere Joxe Elorrieta (Loiu, Bizkaia, 1951), jendaurrean gogoetak eta proposamenak plazaratuz. Una mirada sindical contracorriente. Clase, territorio y nuevas alianzas (Begirada sindikal kontrakarreko bat. Klasea, lurraldea eta aliantza berriak) liburua idatzi du ELAko idazkari nagusi ohiak (1988-2008), eta, mendebaldeko sindikalismoaren azterketa zorrotz bat egiteaz aparte, «euskal kasuaz» aritu da, ikuspegi soziopolitiko batetik. Haren ideia nagusiak: ELA-LAB «aliantza» berreraiki —«kontrabotereko sindikalismoa»—; «burujabetza prozesua» abiatu, agenda politikoaz gain soziala ardatz izanik; Euskal Herriko ezker subiranistaren metaketa; «batuketa pluralaren» bidez Maltzaga-ra iritsi nahia baztertu —funtsean, «ENAMi» egiten dio ohartarazpena—; eta eragileen «erabateko autonomia» —LABi mezua—. Prozesu «independentista» ere aitatu du, baina, batik bat, burujabetza darabil. Icaria da liburuaren argitaletxea, eta Bartzelonan aurkeztuko dute, hil honen 25ean. Ondoren, Bilbon —hilaren 31n, prentsaurrekoa— eta Iruñean —otsailaren 8an, Katakraken— ere egingo dituzte aurkezpenak. Sarean salgai da ja.

Bost atal dauzka lanak. Euskal kasuari buruzkoa da laugarrena, «taktizismotik harago joateko eta burujabetza soziala bultzatzeko bat egiteko» beharraren ideiarekin taxututakoa. Elorrietak uste du, «borroken historiagatik, euskal eremua aproposa» dela «statu quo politikoaren eta sozialaren aurka pultsu iraunkorra botatzeko», baina aliantza eta estrategia egokien beharra dagoela deritzo.

1990eko hamarkadan ELAk eta LABek izandako aliantza maite du, liburuan ere igartzen denez. Haren iritziz, sindikalismotik haragoko eragina eduki zuen, askotariko eragileek —tartean, biak— 1998an Lizarra-Garazi akordioa sinatzeraino. Beste «entsegu bat» nahiko luke orain. «Gehiengo sindikalaren potentzialtasuna aldarrikatzeko garaia» dela dio, «ezkerreko perspektiba batetik aldarrikapen nazionala eta soziala trinkotzeko» eta «borroka instituzionala eta masa borroka konbinatzeko». Garrantzia ematen dio «mobilizazioari». «ETAk 2011n indarkeria armatuari bukaera emateko hartutako aldebakarreko erabakiak erraztu egiten du entseguari berriro heltzea». Prozesu subiranistaren «lehen etapan behintzat EAJrik gabe» aritu behar dela dio.

Gogor idatzi du EAJren politikaren aurka. Alderdia «neoliberaltzat» jo du, «elite ekonomikoekin lotura estua» duena, eta, ondorioz, uste du ez diola «erronkarik joko ezarritako ordenuari». «Atzerakada larrian» ikusten du. «[EAEko] Autogobernuaren lehen urteetan estatutuaren defentsa egin zuen, baina haren erabateko garapena eskatzeko tentsio aldarrikatzaile oro utziz joan da. Lizarra-Garazik eta Ibarretxe planak ibilbide hori birbidera zezaketen, baina sakoneko inertziak nagusitu ziren, antzeko ezaugarrietako edozein entsegu baztertzeko. Egun, estatutu erreforma baten proposamenera mugatu da, estatuarekin negoziazio lasaia izateko, aldebakartasunaren eta konfrontazioaren bideak abiatu gabe». Hala, EAJk «inolako borondaterik ez du burujabetzarekin ilusionatuta eta konprometituta dauden sektoreekin agenda bat partekatzeko», Elorrietaren aburuz, eta, gainera, instituzioen kudeaketari eusteko eta «boterean» segitzeko, EAEn «anbiguotasunik gabe lehentasun» dauzka PSE-EE eta PP. CCOOk eta UGTk osatutako «gutxiengo sindikala» ere aliatu ei du EAJren Eusko Jaurlaritzak.

Nafarroako «aldaketa delakoaz» iritzi dio garaiz dela ondorioak ateratzeko, baina, lehen neurriak baloratuta, ez da baikor agertu.

Alternatiba nazionala

«Alternatiba nazionala» osatzeko «konbinazio bat» aipatu du: ENAMen —ez dio ezker abertzalea deitzen— eta ELAren bueltan taxututakoa. «ETAren bukaerak irismen estrategikoko aliantza sendoagoak eta egonkorragoak ahalbidetzen ditu. Horiek ez dira agortzen esparru sindikalean. Neoliberalismoaren aurrean alternatiba nazionala sustatuz joateko badirudi agerikoa dela ELAren eta ENAMen inguruan ardaztutako konbinazioa nabarmentzen dela». Bi «proiektu» horiek «tradizio propioa eta eredu organizatibo eta kultura desberdinak» dituztela idatzi du, baina «ezker eremuan kokatzen dira, erreferentzialtasun sozial egiaztatu batekin».

Beharrezko ikusten du «gatazka politikoa eta konfrontazio demokratikoa» sustatzea. Baina «estrategia sendoa» eratzeko —«eta, ondorioz, iraunkorra»—, «partekatutako bisio bat» behar dela adierazi du; «batetik, eredu sindikalean, aldarrikapenak, eremuak eta esku hartzeak lehenesteko; bestetik, nazio eraikuntzan, gidoi batekin burujabetza prozesuko etapak ordenatuz joateko».

Hor kokatu du ELAk LABekin aliantza eratzeko «beharra». «Bi erakunde, baina estrategia bakarra». Hala ere, ohartarazi du ETAren jardun armatuaren osteko garaian ENAM Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduaren «antolakuntzan» ez duela «berritasunik» ikusi, «abangoardia antolakunde politikoa [Sortu]» dela jota. Brasilgo eta Hegoafrikako kasu batzuk aztertu ondotik, sindikalismoaren «menpekotasunaz» kezka dauka: «Alderdi batekin tandem bat osatuta, lotura organikoekin, sindikalismoa bigarren mailako eragile bihurtzen da».

Halaber, kritikatu du ENAMen lehentasuna «mapa instituzionala aldatzea» dela, eta gogoratu du ELAk ez duela antzeman han «politika neoliberalei aurre egiteko borondaterik». Ezker abertzaleak gatazkaren konponbiderako Maltzaga eta «indar abertzaleen eta estatalen arteko akordio transbertsala» bilatu izana ere txarretsi du Elorrietak. Anoetako proposamena (2004) «akats estrategikoa» izan zela iruditzen zaio, eta Loiola (2006) ere aipatu du. «Burujabetza nazionalerako ibilbiderik ez du horrek», «alferrikakoa eta arriskutsua da», baina «ez dirudi Maltzaga berrikuspenean dagoenik».

Dena dela, «herri eta gizarte proiektu bat» egiteko, osagai garrantzitsutzat du «ENAMek 2011n irekitako ziklo berria». «ELAren irmotasuna» ere nabarmendu du, «metaketa sozialean ardaztutako prozesu independentista berrezaugarritzeko apustua» egin duelako. Ohartarazi du neoliberalismoagatik eta zentralismoagatik «akats gutxi» egin daitezkeela. «Akats larrienetako bat, agian, metaketa sindikala eta politikoa gauzatu ez izana da».

Liburuaren hitzaurrea Xabi Anza ELAren Manu Robles-Arangiz fundazioko lehendakariak egin du. «Prozesu independentista, burujabetza sozialetik», dio. Uste du lanak «oihartzuna» izango duela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna