Voyager 'Ghost Mile'

Goraldia

Diskoetxea: Autoekoizpena.

Inaxio Esnaola Aranzadi.
2017ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Milia bat 1,6 kilometro dira. Australiako Voyager taldearen lehen lanetik seigarrenera, ordea, distantzia handiagoa da. Progresiboaren bidetik, hasierako proposamena sinplifikatu eta zaildu dute. Posible ote da hori? Danny Estrin sortzailearen bandak etenik gabeko eboluzio musikala zaindu du, eta Ghost Mile seigarren diskoa izango da haien ibilbideko mugarria. Hilabete hasieran plazaratu zuten, eta beraz, goiz da hori baieztatzeko.

Teknika eta abilezia garatu ahala melodiaren mesedetan jarri dira australiarrak. Bai, metal musika jorratzen dute. Hobeki esanda, djent-metal gisara definitzen dituzte, eta beraiek onartu egiten dute. Dena etiketatzeko ohituratik harago, inoizko kantu arriskatuenak konposatu dituzte. Inoizko biribilenak. Progresiboak eskaintzen duen esperimentazioa asko landu dute azken urteetan, eta beste talde batzuen ekarpena estimatu dute. Horien artean daude, Devin Towsend, Leprous, Opeth, Karnivool, Tesseract eta Evergrey.

Gailurra egiteko metodoa bilatzeko orduan, indarguneak eta ahuleziak aztertu dituzte. Asko irabazten dute melodien lanketarekin, eta pasarte zinez teknikoak erraz iristen dira belarrira. Ascension lehen kantuak urrea balio du, bai musikalki eta bai transmititzen duen mezuarengatik. Bizitza bakar honetan, norberaren helmugak bilatzea ezinbestekoa da, damutzeko aukera baztertzeko. Hori badaki boskoteak, eta horretara doa. Misery Is Only Company abestia izan zen lehen aurrerapena, eta aurkeztu nahi zutena ondoen islatzen duena da.

Arnasa sakon hartzea ezinbestekoa da goraino iristeko. Horregatik, Voyager taldeak mugarik gabe eraiki du lan berria. Lifeline eta The Fragile Serene ildo berekoak dira, baina tenpo eta pausa ezberdinekin. Lehenengoaren erritmo hauskorrek aldaka mugitzeko balio dute; bigarrenak, berriz, buruaren mugimendu mantsoa eragiten du. Egia esan, monotoniak ez du lekurik doinu progresiboetan, batzuen logura sor dezakeen arren.

Ikusezina ikusgarri ere bihurtu daiteke. Australiako boskoteak, diskoaren izen bereko Ghost Mile kantuan, bere osagai gehientsuenak batu ditu.Erritmoen aldaketek eztanda egiten dute errepika epikoarekin. Estrinen ahotsak gehien luzitzen duen abestia da. Aldiz, What a Wonderful Day dantzagarria eta Disconnected bikaina dira laneko azken zatiko harribitxiak.

Metal hitza irakurri orduko sortzen diren aurreiritziak hankaz gora jartzen dituen talde modernoa da Voyager. Hori dela eta, esperientzia aberasgarri bat izan nahi duenak nahitaez entzun beharreko diskoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.