Albistea entzun

'Sandro Botticelliren Venusen jaiotza eta Udaberria'

Erudiziozko sumendia

Hasier Rekondo -

2015eko otsailak 15

Egilea: Aby Warburg. Itzultzailea: Iraitz Urkulo. Argitaletxea: Sans Soleil.

Gezurra dirudien arren, euskal literaturaren argitalpenen «anabasa kontrolatuan», itzulpengintzaren «urrezko aroaren» eraginezko harribitxi zirraragarriak agertzen zaizkigu noizean behin, ezleku baten harrizko horman itsatsita ager litezkeen masusten gisara. Horrela bada, Sans Soleil argitaletxeak Aby Warburg arte historialari eta ikertzailearen (Hanburgo, Alemania, 1866-1929) Sandro Botticelliren 'Venusen jaiotza' eta 'Udaberria' eman zuen argitara, Txinpartak sailean, kasik isilean, 2014. urte amaieran. XIX. mende amaierako ikerlari alemaniarraren erudiziozko testuaz gain, Ismael Manterolaren hitzaurrea eta Rafael Garcia Mahiquesen sarrera aberasgarria jasotzen ditu Sandro handiaren lanak gustuko dituen edonork irakur lezakeen lan horrek. Iraitz Urkuloren itzulpen orekatua eskergarria da oso, batez ere ikonologiaren sortzailetzat jotzen den Warburgen erlatibozko esaldi bihurriak emateko modua.

Garcia Mahiquesek Aby Warburg eta Artearen Historia izenburuko sarreran agertzen duenez, «Warburg, estiloen definizioaren inguruko arazoaren planteamendu tradizionala saihestuz, Botticelli gai mitologikoak era horretan irudikatzera bultzatu zuten arrazoiengatik interesatzera igaro zen». Saiakera labur honetan, Sandro Botticelliren airez betetako irudien arteko eta hauek sortzeko iturburu izan ziren Ovidio, Seneka edota Eneida-ren sortzaile Virgilio, Antzinatekoak aipatuz, edota Angelo Poliziano eta Giuliano Quattrocentoko idazleen arteko loturetan sakontzen du Warburgek.

Bankari judu gurasoen herentzia Kulturwissenschaftliche Bibliothek Warburg izeneko liburutegia sortzeko saldu zuen ikertzaile alemaniarraren lana hiru azpiataletan dago banatuta: Venusen jaiotza, Udaberria eta Margolanen konposizioaren sorburuak. Botticelli eta Leonardo; eranskin gisara Sandroren gaineko soslai jasoa ematen zaigu. Testu osoan zehar, erudiziozko tenorea agertzen du Warburgek, gerora haren ikasle izandako Gombrich moduko arte aditu ospetsuek bereak egingo zituzten tesiak defendatuz, ikonografiaren eta poesiaren arteko muga lausoetan zehar. Aitzin-oharrean argiro erakusten du zein xede duen Warburgek: «Venusen jaiotza eta Udaberria margolan mitologiko ezagunak garaiko literatura poetiko eta teoriko-artistikoaren baliokideekin alderatuko ditut, Quattrocentoko artistari interesatu zitzaizkion Antzinateko alderdi eta osagaiak zeintzuk izan ziren argitzeko helburuz». Hasiera batean artearen historian aditu ez denari testu lar zamatua, oharrez mukuru baitago, gerta dakiokeen arren, eta estilo «zaharkitua» astunegia delako inpresioa izan dezakeen arren, irakurketan aurrera egin ahala, testuaren bikaintasunaz jabetuko da irakurlea. Arras interesgarria da motibo piktoriko batek Warburgentzat duen garrantzia, xaloki eta xeheki aztertzen du non duten jatorri Florentziako Uffizien Galerian dauden Botticelliren irudi jainkotiarrei haizeak eragindako mugimenduen zergatiek. Urrezko aroa bere horretan izan bedi...

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Arte eszenikoen dFeria jaialdiaren antolatzaileak eta sustatzaileak, atzo, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian egindako aurkezpenean. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Oreka izango du ardatz aurtengo dFeria jaialdiak

Alex Uriarte Atxikallende

Arte eszenikoen jaialdia martxoaren 14tik 17ra bitartean egingo dute, Donostiako hainbat agertokitan. Festibala hasi baino bi egun lehenago, ‘pre-feria’ izeneko egitarau berezia izango da.

Leire Vargas, Aner Peritz, Haizea Arana eta Oihana Arana, <em>Erre</em> emanaldiaren sortzaileak. ©LANKU

Kategoriak arrakalatzera

Ane Eslava

Leire Vargasek, Aner Peritzek, Oihana Aranak eta Haizea Aranak 'Erre' saioa estreinatuko dute otsailaren 5ean. Lankuk ekoitzi du

Lautan Hiru jaialdiaren antolatzaileak, gaur, Bilbon. ©Marisol Ramirez / Foku

Lautan Hiru antzerki jaialdia egingo dute laugarrenez Bilboko Zazpikaleetan

Olatz Enzunza Mallona

Euskaltzaindiak, Cafe Bar Bilbaok, Zazpi Katu gaztetxeak eta Bira kulturguneak antolatu dute egitaraua, elkarlanean, eta otsailaren 3an abiatuko da.

Antso Jakituna erregea eta Benjamin Tuterakoa bidaiaria elkarrizketan, Tuterako gazteluko ganberan. ©IÑAKET

Mundua Tuteratik zeharkatzea

Iñigo Astiz

Mikel Begoña gidoigileak eta Iñaki Martinez 'Iñaket' marrazkilariak XII. mendeko Nafarroa multikulturala irudikatu dute 'Benjamin Tuterakoaren bidaia aparta' komiki liburuxkan

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.