Albistea entzun

Katalunia 1. Euskal Selekzioa 1

Kopa etxera, penaltietan irabazi ostean

Irabazten hasi arren, banako berdinketarekin amaitu da partida.

Naiara Beristainek sartu du euskal selekzioaren gola, 74. minutuan
Goian, euskal selekzioko kideak garaikurrarekin. Behean, Anne Mugarza bi aurkarirekin lehian.
Goian, euskal selekzioko kideak garaikurrarekin. Behean, Anne Mugarza bi aurkarirekin lehian. ALEX CAPARROS

Jon Ander De la Hoz -

2015eko abenduak 27

Katalunia. Pons, Estella, Pereira, Gutierrez, Dieguez, Georgina Carreras, Alexia Putellas, Ferez, Ouhabi, Garcia, Torrejon. Jokalari hauek ere jokatu zuten: Rafols, Soldevila, Nicart, Corredera, Serna, Verges, Garcia, Mendoza.

Euskal Selekzioa. De la Nava, Vicente, Ramajo, Paredes, Gimbert, Diez, Mugarza, Leire Baños, Murua, Garcia, Corres. Jokalari hauek ere jokatu zuten: Quiñones, Unzue, Encinas, Naiara Beristain, Bajo, Lareo, Nabaskues.

Golak. 0-1. Beristain (74. min.); 1-1. Corredera (90. min.). Penaltietan, 3-4 irabazi zuen euskal selekzioak.

Epailea. Gustavo Rebollo Lopez. Txartel horiak: Kataluniako Carola Garcia; eta Euskal Selekzioko Leire Bajo.

Bestelakoak. 4.000 ikusle inguru, Miniestadin emakumezkoen partida batek sekula izandako kopuru handiena. Bi taldeek ez zuten ofizialtasunaren aldeko inolako aldarrikapenik egin. Pankartarik gabe zelairatu ziren.

Iazko euri zaparradengatik izan ez balitz, nekez bereizi ahalko ziren atzoko eta duela urtebeteko partidak. Euskal selekzioak eta Kataluniak bana berdindu zuten bigarren urtez jarraian, eta penaltietan irabazita lortu zuten euskal herritarrek Mendeurren Kopa etxeratzea. Hala, 2007tik galdu gabe jarraitzen du euskal selekzioak.

Indartsu irten zen Katalunia, 4.000 zaleren babesean. Emakumezkoen futbolak Miniestadin inoizko ikusle gehien izan zuen, eta giroak lagunduta edo, erasokor hasi zuten neurketa etxekoek. Lehen minutuetan Alexia Putellasek eta Debora Garciak gidatu zuten jokoa, eta hamargarren minuturako birritan jaurti zuten euskal herritarren atera.

Partida aurrera joan ahala berdindu ziren indarrak. Horren adibide, 25. minutuan Nahikari Garciak izandako abagunea. Ezker hegaletik bi aurkari atzean utzi zituen Realeko jokalariak, baina Yulema Corresek ezin izan zuen haren erdiraketa errematatu. Pixkanaka Kataluniaren areara gerturatzen hasi zen euskal selekzioa, eta erasoko jokaldi batean, 40. minutuan, etorri zen partidako ezbeharra: Nekane Diezek min hartu zuen, eta nahi baino lehenago egin behar izan zuten lehen aldaketa euskal hautatzaileek.

Lehen zatiaren hondarrean, Garazi Muruak eskuarekin ukitu zuen baloia, baina epaileak ez zuen ezer adierazi. Hala, hutsean amaitu ziren lehen 45 minutuak.

Bigarren zatiari ere gogotsu ekin zioten kataluniarrek. Adibide gisa, 50. minutuan Miriam Dieguezek eginiko jaurtiketa. Arearen ertzean jaso zuen baloia Bartzelonako erdilariak. Jaurtiketa ona egin zuen Dieguezek, eta are erantzun hobea eman zion zelairatu berria zen Mariasun Quiñones atezainak. Kataluniarrak hobeto ari ziren arren, ez zuten asmatzen atearen aurrean. Egoera horri 74. minutuan atera zion zukua euskal selekzioak. Erdiraketa bat nekez aldendu zuen Kataluniako defentsak, eta alderatzea Naiara Beristaini iritsi zitzaion area txikiaren ertzean. Getxoztarrak inolako trabarik gabe sartu zuen gola.

Berdinketa hautsi izanak partida bizitu zuen. Kataluniarrek erasora jo zuten, eta orduan iritsi ziren bi taldeen minuturik onenak. Carolina Ferezen jokaldi baten ostean, baloia Sara Sernari iritsi zitzaion, eta bere jaurtiketa gutxigatik aldendu zuen Quiñonesek. Partida huts eta batekoarekin amaituko zela zirudienean sartu zuen gola Kataluniak. Atezainak luze atera zuen, eta Irene Paredes eta Leire Bañosen arteko gaizki ulertuak bakarrik utzi zuen Marta Corredera. Arsenaleko aurrelariak ez zuen hutsik egin Quiñonesen aurrean eta Mendeurrenaren Kopako garailea penaltietan erabakitzea behartu zuen luzapeneko lehen minutuan.

Penaltietan erraz gailendu ziren euskal herritarrak. Ondo hasi zen txanda, Sara Sernaren jaurtiketa gelditu baitzuen Quiñonesek. Hamaika metroetatik ez zuten hutsik egin euskal jokalariek, Beristain, Lareo, Corres eta Bañosek euren jaurtiketak sareratuta, eta Hondarribiko atezainak beste penalti bat geldituta lortu zuen Mendeurrenaren Kopa euskal selekzioak. Duela bederatzi urte hasitako ibilbidean zazpi partida jokatu ditu selekzioak, eta ekainean Estoniari irabazi ostean bere bigarren garaipena erdietsi zuen jarraian.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Nerea Nevado baloiarekin, atzo, Levanteren aurka. ©Athletic

Denboraldiko lehen porrota Athleticentzat

Berria

Levantek kontrolatu du neurketa, eta Redondoren eta Mayra Rodriguezen golei esker lortu ditu hiru puntuak. 

Nerea Arruti, garaipena ospatzen. ©Idoia Zabaleta / FOKU

Nerea Arrutik eta Andoni Iruretagoienak irabazi dute Euskal Pentatloia

Edu Lartzanguren

Iruretagoiena bigarren urtez nagusitu da. Iazko irabazle Karmele Gisasola bigarren geratu da.

 ©UNAI ZABALETA

«Eibarrekin Lehen Mailara igotzea baino ez daukat buruan»

Iñaki Berastegi

Etxean bikain abiatu du sasoia Eibarrek, baina etxetik kanpo, nahi eta ezin. Arbillaren ustez, partida guztiak irabazteko «gosea» izan behar du taldeak igoeragatik borrokatzeko.
Evenepoel, bakarrik helmugaratzen. ©DEAN LEWINS / EFE

Evenepoelek irabazi du Munduko Txapelketa, modu ikusgarrian

Berria

25 kilometroz bera bakarrik aritu da ihes eginda. 2018an ere irabazi zuen lasterketa.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...