'Plazeraren gau ilunekoak'

Euria, eder, hildakoen lurraldean

Hasier Rekondo -

2014ko azaroak 9

Egilea: Francis Scott Fitzgerald. Itzultzaileak: Iñigo Roque eta Garazi Arrula. Argitaletxea: Elkar.

Egun murrizketa ulertezinak jasaten ari den BERRIA honetan bertan adierazi zuen berriki Juan Luis Zabalak euskal itzulpengintzak «urrezko aro gordeegia» duela. Iruzkintzera gatozen Francis Scott Fitzgeralden (Minnesota, AEB, 1896 - Kalifornia, AEB, 1940) Plazeraren gau ilunekoak narrazio bilduma (Elkar 2014) urrez jantzi dute euskarara ekartzean Garazi Arrulak eta Iñigo Roquek (2013ko Euskadi sariduna Itzulpengintza arloan).

Minnesotako Saint Paul izoztuan jaiotako jenioaren zenbait lan euskaratuak dira jada, hala nola haren obrarik entzutetsuena, Gatsby handia, Xabier Olarrak ekarria 1990ean; Javi Cilleroren Babiloniara itzultzea (1996), Garazi Arrulak berak 2012an itzulitako Mila esker suagatik, eta bilduma honetan jaso den Hamarkada galdua, Roquek berak ekarritakoa; azken bi horiek Interneten argitaratutakoak.

F. Scott Fitzgeralden literatura esaldi txundigarriez blaitutako eremu gorenean kokatzen da. XX. mendeko hirugarren hamarkadaren jazz aroko nolabaiteko azalkeriaren narratzailetzat jo duten arren, jai amaigabeen artean eta alkoholean bizitza hustutako pertsonaien artean, Fitzgeralden estilo gardena eta maisuki zizelkatutako esaldiak literaturaren historia nagusian geratuko dira Flaming Youth belaunaldi hartako idazle handien artean. Nola lehiatu liteke norbait Hemingway, Dos Passos edota Faulknerrekin, alkoholean erori gabe?

Ustezko aberastasunaren bilaketa etengabea, paradisu eskuraezina galtzaileentzat, narrazioetako leit motiv bilakatuko da. «Kezken, pobreziaren eta lorik gabeko gauen usaina duk hori», diotso Gordon Sterrett-ek Yale-ko kide ohiari, «erreka jota» diru eskean doakionean. Oka egiteraino molde ugarietan irakurriko dugu lelo bera: aberatsa izateko grina, existentzia antzuaren aurkako molotov koktel baten gisara. Eta era guztietako koktelak ugariak dira narraziootan.

Kronologikoki paratutako narrazioon aukeraketa nahiko heterodoxoa den arren, aproposa da Fitzgeralden bilakaeraz jabetzeko; mitoren bat hauts lezake gai bakarreko idazletzat jotzen dutenen artean. Nabaria da XX. mendeko hirugarren hamarkadako lilura hori islatzeko grina eta porrotaren soslai kaleidoskopikoaren berri emateko egarria. Fitzgeralden dohainik aipagarriena abiapuntu ez lar erakargarri batetik sortzen duen sendotasun narratiboa da. Esango nuke kasik istorio guztiotako hastapenak direla irakurlea txunditzeko ezer apartekorik gabeak, baina bilbadura narratiboak, esaldien txukuntasunak eta, batez ere, elkarrizketa distiratsuek droga maltzur baten antzera atxikiko dute irakurlea narraziora. Bitxikeria gisara, Fitzgeralden edukietatik urruntzen den Maiatzaren Lehena narrazio luzea aukeratuko nuke, ederto harilkatutako istorioa delako. Pertsonaiak egun berean trebetasunez elkartzen dituen narrazio horretan, Fitzgerald «naturalistena» aurkituko dugu. Gordon Sterrettek bere buruaz beste egingo du New Yorkeko Hogeita Zazpigarren Kaleko gela ziztrin batean, Gerra Handiaren osteko ajearen eraginez. Oraindik ere 20ko hamarkada alaia heldu gabe zegoen, baina Fitzgeraldek bazekien harrezkero loriaren osteko krisi orok molde bereko ajeak dituela ondorio gisa. Tender Is the Night handiaren itzulpenaren zain geratzen gara, itzulpengintzaren urrezko aro gordeegi honetan. Krisiak badirau.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

 ©ARGAZKIA: MARISOL RAMIREZ /FOKU - ARGAZKI MONTAJEA: BERRIA

Nora doa euskal kultura?

Amaia Igartua Aristondo

Transmisioa, sustapena, kulturgileen arteko batasuna edota instituzio subiranoak izatea. Horiek dira euskal kulturak etorkizunean dituen erronka kolektiboetako batzuk, BERRIAk galdekatutako zazpi sortzaileen ustez. Batzuetan, sektorearen norabideak bat egiten du bide orokorrarekin; kasu guztietan, lanetan eragiten du.

<em>Hobbita</em> 1937an argitaratu zuen J.R.R. Tolkienek. Goian, lehen edizio haren azalerako sortu zuen irudia. ©EFE / MORGAN MUSEOA

Editorea hobbit zuloan behera

Joannes Jauregi

Urtea bete da Christopher Tolkien zendu zela, John Ronald Reuel Tolkien idazlearen seme eta hil ondoko argitaldaria. Aitaren itzalpean eman zuen bizi osoa, itzal hori lantzen, osatzen eta argitara ematen. Funtsezkoa da haren jarduna ulertzea aitaren balio literarioaz jabetzeko.

Salem 66 taldea da bilduman ageri direnetako bat. ©'STRUM & THRUM' BILDUMA

Tin-tin egiten, hardcore garaietan

Julen Azpitarte

'Strum & Thrum' bilduma argitaratu dute: AEBetako 1980ko hamarkadako hardcore eztandaren itzalpean loratu zen tokiko pop eszenako doinuak bildu dituzte LP bikoitzean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.