Albistea entzun

'Kometaren eraginpean'

Eremu ilunak

Iraitz Urkulo -

2015eko martxoak 29

Egilea: Jon Bilbao. Itzultzailea: Jon Alonso. Argitaletxea: Txalaparta.

Jon Bilbaok Euskadi Literatura Saria irabazi zuen 2010ean, Bajo el influjo del cometa narrazio-lanarekin. Orain Txalaparta argitaletxeak, Jon Alonsoren itzulpenaren eskutik, lan hura euskaraz irakurtzeko aukera eskaintzen digu.

Autoreak ipuin-liburu askotarikoa osatu du; izan ere, liburuak zortzi kontakizun dakartza, den-denak neurri eta estrategia narratibo ezberdinetakoak. Badira istorio erabat errealistak, baina baita fantasiaren alde lerratzen direnak ere. Literatura-joera ezberdinak bildu arren, edo horregatik hain zuzen, egileak oso bilduma egokia eta, batez ere, orekatua ondu duela iruditu zait.

Nahiz eta kokapenak eta protagonistak ugariak izan, kontakizunek antzeko giroa partekatzen dute, misterioa eta suspensea gailentzen baitira denetan. Biak oso modu sotilean iradokiak, halere. Horrela, Bilbao egunerokoaren alderdi ezkutuenetan barrena abiatzen da, pertsonaien baitako eremu ilunetan arakatuz. Bizimodu arruntek gorde dituzten sekretu lazgarriak azaleratzen ditu, perbertsio txiki-handiak agerian geratuz. Era horretan, ustezko normaltasunaren izaera hauskorra irakurleon begien aurrean arrakala dadin utziz.

Diskurtsoari dagokionez, kontrasteak berebiziko garrantzia eskuratzen du. Izan ere, narrazioetan nagusitzen den lasaitasunak apurka-apurka lerro artean antzeman daitekeen tentsioari bide ematen dio. Baliabide horrek irakurleongan barne-ezinegona eta, aldi berean, gustagarritzat ere jo daitekeen deserotasun moduko bat eragiten du.

Idazleak aukeratutako gaien artean familia barruko egoera ezohikoak —senar-emazte edota aita-semeen artekoak— eta bikote-gatazkak nabarmentzen dira: Biblia irakurtzen duten auzokoak zelatatzen dituen bikotea, hildako ama bisitatzeko bidaia egiten duten aita-semeak, landako erretiroaren esperientzia bizi duen emakumea, eta abar. Egia esan, Kometaren eraginpean arrunt jokatzetik urrun dauden pertsonaia bitxiz beterik dago, zein baino zein xelebreagoa. Egileari, bestalde, animaliek —balea, txakurra edo azeria, esaterako— metaforak bideratzeko orduan erakusten duten ahalmen aparta aitortu behar diot.

Ipuin batetik bestera irudikatzen dituen egoerak zeharo ezberdinak izanagatik ere, bizitzari piperra gehitzeko beharrari, barne-bulkada eutsiezin bati amore ematen dioten pertsonaiak dira istorioetan protagonismoa bereganatzen dutenak. Literaturaz ari garela, harrigarria da, hain zuzen, Jon Bilbaok pertsonaien arteko komunikazioa hitzik trukatu gabe gauzatzeko duen trebezia.

Hainbat gertaera eta pertsonaiaren arteko elkarrizketak, dena dela, apur bat bortxatuak eta egiantzaren mugan nabaritzen dira. Edozein modutan, kontakizunek irakurleok harritzeko gaitasunari eusten diote une oro. Guztietan tramak hain dira originalak, ezen sekula ez dagoen amaiera aurreikusterik.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

James Joyceren <em>Ulises</em>-ek mendea bete du aurten. ©BERRIA
Bilboko Arte Ederren museoko 18. gela hartzen dute Rubensen lanek. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

2025ean nahi dute zabalik Bonnat museoa

Iñigo Astiz

Guztira, 4.000 metro koadro izango ditu Baionako Bonnat-Helleu museo berriak, eta maileguak egiten hasteko asmoa dute
Claudia Pages artista eta Clara Montero Tabakalerako kultur zuzendaria, Lau Pareta aretoan. ©GOTZON ARANBURU / FOKU

Gerundioaren buelta biolentoa

Itziar Ugarte Irizar

Claudia Pagesen 'Gerundi circular' bideo instalazioa jarri dute ikusgai Tabakaleran, urtarrilera arte
Inazio Mujika, Aintzane Atela, Miren Arratibel, Manu Lopez eta Joxean Muñoz, gaur goizean, Donostian. ©Gorka Rubio / Foku

Edith Wharton batu da Literatura Unibertsala bildumara

Itziar Ugarte Irizar

Egile estatubatuarraren 1911ko ‘Ethan Frome’ nobela laburra euskaratu dute Miren Arratibelek eta Aintzane Atelak. Izen bereko pertsonaiaren gorabeherak ditu ardatzean.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...