Koldobika Jauregi. Artista

«Arteak ez dio inoiz kenduko espazioa filosofiari»

Arte sorkuntza «modu jasangarrian» egiteko grina. Naturarekiko mira. Eta krisiaren bultzada. Hiru indar bektoreak norabide berrian jarrita, bere burua «birpentsatuta», bidea egiten ari da Koldobika Jauregi. Bideoa albiste bukaeran.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRTESS

Gorka Erostarbe -

2017ko apirilak 2

Dusseldorfeko Insel Hombrich Museumek gonbidatuta 1996. eta 2000. urteen artean Alemanian egonaldi luzeak egin zituenean ez zuen asko esperoko dozena bat urte geroago museo hartan inspiraturiko antzeko proiektu bat gauzatuko zuenik. Etxe parean. 1990eko hamarkadatik aurrera euskal artista erreferentziazkoa zen jada Koldobika Jauregi (Alkiza, Gipuzkoa, 1959); Euskal Herrian, baina batik bat nazioartean. Agian izango zuen ezkutuko amets ere, baina 2008an azaleraturiko krisi ekonomiko orokorrak bultzatu zuen bere jardueraz gogoeta egitera. Eta haren ondorio ere bada 2012an martxan jarritako Ur Mara proiektua.

Ez daki zehazki noiz kokatu museo-basoaren hasiera data zehatza; «bospasei urte izango dira». Kokapen geografikoa zehatza du, ordea. Alkiza, Larraul eta Asteasu artean, Arraia errekaren ingurumarian. Malda batean dago, eta 11 hektarea dauzka, gehiena bertako basoa: pagoa, haritza, lizarra, haltza... Eta Jauregiren beraren pare bat dozena obra.

Proiektua martxan jarri zenuenean ez zenuen aurkezpen berezirik egin. Esan zenuen jendeak berez joan behar zuela ezagutuz, pixkanaka. Zer-nolako harrera izan du?

Jendea hurbildu da. Urtero izaten ditugu 1.000 bisitari inguru, ez da iristen kopuru horretara. Ez genuen megaproiektu bat egin nahi, baizik eta zerbait jasangarria arlo guztietan. Ez da gure helburua jende uholdeak etortzea, etortzen denak disfruta dezala. Sarrera dohainik da gainera. Guk ere disfrutatzeko proiektu bat da. Ziur asko erakundeek ez dute nik bezala pentsatuko. Horregatik egiten dituzte eraikin eta proiektu erraldoiak, eta gero ez dute jakiten nola mantendu. Gure proiektua ez da kolpe batean hasi, baizik eta hazten ari da. Ikusiko dugu noraino irits gaitezkeen.

Euskal Herrian badira artea eta natura batu dituzten proiektuak; Txillida-Leku eta Omako basoa, adibidez.

Oinarritik oso desberdinak dira proiektuak. Txillida-Lekurena da adibidea zer-nolako arazoak dauden halako megaproiektu bat kudeatzeko. Gu saiatu gara natura bere horretan uzten. Ez dugu arbola bat ateratzen, eta garbiketa lan handiena astoen bidez egiten dugu. Horrek esan nahi du jasangarria dela ekonomikoki eta ez dela kutsagarria. Txillida-Leku oso polita da, baina hori dena mantentzea ia ezinezkoa da, belar zelai ikaragarri horiekin eta...

Hartzailearekin planteatzen den harremana ere desberdina da, besteak beste dohainik izatean.

Bai. Esaterako, Omako basoa lotzen dugu Ibarrolaren lanarekin eta artelanekin, basoarekin baino gehiago. Txillida-Lekurekin ere beste horrenbeste gertatzen da. Gure lehen asmoa ere gunea artelanen inguruan antolatzea zen, baina lehen urtea igaro orduko konturatu ginen hartzailea ez zetorrela horretara, edo ez horretara soilik; naturzaletasuna dutenak, bidaiariak, argazkilariak... Beste hartzaile mota batekin izan dugu harremana, eta beste proiektu mota bat da osatzen ari dena. Hasieratik lotu nahi nuen artea gizakiaren zenbait jarduerarekin edo etnografia kontuekin. Horregatik planteatzen dira karobiak, txondorrak, harri zulatzaileen lanak, papera egiteko tailerrak... eta horregatik etortzen dira haurrak ere eskoletatik.

Naturaren eta artearen arteko sinbiosi perfekturik badago?

Paisaia ezin da hartu mihise zuri baten moduan, bertan nahi duguna egiteko. Artea ezin da planteatu natur edertasunaren gailur modura, hori txorakeria handi bat da. Edertasunak ez du gizakiaren esku hartzearen beharrik. Antropozentrismoaren ondorio da hori, guk erabakiko bagenu bezala zer den eder eta zer ez. Gure planteamendua oso bestelakoa da. Erabiltzen ditugun materialak bertakoak dira: egurra, karea, harria... Gu egon ez arren, berriz ere naturara bueltatuko direnak. Harrizko pieza goroldioz estaltzen denean bihurtzen da interesgarrien; ikustea natura berriro nola datorren gainera. Nire ustez, bere horretan utzi behar da goroldio hori, prozesu baten baitakoa baita, gu garen bezalaxe.

Gizarte hiperkapitalista eta abiada biziko honetan arteak izan dezake bizirik irauteko beste modu bat?

Oso bortitza eta kaltegarria izan da 2008ko krisi famatua, eta artearen munduan ere enpresa, aukera, funtzionamendu asko desagertzen ari da. Gaur egun, Euskal Herrian zeramika egitea edo ehule izatea ia ezinezkoa da, oso bazterrekoa. Eta gauza horiek pasatu dira ondo kudeatzen jakin ez direlako. Horren ondorioak dira eskulan azokek zer maila duten eta abar. Euskal Herria oso atzeratua dago horretan. Baina, era berean, nik uste dut badaudela aukerak. Oso gazte ginela gogoratzen dut artista lagunek nola amesten zuten bohemio bizitza, Paris... Eta orain esango nieke, «hauxe da bohemio bizimodua». Guri dastatzea tokatu zaigunean ez zaigu gustatu. Dirurik ez dagoenean nola jarraitu lanean, zer egin, zer muntatu edo sortu pentsatu behar izan dugu. Argi dago tranpa asko zegoela artearen merkatuan, beste edozein merkatutan bezala. Orduan, egokitu egin behar izan dugu, eta ikusi zer egin genezakeen, zer ez, nondik jo.

Lekuak zenbat baldintzatzen du obra baten sorkuntza? Oso desberdina izango baita basoan jartzeko pieza bat buruan izatea edo galeria baterako izatea, adibidez?

Lekuak baldintzatzen du dena. Beti esan izan dut ez dela berdin hemen edo Madrilen jaiotzea. Eta nik beti izan dut basoa begien aurrean. Egun, ikertzen ari dira, esaterako, ospitaleetan landareak jartzeak zein eragin dituen. Landarea ikusteak bakarrik zein eragin duen gaixoarengan. Ikusten dugunak badu eragina gugan, konturatu edo ez. Espazio berdeek lasaitasuna transmititzen dute. Orduan, artelan bat galeria batean jarri edo kanpoan oso desberdina da. Ur Mara proiektua martxan jartzearekin batera, Grafika efimeroak izeneko lan batzuk egin nituen. Lan horien asmoa zen erakustea ez dagoela inbertsio handi bat egin beharrik artelan bat egiteko. Momentu hartan, krisiaren testuinguru horretan, zer material nituen? Karea interesatzen zitzaidan, eta ikatz hautsa ere bai. Bi material horiek nahikoak ziren grafika bat egiteko, marrazki bat egiteko. Neronek egiten nituen niretzat, hor, basoaren erdian. Gero hasi zitzaidan jendea esaten galeria batera eramateko ere izan zitezkeela. Kosturik ez dago hor, baina inguruneak eragiten du. Euria egiten bazuen, hurrengo egunean desagertuta egon zitekeen. Hori da nire jarrera artearekiko, arrastorik ez uztea. Ahalik eta kutsadura gutxien eragitea.

Artelanen iraunkortasuna ez zaizu interesatzen.

Ez nau batere kezkatzen, infantila ere iruditzen zait. Historiara pasatzearena eta gisako espresioak eta nahia, artearen historian asmo hori azaldu dutenak, asko izan dira. Baina zer da historiara pasatze hori; pentsa zer den eta nola dagoen historia! Horrela pentsatzea, infantila ez ezik, lan prozesu bezala oso kaltegarria iruditzen zait. Artearen helburua da helbururik ez izatea. Artearen inguruko baldintzapenak baztertzea, bestela nahasgarria da.

Ulertzen da, orduan, artean objektua ezin dela izan erabat autonomoa?

Objektuak ere sor dezake bere espazioa. Guk objektuak mugitzen ditugu toki konkretuetara, hortik jaten dugulako. Objektua hasieratik da autonomoa. Beti pentsatzen dugu gertatzen den guztia, ekintza guztiak gugandik, gizakiarengandik pasatzen direla, gu garela erdigunea, eta gauzak ezin direla existitu gu existitzen ez bagara. Hori artean errore bat da. Denak bere bizitza du. Gogoratzen dut duela hamar urte inguru nire burdinazko pieza bat bota zuela ikusle batek nahi gabe. Denek begiratu zioten hiltzaile bat balitz bezala. «Nola bota duzu artelan hori!», esanez bezala. Esan nien ez zuela bota artelan bat, baizik eta burdin zati bat. Gero, ikusi nahi duenak ikusiko du artelana, baina ez da derrigorrezkoa. Bai margolanetan, bai eskulturan, bai artean oro har, gu gara material horri gertatu zaion istripua. Guk egin dugu aldatzea edo kokatzea beste modu batean, baina berez, harria beti izango da harria eta burdina beti izango da burdina.

Azken denbora luzean diskurtsoak eta kontzeptualizazioak indar handia hartu dute...

Bai, gehiegi. Nik uste dut artean fantasma asko dagoela. Gaitasun gutxiko asko dago. Arteak ez dio inoiz kenduko espazioa filosofiari edo jakinduriari. Bakoitzak du bere esparrua. Artean materiala beti izango da materiala, gure eragina sufritu ala ez. Teorizazio gehiegi dago, eta ulertu ezin diren milaka gauza esaten dituzte. Zenbait arte argitalpen ez dago ulertzerik ere, ezta artean gabiltzanok ere. Arteak berez dauka estetikoki sekulako indarra, horretarako sortu zen. Guk egiten dugu bizitza laburbildu eta erreproduzitu estetikaren bitartez.

Zuk zure obren bitartez diskurtso bat garatzen duzu, ordea. Ez diozu kentzen indarrik horri?

Ez, jakina, hori beste kontu bat da. Orain, bai Ur Maran, bai beste erakusketetan, beti sarrera hitzalditxo bat egiten diet datozenei, aurkezpen bat, aurrean zer duten azalduz. Bestela normala da sartu eta lehen erreakzioa izatea. «Hau zer da?». Hori normala da. Niri beste arloetan berdin gertatzen zait. Esaten diet: «Nire ideia hau da, eta horrela planteatua dago», eta kontatzen diet puntu batera arte. Jendeak asko eskertzen du. Bestela galdetzeko beldurrez egoten gara, tontotzat hartuko gaituztelakoan. Hori Alemanian ikasi nuen, oso dialektikoak baitira han. Lehen erakusketa jartzean galdetu zidaten: «Honek zer esan nahi du?». Geratu nintzen zer esan ez nekiela. Eta beraiek, «baina zerbait esan nahiko du honek...». Konturatu nintzen hura galdera normala zela. Hortik hasi nintzen lehenik neure buruari galdetzen. «Hau zer da?». Geroztik saiatu naiz erakusketa guztietan abiapuntu hori azaltzen.

Hartzaileari bideak ixteko arriskurik ez dago horrela?

Abiapuntua ematen dut bakarrik, eta bi gauza lortzen dira horrela. Jendeak tresnak izatea batetik, eta arreta gehiago jartzea bestetik. Normalean, erakusketa batean sartzen gara, abiada bizian egiten dugu ibilbidea, eta atera egiten gara. Baina norbait hasten bazaizu hitz egiten eta gako batzuk ematen, bestelako jarrera bat dago. Entzuten ari den bitartean ikusten ari da, eta igual sortuko zaizkio galdera berriak... eta denbora hartuko du beste modu batez kontenplatzeko. Artea egiteko behar dugu denbora. Denbora gabe ez dago kontenplaziorik. Eta, kontenplaziorik ez badago, artearen prozesua ez da biribiltzen. Abiada izugarrian bizi gara, eta abiaduran kontenplazioa galtzen da.

Postmodernitate osteko garaiotan eskulturak badu indarrik Euskal Herrian?

Ezetz uste dut. Eskuarekin egiten diren gauzek eta artisautzarekin lotutakoek ematen dute oso kontu zaharkituak. Baina ez da oraingo gauza hori. Batzuek aspaldi deitu izan didate artisaugile, gauza txarra balitz bezala. Ez naiz Arte Ederretan ibilia, nire kabuz ikasia baizik. Garai batean gehientsuenak horrela ziren, Oteiza eta Txillida bera ere bai, nahiz eta gero bakoitza bere modura formatu, nik egin dudan moduan. Ez zegoen gaizki ikusia ere, baina gero bai, Arte Ederretatik irtendako sortzaileak hasi zirenean indarra hartzen. Modu peioratiboan erabiltzen dute artisaugile terminoa. Baina ez da soilik gertatzen artisautzarekin. Arte periferikoa, afrikarra adibidez, gaizki kontsideratua dago. Zergatik? Ez dutelako teknologia berria erabiltzen. Labana bat erabiltzen dutelako sakelakoa edo ordenagailua erabili beharrean. Hori sekulako errorea da. Etengabe, arte klasista bat ari gara eraikitzen, zenbait makina erabiltzen ez badakizu zure lanak balioko ez balu bezala. Ni justu beste puntan nago: artean baliabide onena da ia ezer ez izatea. Marrazki bat egin liteke linterna baten argiarekin edo makila zati batekin; mugimendu gestuala hor dago, ikusi ala ez. Baina sistemak ez du hori ikusten...

Sistemak arte klasista hori bultzatzen du?

Bai, sistema analfabetoa da. Kulturaren arloan oso analfabetoa, eta artean are eta gehiago. Duela hamabost bat urte jada hasi ziren esaten, adibidez, kultur etxeetatik margotzeko astoak kendu egin behar zirela. Niri ez zaizkit bereziki gustatzen asto horiek, baina ez dut ulertzen zergatik kendu behar den halako ezer. Esaten zuten beste modu batera egin behar zirela gauzak. Baina beste modu batera, zer? Arteleku itxi egin zuten, eta hori astakeria bat izan da; egin zitekeen beste modu batera, beste prozesu bat sortu... Europa guztian daude halakoak, baina hemen ez. Edo politikariak eta teknikariak ez dira ateratzen kanpora edo ez da erraz ulertzen...

Artelekurena galera handia izan da?

Nik uste dut bere eginkizuna bukatzen ari zela, bere prozesua amaierara iristen ari zela, eta behar zela berritu. Baina berritzeak ez du esan nahi kentzerik. Uste dut material batzuk landu nahi dituenak arte sorkuntzarako behar dituela espazio batzuk, berdin zait egurra, plastikoa edo zer. Eta horrek ez zu derrigorrean loturik egon behar teknologiarekin. Teknologia da erreminta bat gehiago, mailu bat edo pintzel bat edukitzea bezala.

Krisiaren osteko etapan, birpentsatu egin behar izan duzu zure egitekoa. Topatu duzu bidea?

Bai. Inpaktu bat izaten da gauza asko egitetik ia ezer ez egitera igarotzen zarenean. Oraindik garaiz da esateko, baina nire prozesurako hobea delakoan nago. Gelditu behar izan dut: non nagoen ikusi, zer egin eta abar. Eta beste prozesu bat abiatu dut, oso desberdina. Ur Mara ez da bakarrik naturarekin lotutako museo moduko bat. Nik egiten dudan lana hobeto ulertzeko gunea da; eta beste batzuekin esperientziak partekatzekoa. Bide berriak ireki ditut, eta gustura sentitzen naiz. Batzuetan babarrun gehiago izango dut, eta besteetan gutxiago, baina nik positibotzat jotzen dut prozesua...

Eta, bide berri horretan, zinema ere bai. Telmo Esnalekin batera ari zara filmatzen Dantza filma.

Krisia hasi zenez geroztik gauza desberdin asko egiten ari naiz, lehen bakanka egiten nituenak. Interbentzioak eraikinetan, plater diseinuak, liburuak... mila gauza etorri dira, eta horien artean zinemarena, Telmo Esnal lagunaren eskutik. Duela lau bat urte-edo proposatu zidan ea zerbait egingo genuen. Baietz esan nion, gustura egingo nukeela zerbait dantzari buruz, baina zerbait estetikoki indartsua, ez dokumental bat...

Zein da zure egitekoa?

Juan Antonio Urbeltz ere gurekin ari da lanean, ia hirukote bat gara. Harekin dantzaz hitz egiten genuen bakoitzeko aipatzen zuen zein lotura duten euskal dantzek intsektuen munduarekin. Berak idatzitako ehunka folio eman zizkidan. Bitxia da, esaterako, ezpata dantzariak ez ikustea gerlari modura, baizik eta ezpata euliaren gisan... Zuzendaritza artistikoa da nire egitekoa; hasi aitzurretatik eta jantzi eta soinekoetaraino, estetika zaintzea, materiala lortzea, diseinatzea. Ez da film dokumentala; baina ez dago hitzik. Soinu banda izango du, baina ez dantza bakoitzari dagokion doinuarekin, hori aldatua izango da. Dena da soinua eta irudia. 24 bat dantza dira, eta zirkulu moduko bat osatzen dute. Nire proposamena da espazio atenporala izatea, non gure topikoak desagertuko diren. Abiapuntua da Voltairek esandako hura, Pirinioen bi aldeetara dantzatu eta kantatu egiten duen herri bat garela..., baina herri hori erabat aldatzen dugu, akaso dugun hau ez zaidalako erabat gustatzen. Sinboloz betetako pelikula da, oso sinbolikoa. Ea datorren urterako edo...

(Bideoa: Jagoba Manterola / Argazki Press)

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna