Bigarrenean banatu du egurra

Arabako Bertsolari Txapelketako finalaurrekoen bigarren itzuliko lehen saioan, Oihane Perea nabarmen nagusitu da
Oihane Perea, atzoko saioan kantuan.
Oihane Perea, atzoko saioan kantuan. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

Beñat Zamalloa Akizu -

2015eko otsailak 22

«Beraz, egurra bana dezagun / gupidarik gabe», kantatu zuen hasierako agurrean Oihane Pereak, Arabako Bertsolari Txapelketako finalaurrekoen bigarren itzuliko lehen saioan. Lehen itzuliko saioan ere tonu bertsuko agurra kantatu zuen, baina, saioak aurrera egin ahala gora eginagatik, orduko hartan ez zuen nahi adina egur banatu. Atzo, ordea, Aramaioko finalaurrekoan, ariketaz ariketa izan zen nagusi, eta Iker Agirre, Ruben Sanchez, Jon Ruiz de Pinedo, Irati Anda eta Unai Bengoetxearekiko aldea nabarmen igarri zen kultur etxeko oholtzan. Beraz, okerrik ezean, finalean arituko diren sei bertsolarietako bat izango da, datorren martxoaren 21ean, Gasteizen.

Hamarreko handian hasi zituzten ariketa puntuagarriak. Zenbaitetan luzeegi egin zitzaien hamarreko nagusiaren goitik beherako bidea. Hala gertatu zitzaien Andari eta Sanchezi. Bengoetxeari eta Ruiz de Pinedori Aranzadiko ikerlarien ahotik kantatzea egokitu zitzaien. Albertia mendian gudari baten hezurrak aurkituko zituzten hobi batean. Lehen ofizioa txukun hasi zuten biek, baina ezin izan zioten mailari eutsi gainontzeko bi bertsoetan.

Perea hasieratik nagusitu zen. Agirrerekin osatu zuen lehen ariketa. «Arrantzaleen senitartekoak zarete. Gaur zuen senideak berriro ere sei hilabeterako itsasora doaz. Portuan elkartu zarete, bakoitza bere senidea agurtzera joanda», jarri zien gaia Irazustak. «Eta orain, laztana, zuri begira / zure andrea dago txarto. / Musu luze bat ta besarkada / handi bat eman beharko / ze erreserbak beharko ditugu / sei hilabetetarako», bukatu zuen lehen bertsoa Pereak. Jarraipenean, tonuari eutsiko zion Agirrek, itxoiten egongo zirela kantatuta. Pereak, baina, tonua aldatu zuen bigarren bertsoan: «Orain, baldintzapeko askatasuna / badu bere alde ona». Tonu aldaketari eutsi zion Agirrek, eta tristeena zer zen azaldu zuen: «Tristeagoa da egotea / arrainik probatu gabe».

Zortziko txikian, Andarekin edukiko zuten haurrari bietako noren abizena jarri ezbaian aritu zen Agirre. Lehen bertsoan jakin zuen umore kolpea ematen: «Agirre da onena / ez eman lau buelta / Andakin rima errez / asko dago eta». Aramaioarra izaki, bildutako ehun bertsozaleen artean nabari zen asmatzen zuenean. Txikiko ariketetan erakutsi zuen bere bertsokera ondoen. Andak, berriz, kartzelako puntu emandakoetan aitortuko zuenez, nahi eta ezin ibili zen. Kartzelakoan hirutan ere hasi behar izan zuen.

Pereak goian jarraitu zuen zortziko txikian ere. Ruiz de Pinedorekin osatu zuen ariketa. Igande goizean kokatu zituen gaiak. Etxeko txirrinak jo, Ruiz de Pinedok atea ireki, eta Perea zuen atean, kosmetikoak saldu nahirik. Ruiz de Pinedok, saioko zenbait bertsotan bezala, goitik behera osatu zuen lehena, erraz eta txukun. «Orain beharko nuke / ibuprofenoa», bota zion aurreneko bertsoan Pereari. «Atzo gauekoa bai / izan zen larria / maletina hemen daukat / ez egin irria / nik jarri behar dizut/ aurpegi berria», erantzungo zion bigarren bertsoan Pereak.

Sanchez, ez hain eroso

Aratusteak igaro berritan, gai hori izan zuten hamarreko txikian Sanchezek eta Pereak. Iaz Euskal Herriko ihauterietan izan ondoren, Rio de Janeirokoetara joanak ziren gaiari jarraiki. Sanchez ez zen beste aldi batzuetan bezain eroso nabari oholtzan. Joskeran larri ibiliagatik, ariketa guztietan utzi zuen beretik puntu bat baino gehiago. «Hango inauteriak / beti elurrakin / gu ezin gara jantzi / tangatxo batekin», bukatu zuen hamarreko txikiko aurreneko bertsoa. Gerria mugitzera etorri zirela aldarrikatu zion, «lizun», bigarren bertsoan Pereak, eta berak biluzita ere euskalduna emango zukeela erantzun zion. Perea indartsu jardun zen azken ofizioan, errimak estu hartuta.

Lehen puntuei erantzun eta gero, kartzelako gaia eman zien Irazustak: «Azkenean eman duzu pausua. Ausartu zara». Azken eginbeharrekoan ere Perea nabarmendu zen. Ohi duen doinuan, urte luzez genero indarkeria jasandakoaren roletik osatu zuen bertsoaldia. «50 urterekin / hartu dut erabakia / arnasa sendo hartuko dut / akabo adabakia / Beldurra gaindituko dut nik; / agur, infernu txikia»

Datorren larunbatean jokatuko da azkenaurreko finalaurrekoa, Zigoitiako kultur etxean. Asier Rubiok, Felipe Zelaietak, Iñaki Viñasprek, Manex Agirrek, Peru Abarrategik eta Unai Mendibilek kantatuko dute.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Donostiako Ramontxu Berri tabernan egondako 683 laguni egin ziete proba, atzo ©Gorka Rubio / Foku

Hego Euskal Herrian, 492 positibo

Berria

Pertsona bat hil da Nafarroan, uztailaren 15etik lehena. Uztailaren 27tik abuztuaren 3ra Galdakaoko Muguru tabernan izan ziren 420 laguni PCR proba egingo diete, eta Donostian PCR-ak egiten jarraituko dute Ramontxu Berriko bezeroei.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, iragan astelehenean, Gasteizen ©Jaizki Fontaneda / Foku

«Erantzukizunerako» deia egin du Iñigo Urkulluk

Joxerra Senar

Sare sozialetan zabaldutako ohar batean, Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakariak ohartarazi du «denen artean ahal den guztia» egin behar dela lehen olatuan bizitako egoera dramatikora ez itzultzeko.

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Eragile guztiekin biltzeko eskatu dio oposizioak Eusko Jaurlaritzari

Olatz Esteban Ezkati

538 positibo atzeman dituzte Hego Euskal Herrian, iragan astean halako bi. Ospitaleratzeak ere bikoiztu egin dira egun batean: 103 pertsona daude erietxean.

 ©RAUL BOGAJO / FOKU

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria