Turismoaren hazkundea. Udatiarrak herrietan

«Zarautz ez da Salou izango»

Lekeitioko alkatea, Zarauzkoa eta Sarako ondare arduraduna bildu ditu BERRIAk udan turista asko jasotzen dituzten herrien errealitatea ezagutzeko. Arriskuez, aukerez eta elkarlanaz mintzatu dira.
Ezkerretik eskumara: Koldo Goitia Lekeitioko alkatea, Xabier Txurruka Zarauzko alkatea eta Henri Errandonea Sarako ondare arduraduna, Zarauzko hondartzan, joan den martitzenean.
Ezkerretik eskumara: Koldo Goitia Lekeitioko alkatea, Xabier Txurruka Zarauzko alkatea eta Henri Errandonea Sarako ondare arduraduna, Zarauzko hondartzan, joan den martitzenean. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Jon Fernandez -

2016ko maiatzak 29
Malekoian pasiera lasaian doaz hiruak, berriketan. Langile batzuk hondartzako toldoak bilduko dituzten egurrezko etxolak muntatzen ari dira pasealeku hegalean, tabernetako terrazak ia plaiaraino zabalduta daude, eta lehen lerroko etxe batzuetako balkoietan beharginak dabiltza obrak eta atontze lanak egiten. Udarako prestalanetan nabari da Zarautz (Gipuzkoa), eta horixe ari zaie azaltzen Xabier Txurruka alkatea bi bisitariei.

Haiek ere ondo dakite zer den udan turista olde bat jasotzea, Koldo Goitia alkatea baita Lekeition (Bizkaia), eta Henri Errandonea ondare arduraduna Saran (Lapurdi) —Battit Laborde auzapezak azken unean parte hartu ezinik, haren izenean etorri da—. Hain zuzen horregatik bildu ditu hiruak BERRIAk, udatiar ugari jasotzen dituzten herriek turista-oldea zelan kudeatzen, bideratzen, bizitzen eta, batzuetan, nozitzen duten ezagutzeko.

BI-HIRU ALDIZ HANDITU

«Kontuan izan 7.400en zergekin bizi garela, eta udan 20.000 laguni eman behar diogula zerbitzua», hasi da Goitia. Horixe da Lekeitioren errealitatea: ia hirukoiztu egiten da biztanleria uda sasoian. «Udalarentzat gastu bat da eskaini beharreko zerbitzu eta azpiegitura aldetik, baina herriarentzako onura ekonomikoa da, eta azkenean herriaren alde beharra egiteko gaude».

Antzeko transformazioa dute Saran ere udaldian. «2.500 biztanle badira Saran, eta 2.000 leku badira lo egiteko. Uda gorri-gorrian, doi-doian bikoizten da biztanle kopurua: anitz jende etortzen da eta ateratzen da herritik». Zergatik horrenbeste? Iparraldeko puntu bisitatuenetako bi dituelako ondoan, kostaldetik oso gertu, baina erabat landa giroan: Larhungo kremailera trena eta Sarako leizeak. «Bien artean urtean 450.000 lagun pasatzen dira herritik».

Bikoiztu egiten da biztanleria Zarautzen ere udan, eta azken urteetan igotzen ari da bisitari kopurua, Txurrukaren esanetan. «Indarkeria gelditu zenetik jendea lasai etortzen da gure herriak eskaintzen duenaz disfrutatzera. Jendeak beldurra galdu dio lasai etortzeari». Gorakada hori, ordea, ez du Donostiako turismoarekin lotzen: «Donostiara joaten den jendetza hori ez da Zarautzera iritsi. Hor muga bat dago nonbait, eta Zarautzen ez da olaturik sumatu».

Hala ere, ez da txikia herriak jasotzen duen bisitari kopurua: 43.000 zenbatu zituzten iaz turismo bulegoan, gehienak Madrilgoak eta Kataluniakoak. «Donostiaz gain, Bilbok ere eduki du eragina —diotso Goitiak Txurrukari—, batez ere kanporagoko turistak erakartzeko, nazioartekotzeko. Gero Donostiara pasatzen dira asko, eta hiri batetik bestera doazen bisitari batzuk, pasokoak, geratzen dira Lekeition».

TURISMO MOTAK

ETA EREDU ARRISKUTSUAK

Familia turismoa da nagusi hiru herrietan. «Familia turismo horrek ekarri du bere garaian etortzen ziren aitona-amonen bilobak oraindik ere etortzea udan. Asko ez, baina batzuk geratu ere egin dira bertan bizitzen, inguruko herrietako jendea, eta horrek izan du Zarauzko populazioa igotzean zerikusia», azaldu die alkateak Goitia eta Errandoneari. Hondartza eta eguzkiaz harago doan eredua defendatu du: paseoak, gastronomia, bisita gidatuak txakolindegietara, zaldian ibilaldiak, surfa... Azken horretan, ordea, badu kezka. «Surfarena beste turismo mota bat da, gazteagoa, nazioartekoagoa, baina oso kezkatuta gaude nolako turismo mota ekar dezakeen». Batetik, taulen masifikazioak hondartzan bainulariekin sor ditzakeen arazoengatik, eta bestetik, «garrafoi turismoagatik».

Txurrukak argi dauka: «Ez dugu utziko Zarautz Salou bihurtzen». Konbentzituta dago ezinezkoa dela hori, eta buruarekin ezetz esaten diote Goitiak eta Errandoneak ere. Horrelako turistentzako azpiegitura faltak eta bolumen txikiak bide hori agortzen duelakoan daude. «Hemen garrafoi turismorik ez dugu nahi. Hortik diru azkarra atera nahi duten ostalari oso gutxi badaude, baina beste mota bateko ostalaritza eskaini nahi dugu. Kezkatuta gaude batez ere gauean dagoeneko sortu izan diren arazoekin». Udala gainean dagoela azpimarratu du Txurrukak, «hori ez dadin gehiegi okertu».

PRODUKTU TURISTIKOA

Zer bilatzen dute, bada, Euskal Herrira datozen turistek? Hiru hizlariak bat datoz erantzunean: euskal nortasuna ezagutu eta berezitasun hori bizi. «Turistek bertako jendearekin erlazio bat eduki nahi dute, parte hartu gure nortasunean, kulturan, gastronomian», Goitiaren arabera. «Bisitariek badakite nortasun hori baloratzen gainera», zehaztu dio Txurrukak: «Bruce Springsteen Lisboatik eta Madrildik pasa da, baina Donostian egon da, hori ez da kasualitatea». Baietz dio Errandoneak ere: «Donostian ikusi baitu beste tokietan ez dagoena: aberastasuna eta nortasuna».

Produktu turistikoa horixe dela, alegia, bertoko izaera. «Benetakotasuna», Goitiaren berbetan. «Egiazkoa da saltzen duguna, ez dela hau muntatutako parke tematiko bat. Hau gure herria da, horrelakoak gara». Baina ohartarazpena du Errandoneak: «Ez dugu aldatu behar aldiz, e, kontuz!». Ezetz, beste biek aho batez. «Arriskua hori da», berretsi du Errandoneak, kanpokoei begira barnekoa galtzea. Iparraldean hizkuntzarekin duten zailtasuna gogorarazi du. «Nortasun hori behar dugu atxiki, zeren eta bisitariek horri behatzen diote, berezitasun horri, beste inon topatzen ez dutenari».

«Eta euskarak berak erakartzen dizkizue bisitariak?», galdetu dio Goitiak: «Gure kasuan, herri euskalduna den lez, jendea etortzen da euskaraz bizitzera udan». Bilbotar eta eibartar batek baino gehiagok ikasi edo hobetu dute euskara Lekeitioko udaldiei esker. «Zuen kasuan ere bai?». Baietz erantzun dio saratarrak, Hegoaldeko bisitarientzat amu bat badela hizkuntzarena. «Baina baita arkitektura ere, etxe denak ongi apainduak, ordenatuak... Horrek lilura ekartzen du, eta lilura inportantea da».

LANKIDETZA BEHARRAZ

Hiruen arteko elkarrizketak aurrera egin ahala, askatuz doaz hizlariak, elkarrekiko interesa handituz, elkarri galdera gehiago eginez. Bisitari bolumen ezberdinak izan arren, antzeko turismo ereduak dituzte, antzeko erronkak, kezkak eta beharrak. Udalerrien artean turismo-oldea erakartzeko eta bideratzeko eskaintza koordinatzen ote duten galdetuta, berehala erantzun du Errandoneak: «Oraintxe bertan hasiko dugu!». Barre egin dute hiruek batera, lantzeko dagoen gabezia bat aitortuz, eta, aldi berean, elkarlanean legokeen potentzialitateaz jabetuz.

«Hegoalde mailan igual harreman gehiago daukagu, Iparraldearekin gutxiago», aitortu du Lekeitioko alkateak. Baina ikusten al dute aukerarik lankidetza sendotzeko? «Guk nahiko genuke, gure turismo bulegoek ere egiten dute Ipar Euskal Herriaren publizitatea. Harreman hori indartzea oso garrantzitsua da», Goitiaren iritziz. «Sarako turismo bulegoan sartzen den bisitaria ere eskuan Bilboko paperekin ateratzen da», gaineratu du Errandoneak.

Administrazioetan haizea alde dagoela uste du Goitiak. «Iparraldeko hirigune elkargo berriarekin beharbada harremana sendotzeko aukera oso ona zabalduko da». Baiezkoan dago Errandonea ere: «Hamar mankomunitate izatetik bakarra izatera pasako gara, erraztuko ditu gauzak. Gainera, harremana Hegoaldera begira izango dira gehiago, Europara begira baino». Horrez gain, Nafarroako Gobernuarekin ere turismo arloan harremana asko hobetu dela gogorarazi du Lekeitioko alkateak.

Kanpotarren turismoa sustatu eta koordinatzeaz gain, Euskal Herrian barne turismoa lantzea ere onuragarria litzatekeela azaldu du saratarrak: «Horrelako elkarlan bat sortzen bada, hori udatik kanpo izanen da. Erran nahi dut sasoitik kanpo on egiten duela barne turismoaren ekarpen horrek». Hau da, udatiarren herrietan turismoa desestazionalizatzen lagunduko lukeela.

URTE OSORA LUZATZEA

Izan ere, negua eta uda beltza eta zuria dira hiru herri horietan. Irailetik ekainera bitartean herriok euren jatorrizko neurrira bueltatzen dira, euren onera itzultzen dira, bisitari jarioa ikaragarri jaisten delako, desagertu ez arren. «Hondartzako turismo horretaz gain, udaletik desestazionalizatu egin nahi dugu turismoa, urte osora zabaldu», esplikatu du Txurrukak, eta berehala moztu dio Goitiak: «Ez da erraza». «Oso zaila da», onartu du Zarauzko alkateak.

Udatik kanpo ekitaldiak, kirol jarduerak edo erakusketak antolatzeko ahaleginean dabil Zarauzko Udala, neguan ere jendea erakartzeko. «Esate baterako, kick boxingeko txapelketa bat antolatu nahi dugu, Espainia mailakoa, azaroan. Azaroan ez dago ezer Zarautzen, baina 800 lagun badatoz lehiaketa bat jokatzera, bada zerbait».

Neguko Lekeitiok ere ez du zerikusirik udakoarekin, eta alkateak azaldu du hotelak horren termometro bihurtu direla. «Hotelak zarratzen hasi dira neguan, jende faltagatik. Ez dakit estazionalitatea berriro etorri bada...». Hotelak eraikitzearen booma Donostian badagoela aipatu du Txurrukak, baina Zarautzeraino ez dela iritsi boom hori. «Donostiako turista kongestioa arintzeko Zarautzen prest geundeke hotel berriren bat egiteko».

LEGEA ETA NEGOZIO

BELTZA

Nolanahi ere, turismo legerako Eusko Jaurlaritzaren aurreproiektuaren harira, Txurrukak ikusi du «mugimendua» badagoela Zarautzen: «Apartamendu turistikoak egiteko eskaerak egon dira, hondartza inguruan lokalak eta pisuak-eta atontzeko». Alkateak egoki ikusten du lege proiektua, apartamenduak «era egoki batean eta zergak aitortuta» alokatzea dakarrelako.

«Sasoia zen zer edo zer egiteko», Goitiaren iritziz. Iparraldean eta Nafarroan, dagoeneko, erregistro batean izena eman behar dute etxebizitza turistei alokatu nahi dieten herritarrek, eta antzeko eredu bat ezarri nahi du Jaurlaritzak. «Kalitatezko zerbitzu bat ematea ahalbidetzen du lege berriak, eta hori denon intereserako da». Hor negozio beltz bat egon dela, eta dagoela, nabarmendu dute Goitiak eta Txurrukak. «Hemen familia dezentek egin izan dute udan etxeko tresna guztiak gela batean itxi, eurak amaren etxera joan, eta pisua alokatu». Beltzean, jakina. Hilean 2.000 edo 3.000 euro ordaintzera ere ailegatu daitezke Zarautzen.

«Lekeition ere pasatzen zen, baina orain hori Donostian gertatzen da», esan du Goitiak. «Beltzean izateaz gain, turismo kalitatea kolokan jartzen du». Bere aburuz, turismo mailan lortu behar dutena diru sarrerak eta enplegua sortzea da.

ETXE HUTSAK ETA

GARESTIAK

Udatiarren turismo ereduaren beste albo kalte bat etxe hutsena da, eta herritar askok, bereziki gazteek, pisuak alokatzeko eta erosteko dituzten zailtasunak, prezio garestiengatik. «Guk etxeen ia %40 hutsik ditugu neguan. Batzuk udatiarrenak dira, beste batzuk etxe zaharrak dira», zehaztu du Lekeitioko alkateak. «Horiek etxeok kaleratzea oso zaila da».

Arazo bera dute Zarautzen ere. «Azken hamabost urteetan ez da babes ofizialeko etxerik eraiki», kexu da Txurruka, eta azaldu du udalak urtean 200.000 euro jarriko dituela alokairua laguntzeko. Saran etxe huts gutxi dituzte, baina garestia da prezioa. Errandoneak esplikatu du herriko etxea ari dela eraikin batzuk zaharberritzen gazteei «prezio nahiko onean» saltzeko.

Beste kontu bat da zer enplegu mota sortzen duen turismoak. Ostalaritzari lotutako lan prekarioa gehienbat? «Egia da kasu batzuetan. Zerbitzari lana-eta sasoiko behar bat da, denok egin dugu ikasten ari ginenean», erantzun du Goitiak, eta gaineratu du sektorearekin kalitatea lantzen dabilela udala, ikastaroak-eta egiten. Txurrukak defendatu du udako lanek «sosa batzuk ateratzeko aukera» ematen diela ikasleei. «Imanol Murua herri honetako alkate izandakoa caddie hasi zen, golfean. Udako lanak zarauztar gehienok egin ditugu». Lekeitioko alkateak ere baietz: «Bizi guztian egin dut zerbitzari lana udan, eta ematen dizu zabaltasun bat turistekin harremana izateak».

Herriko ekonomiaren zutoin bat da turismoa hiru kasuetan. «Turismoa da Sararentzat ekonomiaren %30 inguru». Halere, herriko etxeak laborantza garatzen jarraitzen du, «horrek sustengatzen du ekonomia». Zarautzen eta Lekeition zerbitzuek ekonomiaren %60tik gora hartzen dute, turismoaren pisu handiarekin. «Gu udatik bizi gara gehienbat», dio Goitiak.

Elkarlanaren ideiara bueltatu da berriro Errandonea. «Behar dugu elkarrekin lan egin, harremanak eta loturak egin Hegoaldearen eta Iparraldearen artean. Sortu dezagun gure artean harreman bat! Jadanik nik gonbidatzen zaituztet Sararat». Goitiak berehala erantzun dio: «Lekeitiora ere ahal zara etorri». «Zarautzen izana nintzen, baina Lekeition ez naiz behin ere izan», diotso saratarrak, eta gogotsu erantzun dio alkateak: «Zelan ezetz! Ba, badakizu». Hiruko topaketak erakutsi du elkar ezagutzak eta barne turismoak, behintzat, badutela bidea jorratzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna