Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Politika Bost urte, hamaika besarkada

Publizitatea

Politika

Bost urte, hamaika besarkada

EHUko ikasleek Cabacas gogoratu dute. Goirizelaiak dio autoak euren tesia berresten duela
Iñigo Cabacasen guraso Fina Lizeranzu eta Manu Cabacas, atzo, Leioan, ikasleen sostengua jasotzen.
Argazkia: LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS

2017-04-05 / Gotzon Hermosilla

EHU Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleek hainbat ekitaldi antolatu dituzte Leioako campusean Iñigo Cabacas gogora ekartzeko, hil zutenetik bost urte betetzen diren honetan —apirilaren 9an izango da 5. urteurrena—. Haren guraso Manu Cabacas eta Fina Lizeranzuri omenaldi beroa egin diete; hitzaldi bat ere antolatu dute Cabacasen guraso, lagun eta abokatuekin eta Iñigo Gogoan plataformako kideekin, eta ondoren manifestazio batek zeharkatu du Leioako campusa.

Urteurrenarekin batera iritsi da auziari buruzko autoa. Astelehenean jakin zen Ana Torres epaileak hiru ertzain auzipetzea erabaki duela, oldarraldian parte hartu zuten hiru furgonetetako arduradunak hain zuzen ere, eta «zuhurtziagabekeriazko giza hilketa» leporatu diela. Epailearen ustez, «arrisku onartezina» sortu zen gau hartan, hiru arduradun horiek tiro egiteko agindu zutelako edo ertzainak tiro egiten ari zirela ikusita hura galarazten saiatu ez zirelako horretarako gaitasuna izanik.

Omenaldiaren ingurumaria baliatu du Cabacas Lizeranzu familiaren abokatu Jone Goirizelaiak autoari buruzko iritzia emateko. Oso garrantzitsutzat jo ditu autoan adierazten direnak; hasteko, argi uzten duelako Iñigo Cabacas Ertzaintzak hil zuela pilotakada batez, eta hori ere zalantzan jarri zuelako Eusko Jaurlaritzako Barne Sailak hasieran.

Baina, horretaz gain, autoan agertzen da Cabacasen heriotza ekarri zuen oldarraldia ez zela «beharrezkoa», eta «neurriz kanpokoa, arduragabea eta Espainiako eta Europako legeriaren kontrakoa» izan zela; akusazioaren tesia «ia osorik» jasotzen du, Goirizelaiak dioenez.

Auzipetzeen arloan dago akusazioaren tesiaren eta epaileak autoan jaso duenaren arteko diferentziarik nabarmenena, akusazioak ertzain gehiago auzipetzeko eskatu baitzuen. Goirizelaiari bereziki deigarria begitandu zaio Deustuko ertzain etxetik operazioa zuzendu zuen ertzainburua —Ugarteko ezizenez deitzen dutena— auzipetu ez izana: «Autoan argi esaten da hura zela arduraduna, hark bidali zituela furgonetak leku hartara eta hark eman zuela jendearen kontra oldartzeko agindua, baina, gero, epaileak jauzia egin du eta ez du inputatu».

Goirizelaiak esan du ofizialki oraindik ez duela jaso autoa, eta «hedabideen bidez» jakin duela horren berri; erantsi du autoa aztertu behar dutela helegitea aurkeztu edo ez erabaki aurretik, baina aurreratu «seguru asko» auzipetzeen kontu horretan helegitea aurkeztuko dutela. Edozein modutan, eta ñabardurak ñabardura, ontzat eman du autoa: «Lehen akusazio honek defendatzen zituen kontu batzuk orain adierazpen judizial batean jasota daude», esan du.

Manu Cabacasek, berriz, esan du «hobea» dela hiru ertzain baino ez epaitzea auzia ixtea baino, baina uste du operazioa agindu zutenak ere epaitu behar direla: «Diren guztiak ez daude hor», azaldu du.

Adierazpen «lotsagarria»

Bilboko EH Bilduko udal taldeak eskatu du bertan behera uzteko Cabacasen heriotzaren inguruan EAJk, PSE-EEk eta PPk 2012ko apirilaren 11n onartutako adierazpen instituzional «lotsagarria», eta, horretarako, bozeramaileen batzordearen bilera egiteko eskatu dio Juan Maria Aburto Bilboko alkateari. Cabacas hil eta egun gutxira, adierazpen instituzionala sinatu zuten EAJ, PSE-EE eta PPko Bilboko udal taldeek, eta, hartan, kirol arloko indarkeriarekin lotu zuten Cabacasen heriotza.

Bide batez, EH Bilduk deia egin du ostiralean Bilboko justizia jauregia inguratuko duen giza katean eta larunbateko omenaldian parte hartzeko.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak