Albistea entzun

Lemazain aldaketa Pentagonoan

AEBetako Defentsa idazkariak kargua utziko du, ustez Ekialde Hurbilari buruz ados ez dagoelako
Chuck Hagel AEBetako Defentsa idazkaria eta Barack Obama presidentea, atzo, Etxe Zurian.
Chuck Hagel AEBetako Defentsa idazkaria eta Barack Obama presidentea, atzo, Etxe Zurian. MICHAEL REYNOLDS / EFE

Mikel Rodriguez -

2014ko azaroak 25

Alderdi Demokratak AEBetako Kongresuaren kontrola galdu izanaren lehenbiziko biktimatzat jo dute Chuck Hagel, Defentsa idazkaria. Hagelek Barack Obama presidentearekin batera agerraldia egin zuen atzo Etxe Zurian, kargua utziko duela jakinarazteko. Ordurako, baina, gauza jakina zen, The New York Times-ek emana baitzuen erabaki horren berri, Etxe Zuriko iturri anonimoen filtrazioak aipatuta. Eta Obamak eta Hagelek geroago azaldutakoak baino xehetasun gehiago eman zituen egunkariak; izan ere, horren arabera, Hagelek «presiopean» utzi du kargua, eta presio horren arrazoiak omen dira presidentearekin dauzkan desadostasunak EI Estatu Islamikoaren aurkako borrokaren eta Sirian jarraitu beharreko estrategien inguruan. Hagelek karguari eusteko asmoa du, bere ordezkoa bermatu arte.

Alderdi Errepublikanokoa da Hagel; hain zuzen, Obamak bere segurtasun kabinetean daukan errepublikano bakarra. Demokraten ikuspuntutik, ordea, errepublikano adeitsua da, George W. Bushen agintaldian (2000-2008) kritiko agertu baitzen gobernu errepublikanoaren atzerri politikarekin, bereziki Irakeko inbasioarekin —nahiz eta senatuan alde bozkatu zuen—. Hagelek iazko otsailean hartu zuen kargua, Obamaren bigarren agintaldia hasi berritan, Leon Panetta ordezkatzeko. Atzoko agerraldian, Hagel hunkituta agertu zen, eta Obamak eta berak, bi hitzaldi laburrekin, loreak bota zizkioten elkarri. Defentsa idazkariaren kargu uztea adostutako erabaki gisa agertu zuen presidenteak, eta bien ustez horretarako «une egokia» ailegatu delako.

Hori bera adierazi dio The New York Times-i iturri anonimoetako batek, baina erreportajean azaldutako koadro orokorretik ondorioztatzen da presidentearen eta Defentsa idazkariaren artean desadostasunak izan direla, edo, gutxienez, konfiantza galera. The New York Times-ek oroitarazi duenez, Hagel izendatu zutenean Defentsako helburu nagusiak Afganistango erretiratzea eta Pentagonoko gastuaren murriztea kudeatzea ziren. «Iturriek azaldu dute Obamak Hagel kentzea erabaki duela Estatu Islamikoaren mehatxuak bertzelako gaitasunak dituen norbait ezartzeko eskatzen duelako». The New York Times-ek dio azken asteotan «Hagelen aholkulariek» espero zutela Defentsa idazkariak legealdi osoa beteko zuela karguan.

Egunkariak ere gainbegiratu bat eman dio Hagelen eta Obamaren arteko harremanari. Dioenez, adiskide egin ziren biak senatari zirenean, Irakeko gerraren aurka zuten jarreragatik. Hala ere, Hagelek, saiatu arren, ez du lortu «Obamaren gertukoen artean» sartzea, eta Pentagonoan Defentsa idazkari sendo baten irudia sortzen saiatu bada ere, ez du lortu, bertzeak bertze, Obamak profil apaleko Defentsa idazkari bat nahi zuelako.

Senatuaren oniritzia

The New York Times-en arabera, abuztuan azaleratu ziren bien arteko desadostasunak. Etxe Zuriak ordura arte hartutako ildoaren kontra, Hagelek agerraldi batean erran zuen EI «berehalako mehatxu bat» zela AEBentzat. Iraken bonbardaketak hasita zeuzkaten ordurako, baina oraindik modu mugatuan eta estrategia argirik gabe. Horrekin batera, presidentearen segurtasun nazionalerako aholkulari Susan Riceri txosten bat bidali zion errateko zalantza handiak zituela Siriarako estrategiarekin, Baxar al-Assadi mesede egiten ari direlakoan.

Obamak Hagelen ordezkoa izendatu beharko du, baina ordezko horri Senatuak eman behar dio oniritzia, eta senatuan errepublikanoek dute gehiengoa. Horiek jada ohartarazi diote karguduna aldatzeaz gain, estrategia osoa «birplanteatu» ere egin beharko duela.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Elisabeth Borne Frantziako lehen ministro berria eta Jean Castex lehen ministro ohia, atzo, Parisko hotel batean egindako agerraldian. ©CHRISTIAN HARTMANN / EFE

Ekonomian Frantziaren autonomia «handitzeko» gobernu bat eratu du Macronek

Mikel O. Iribar

Gerald Darmanin eta Bruno Le Maire ministro izango dira aurrerantzean ere. Catherin Colonna Atzerri ministro izango da; Sebastian Lecornu, Defentsa ministro

Scott Morrison Australiako jarduneko lehen ministroa, iragan igandean, kanpainako ekitaldi batean. ©MICK TSIKAS / EFE

Australia, ezkerrerako bidean

Josep Solano

Gaurko parlamenturako bozetan, funtsezkoak izango dira inflazioaren gorakada, klima aldaketa eta segurtasun nazionala. Oposizioko Alderdi Laborista da irabazteko faboritoa

Napalpiko sarraskia azaltzen duen kartel bat, Napalpi herrian. ©BERRIA

Napalpiko sarraskian estatuak erantzukizuna izan zuela ebatzi dute

Igor Susaeta

Epaiaren arabera, Argentinak «gizadiaren kontrako krimenak» egin zituen indigenen aurka 1924an
Abortuaren aldeo manifestazio bat, New Yorken, atzo. ©SARAH YENESEL / EFE

Oklahomak ia guztiz debekatuko du abortua

Berria

Estatuko Ordezkarien Ganberak AEBetako abortu legerik murriztaileena onartu du: amaren bizitza arriskuan badago edo bortxaketa ala intzestua izan bada baimenduko du soilik. Gobernadorearen sinadura falta da indarrean sartzeko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.