Albistea entzun

Arrauna. Kontxako Bandera

Haizea, lagun edo etsai

Kontxako Banderaren lehen jardunaldia da gaur, eta txanden artean atera ohi den haizeari begira daude denak.

Ateratzen bada, Urdaibai izan daiteke faboritoen artean faboritoena
Kaikuko eta Urdaibaiko traineruak, entrenatzen hasteko prest, atzo goizean, Donostiako kaian.
Kaikuko eta Urdaibaiko traineruak, entrenatzen hasteko prest, atzo goizean, Donostiako kaian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Aitor Manterola -

2014ko irailak 7

Kontxako Banderak sei mugarri izaten ditu: osteguneko sailkapena da aurrenekoa; egun berean egiten den txanda zozketa da bigarrengoa; gaurko kale zozketa da hirugarrengoa; estropada laugarrena; bosgarrena hurrengo igandeko kale zozketa izaten da; eta seigarrena, bigarren jardunaldiko estropada. Aurrenekoa gainditu zuten zazpi traineruak eta Donostiarra bigarren mugarria gaur erabakigarria izango ez ote den ari dira galdezka, hirugarren eta laugarren mugarriak heldu artean.

Izan ere, ostegunean, txanda zozketako bolak jostariak atera ziren, lau faboritoak bi txandetan banatu zituztelako, binaka. Aurrenekoan doaz gaur Urdaibai eta Kaiku, eta bigarrengoan Hondarribia eta Orio. Donostiako eremuan, ia urtero gauza bera egiten du eguraldiak: txandatik txandarako tartean haizea ekartzen du, eta horrek, jakina, mesede egiten die lehen txandakoei eta kalte bigarrengokoei. Kezkaz beteta zeuden ostegunean, zozketa bukatu berritan, Orioko ordezkariak, esaterako. Haizea, ditxosozko haizea buruan bueltaka. Kezkatiak ez lasaitzeko, atzoko hau dago: Asier Zurinaga Kaikuko patroiaren hitzak dira, goizeko entrenamendua bukatu eta Lasarteko hotel batean zegoela, bazkaltzeko zain: «Uretan ginen atzo eguerdian, entrenatzen, Donostian, eta 12:20an puntu-puntuan hasi zen haizea ekartzen, indarra hartzen hasi zen».

Ederki azaldu zuen zer nahi duen gaurko: «Kanporanzko luzean haizerik ez izatea nahi dut, baldin badago kontra izango dugulako. Eta atera behar badu, atera dadila bigarren luzea egiten ari garen bitartean, alde izango genuke eta. Gero, jarrai dezala horrela, bigarren txandakoek kontran izan dezaten kanporanzko luzean». Bat egingo dute ziurrenik nahi horiekin Urdaibaikoek ere. Lau faboritoen artean indartsuenak izateko ez zaie asko faltako, eta gainera, haizea lagun izaten badute, kontuz haiekin gaur.

Itsaso ona dago emanda. «Giro horrekin ez dut uste kaleen arteko aldeak erabakigarriak izango direnik», esan zuen atzo Jose Luis Kortak. Kasu eginez gero Kaikuko entrenatzaileari, hirugarren mugarria, gaurko kale zozketarena ez da izango erabakigarria.

Hala ere, aukeratzeko aukera emanez gero taldeei, lehendabiziko kalea ez du inork nahi izaten, eta zerbaitegatik izango da. Hortik joanda irabazi izan da banderarik behin baino gehiagotan, baina ez da gustuko kalea. Erdikoak hobe, eta erdikoetan hirugarrenak izaten du maitale gehien.

Lehenengo txandako lehia aztertzen hasita, faboritoa bat eta bakarra da: Urdaibai. Kaiku parean jarri zaio azken hilabetean, baina hala ere, nekez gerturatuko zaio Bermeo taldeari, honek egunik onena izaten badu. Joan zen urteko arantza ere hor dute Bermeokoek, bandera epaileen erabakiz galdu zutelako, eta hori ondo bideratzen asmatzen badute, handiren bat egiteko moduan da Jon Salsamendik entrenatutako taldea.

Portugalete eta Cabo izango dituzte alboan Urdaibaik eta Kaikuk. Bien arteko lehia beste bien artekotik apartekoa izango dela ematen du, udako emaitzak kontuan hartzen badira behintzat. Eta Cabok aukera gehiago dauzka txandan azkena ez bukatzeko. Bi hauek ere haizeari begira egongo dira. Txandan aurrean ez ibili izanagatik ere, haizeak laguntzen badie sar daitezke bigarren igandeko ohorezko txandan.

Hondarribia eta Orio, estu

Haizeak zer egingo duen edo zer egiten ari den seinaleak emanda izango ditu bigarren txanda hasterako; edo hor nonbait ibiliko da. Hondarribia eta Orio joango dira alde batetik, uda osoko buruz buruko lehiari beste atal bat gehituz. Bietako batek behar luke txandako garaile. San Juanen helburua goiko bi horiek gertu edukitzea izango da. Lan ona eginez gero, zergatik ez du lortuko? Eta Donostiarrarena jakina da zein den. Lan duina egitea dute asmotzat. Hauei eragiten die gutxien haizearen gorabeherak. Astinduko ote du trapua gaur bertan batera edo bestera balizko eguerdiko haize aldaketa horrek? Eta ez bada haizea aldatzen?

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JON URBE / FOKU

Errepidean eta errepidetik kanpo irabazle

Beñat Mujika Telleria Ainara Arratibel Gascon

Txomin Perurena txirrindulari eta zuzendari ohia zendu da, 79 urterekin. 158 garaipen lortu zituen, eta mendiko maillota irabazi zuen Tourrean, lorpen askoren artean.
 ©RODRIGO JIMENEZ / EFE

«Denok bide berean goazelako lortu ditugu helburuak; familia bihurtu gara»

Jon Ander De la Hoz

Realak osatutako sasoi ona azken urteetan egindakoaren segida dela uste du Elustondok. Beasaindarrak adierazi du «lan ona» egiten ari dela kluba; «gogotsu» daude Txapeldunen Ligarako.
Roberto Olabe Realeko futbol zuzendaria. ©Reala

Olabe: «Nortasuna dago proiektuaren oinarrian»

J. A. De la Hoz

Realeko kirol zuzendariak azaldu duenez, klubak hiruzpalau fitxaketa egiteko asmoa du; horietako bat Alexander Sorloth izatea nahi dute
Alaveseko eta Eibarreko jokalariak nor baino nor gehiago ©Jaizki Fontaneda / Foku

Alaves izango da kanporaketa erabakigarrian

Ainara Arratibel Gascon

Arabarrek 2-0 hartu dute mendean Eibar, eta Levanteren aurka lehiatuko dira nor baino nor gehiago Lehen Mailara igotzeko. Igandean jokatuko da joaneko partida Mendizorrotzan. Luis Garcia Plazaren taldea eraoso aritu da, eta nahi baina ezin Garitanorena.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Aitor Manterola

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.