Noiz sortua: 2016-05-29 00:30:00

Euskara hauspotzeko eguna

Uemaren sorreraren 25. urtemuga ospatu dute Leitzan. Dima, Legorreta eta Ziortza-Bolibar mankomunitateko kide berri izendatu dituzte
Udalerriek euskararen normalizazioan duten ardura aldarrikatu zuen atzo Josu Labaka Uemako lehendakariak.
Udalerriek euskararen normalizazioan duten ardura aldarrikatu zuen atzo Josu Labaka Uemako lehendakariak. BERRIA

Naiara Elola -

2016ko maiatzak 29
Jai giroan ospatu zuten atzo, Leitzan (Nafarroa), Udalerri Euskaldunen Eguna. Euskararen normalizazioan udalerriek duten ardura aldarrikatu zuten ehunka lagunek Udalerri euskaldunak, 25 urte hauspotzen lelopean egin zen jaian. Horrekin batera, Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak egindako ekarpena ere goraipatu zuten. Izan ere, mende laurdena igaro da Aizarnazabalen (Gipuzkoa) egindako lehen batzar haren ondotik udalerri euskaldunak sustatzea xede duen mankomunitatea sortu zela.

Hemeretzi kide zituen Uemak hasieran, eta, 25 urteren buruan, 76 ditu. Atzo, Leitzako udaletxean egindako batzar nagusian, mankomunitateko kide berri izendatu zituzten Dima (Bizkaia), Legorreta (Gipuzkoa) eta Ziortza-Bolibar (Bizkaia). Izendapen ekitaldian, euskararentzat arnasgune diren herrien garrantzia aldarrikatu zuen Legorretako alkate Zelai Amenabarrok: «Arnasguneak indar handia hartzen ari dira azken urteetan euskalgintzan. Inork ez du dudan jarriko euskararentzat berebiziko garrantzia dutela».

Hain justu, udal ordezkariak batzar nagusian zeuden bitartean, arnasguneen inguruan hausnartu zuten udalerri euskaldunetako hainbat herritarrek eta eragilek. Besteak beste, herri mailan euskararen normalizazio prozesurako ezinbestekoak diren elementuak aurkeztu, eta eragiteko aintzat hartzeko esparruak zehaztu zituzten.

Alde horretatik, Eneka Maiz Etxarri Aranazko (Nafarroa) alkate eta Uemako zuzendaritzako kidearen irudiko, «azken urteetan asko aldatu da arnasgune diren herrien errealitatea, eta gertutik aztertu beharreko fenomenoa da». Horrez gain, salatu zuen udalek mugak dituztela euskararen aldeko hizkuntza politika aurrerakoia egiteko. Esaterako, aste honetan bertan Nafarroako Auzitegi Nagusiak Baztango Euskara Plana baliogabetu izana gaitzetsi zuen Maizek. Bestalde, Eusko Legebiltzarrak lehengo hilean onartutako Udal Legearen antzeko lege baten aldeko urratsak egiteko eskatu zien Nafarroako agintariei.

Leitzako udaletxean egindako batzar nagusiaren ostean hasi zen ekitaldi nagusia. Bertan, Uemako kide diren udaletako ordezkariek parte hartu zuten, baita Nafarroako Gobernuko, Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko hainbat ordezkarik ere. Ekitaldian, Josu Labaka mankomu- nitateko lehendakariak euskararen garrantzia nabarmendu zuen: «Herri honen izaerarentzat eta etorkizunarentzat udalerri euskaldunen ekarpena egundokoa dela jakinda, hizkuntza politika aurrerakoiak behar ditugu». Euskararen arnasguneak elkarlanean eta norabide berean sendotzen jarraitzeko deia egin zien udalerriei.

Bestalde, euskarak galdutako esparruak berreskuratuz joateko, legearen babesaz gain alor pribatua ere landu beharra dagoela nabarmendu zuen Mikel Illarregik, Uemako lehendakari ohiak. «Alferrik ari gara administrazioa euskalduntzen, gero euskara erabiltzen ez badugu». Gainera, adierazi zuen Euskal Herriak euskalduna izan behar duela «benetakoa» izatekotan .

Festa eta aldarria

Udalerriek euskararen normalizazioan duten arduraz hausnartzeko aukeraz gain, festarako tartea ere izan zen Udalerri Euskaldunen Egunaren harira antolatutako egitarau oparoari esker. Izan ere, mankomunitateko kideak batzartuta zeuden bitartean, Leitzako plazan dozenaka lagun elkartu ziren, herriko talde batek eta Ezpeletakoak (Lapurdi) herri kiroletan izan zuten lehia ikusteko. Gero, Euskara hauspotzen abestiaren erritmoan, flashmob-a dantzatu zuten. Goizeko ekitaldiekin batera, herri bazkariaren ondoren, haurrentzako ikuskizun batek eta Atekabeltz gaztetxeko kontzertuek osatu zuten euskararen aldeko jaia.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna