Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kultura Erosoa eta etxekoa

Publizitatea

Kultura

Sofa 'II'

Erosoa eta etxekoa

Diskoetxea: Bonberenea Ekintzak.
Gure etxeetako egongela askotan daude suediar jatorriko altzariak. Ezagunak eta merkeak dira, nahiz eta puzzle formatuan eskuratu. Argibideak jarraituta, dena da posible. Erosotasuna, ordea, gurean dugu urrutira joan gabe. Urola Kostako Sofa banda erosoagoa da. Zarauzko bi musikarik eta Zumaiko batek osatzen dute, eta rock instrumentalaren bidez marrazten dituzten pasarteak erakargarriak dira.

Eseri edo etzan. Eroso jarri. Analogikoa edo digitala aukeratu. Play sakatu, eta arretaz gozatu II lana. Entzunaldi bat, bi eta hiru eskaini. Ñabarduretara iritsi, behartu gabe. Izenburuak argitzen duen moduan, hiruko gipuzkoarraren bigarren diskoa da entzun duzuna. Bi urte pasatu dira Korrokoi albinua abesti bikainarekin aurreko lana itxi zutenetik. Zuzenekoetan dena ematen ibili dira, instrumentalak eragin dezakeen muga zeharo hautsiz.

Bonberenearen eskutik iritsi dira kantu berriak. Guztira hamar dira Karlos Osinagarekin Tolosan bertan grabatu dituztenak. Horietako bat, Aspalditik gatoz, urrutira goaz bilduman sartu dute: Into the fire. Gainerako bederatziak bigarren lanean topatuko ditugu. Guztiek dute kostaldekoen izaera: esperimentala, progresiboa eta kresal usainekoa. Bai, topiko bihurtu da itsasaldekoei beti ezaugarri bera jartzea.

Lasterka ibiltzeko, pixkanaka hastea komeni. Korrikalariak hiru dira: gitarra delay efektuarekin, bateria iraunkor eta aldakorra, eta baxu sendoa. Erreleboka, ondo baino hobeto moldatzen dira Jonbe, Imanol eta Kepa. Agorregi abestian stoner kutsua azaleratzen dute, erritmoa markatuz. Atsedenerako ez du balio Correcaminos melodikoak. Oso alaia da, pop kutsuarekin eta txalo batzuekin.

Iraupen luzeagoko piezak datoz segidan. Bitzozkolak eta Ponto bidaia proposamen paregabeak dira. Korrika saiorako, ordea, egokiagoa da Tope zatopek, eta erritmoa jaisteko dago Triziklo. Alaitasuna ez dute galtzen bilduma instrumentalean. Guartekerre eta Erro karratua abestiek irribarrea eragiten dute, hirukoak duen kutsu tropikala azpimarratuz. Bateriaren makilen jolasak freskotasuna ematen die. Bukatzeko eta aurrera begiratzeko, giro espeziala eta espaziala sortzen duen Periskopioa dute.

Lana ilustratzen duen azal koloretsua ezin aipatu gabe utzi. Mamiarekin harreman zuzena dute irudian ageri diren elementuek. Biniloan eskuratuz gero, koadro elegantea litzateke, barrukoa biraka entzutearekin batera. Esan bezala, eroso jarri eta gozatu.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak