Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kirola Hasi.... eta azterketa

Publizitatea

Kirola

Hasi.... eta azterketa

Bera Berak partida gaiztoa du gaur, Bidebietan, Ro'Casaren aurka
Nora Azurmendi Bera Berako jokalaria barneraketa bat egiten saiatzen, Colegio de Gaiaren aurkako partidan.
Argazkia: J. C. RUIZ / ARP
Denboraldia hasi besterik ez da egin, baina Bera Berak gaur iluntzean (19:00) du sasoiko lehen azterketa garrantzitsua. Ikasgaia ez zaio arrotza, aurreko denboraldian gorabeheraren bat izan zuen arren, Ro'Casa beti izan baita donostiarren kontrario nagusia tituluak irabazteko lehian. Bidebietan jokatuta da neurketa, eta Montse Pucheren taldearentzat ezinbestean poltsikoratu beharreko puntuak dira. Gertutik zaindu beharko dute golen aldea ere. Izan ere, eskarmentuak eta estatistikak erakutsi die haien aurkako neurketek—Atletico Guardesen kontrakoak ere kontuan hartuta— erabaki ohi dutela Liga titulua.

Puchek berretsi du sasoiaren norabidea baldintza dezakeen neurketa dela. «Ilusio eta gogo handiz gaude. Oso partida erakargarria da bai zaleentzat, bai eta guretzat ere. Presiorik gabe jokatzeko esan diet jokalariei». Entrenatzaileak argi du non egongo den gakoa: «Defentsan sendo egon behar dugu, eta ez diegu jokaldiak lantzen eta pentsatzen utzi behar. Presioa nabaritu behar dute».

Bera Berak denboraldiko lehen bi partidak irabazi ditu, Castelloren aurka Ligan (17-39)—emaitza horri esker lider da— eta Colegio de Gaiaren aurka EHF Kopako lehen kanporaketako joanekoan (26-25). Europako norgehiagokan erakutsi zuen osatu berri den taldea dela. Zazpi jokalari fitxatu ditu Bera Berak, eta oraindik egokitzen ari da entrenatzaileak ezarri nahi duen joko moldera. Batez ere lehen zatian, uste baino bigunago aritu ziren defentsan. Erasoan, berriz, nahi baino gutxiago asmatu zuten, eta behar baino baloi gehiago galdu zituzten. Bigarren zatian hobeto aritu ziren, eta partidari buelta eman ahal izan zioten, gol bakarrarengatik izan bazen ere. Larunbatean ederki estutu beharko dituzte hortzak, txapelketan jarraitzeko.

Aurretik, ordea, arreta osoa gaurko partidan dute jarrita. Azken partidarekin alderatuz, Elke Karsten albokoa jokatzeko moduan izango da. Karstenek sudurra apurtu zuen sasoi-aurrean, eta, ofizialki, oraindik ez du debuta egin Bera Berarekin. Haren ekarpena ezinbestekoa izango da, batez ere erasoan. Are gehiago, kontuan hartuta Monica Ausas oraindik ez dela osatu.

Talde indarberritua

Aurkari gaiztoa da Ro'Casa. Aurreko sasoian Espainiako Kopa irabazi arren, Ligan ez zen ohi bezala aritu. Azkenerako ez zen titulurako borrokan egon. Denboraldi honetan lehia horretara itzuli nahi du, eta talde indartsua osatu du. Jada erakutsia du hori, eskuratu baitu denboraldiko lehen titulua. Guardesi gailendu zitzaion Espainiako Superkopan: 26-28; Ligan, berriz, aise irabazi zuen lehen jardunaldiko partida,33-21 Porriñoren aurka.

Iragan denboraldiko taldetik, bi jokalari garrantzitsu joan zaizkio, Maria Lujan eta Almudena Rodriguez. Baina talde lehiakorra osatu du. Manuela Pizzo eta Rafhaela Priolli albokoak eta Slavica Schuster erdikoa fitxatu ditu. Haridian Rodriguez pibotea, berriz, taldera itzuli da, Guardesen jokatzen egon eta gero.

Publizitatea

Sortu kontua
Ainara Arratibel Gascon Ainara Arratibel Gascon

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak