Jesus Eguzkiza. Euskaltzalea eta bikoizle ohia

«Mila hiztun totelek ez dute euskal komunitate bat sortuko»

Gero eta euskaldun gehiago dauden arren hizkuntzaren kalitatea okertzen ari dela ohartarazi du Eguzkizak. Euskara irudimentsua, irudiz betetako hori, berreskuratu behar dela aldarrikatu du.
LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS

Lander Muñagorri Garmendia -

2017ko apirilak 23
Kezkatuta dago Jesus Eguzkiza (Arrazola, Bizkaia, 1946) euskararekin eta, batez ere, bizkaierarekin. «Sustrai erro sakoneko zuhaitza dugu Bizkai euskara, eta, bizitzeko adar guztietara zabaltzeko gai ez bagara, laster ihartuko zaigu, eta geu izango gara horren hiltzaile». Euskara biziberritzeko lanean aritu da gaztetatik. Herri Irratiko euskarazko programazioaren sustatzaile eta esatari izan zen, Kili-Kili aldizkariko kidea, eta bikoizlea ere bai. Ezaguna da haren ahotsa, ETB1en eskainitako hamaika dokumental, film eta marrazki biziduni jarri baitie ahotsa. Euskara biziberritzeko kaleko hizkuntza bultzatu behar dela uste du, baina, batez ere, hizkuntza aberastu behar dela dio.

Frankismo betean jaio zinen, Arrazolan. Nola gogoratzen duzu inguru eta garai hura?

Antzinako gogoramenak dira. Eliz ondora ez ginen jaisten 6 urte egin arte. Ordura arte, guretzat zelaia zen inportanteena, hori zelako sozializatzeko gure lehen lekua, auzoko umeak ezagutzeko. Han hasten zinen lehen txori habiak ikusten, auzokoen gereziak lapurtzen, eta ikasi beharrekoak ikasten. 6 urte bete eta egun berean jaisten ginen eliz ondora, eskolara.

Mendiari lotuta zeundeten...

Etxean gurasoek ez zuten ardura garbirik eskolarekin. Bata edo bestea zelako, beti zegoen baserrian egiteko lanen bat. Ez zegoen kontzientzia hori.

Eskolatik seminariora jo zenuen ondoren, askotan hori baitzen ikasteko bide bakarra, ezta?

Bai, hala zen. Orduan seminarioak debalde zirenez, hara joaten ginen haur asko. Abadeek itxialdia egin zutenean han geunden gu ere...

Nola bizi izan zenuen protesta hura?

Itxaropentsu. Aldaketak izatea espero genuen. Baina orduan ez ginen kontziente. Handik pixka batera hasi ginen kontzientzia hori hartzen. Gogoan dut noiz. Filosofiarekin liluratuta geunden, eta Hegelen esaldi bat irakurri genuen, honela zioena: «Hizkuntza bat da norberaren izatearen etxe». Hori ikustean esan genuen hori zela gurea. Bost bat ikaslek zuzendariari gutun bat idatzi genion orduan, euskaraz alfabetatzeko eta euskal literaturari buruzko ikasgaiak eskatzeko. Baina ez zuten ondo ikusi, eta gauzak gogortu egin ziren ondoren.

Seminariotik aterata, euskara klaseak ematen hasi zinen.

Bai, 18 urterekin Sondika [Bizkaia] ondoan hasi nintzen. Hango eskolan, eta gero Algortako ikastolan [Getxo, Bizkaia].

Euskalgintzan orduan hasi zinela esan daiteke?

Bai, jan ere egin behar nuen eta! Gerora, Bilbon ere jarraitu nuen, eta handik hasi nintzen Herri Irratian.

Nolakoa izan zen hastapen hura?

Bi frekuentzia zituen irratiak: AM eta FM. AM zen nagusia, eta gu bestean sartu ginen, FM frekuentzian. Musikarako bakarrik erabiltzen zen, eta programa bat egiten hasi ginen, gero gehiago, eta, azkenean, goiz osoa hartzen genuen.

Zeri buruzko irratsaioak ziren?

Denetarikoak: egunkariko albisteak, musika, eguraldia, zer dagoen egunean eta abar. Agentzia batean izena emanda geunden, baina dena gazteleraz zen.

Itzultzen hasi behar izan zenuten orduan.

Bai, baina hori ere hala moduz. Geroago sartu zen Sabin Barrutabeña fraidea, eta hura hasi zen itzulpenak egiten. Aurrerapen handia izan zen guretzat. Programa asko genituen, baina astirik ez ezer idazteko. Momentuan egiten genuen asko.

Euskaraz lan egiten zenuten. Nolako harrera izan zenuten?

Ona. Baina betiko kontua, zuzendariak ez zekien euskaraz. Hainbat lagunen artean goizetarako beste programa bat pentsatu genuen, eta beregana joan ginen. Asmoa kontatu, eta esan zigun oso ondo zegoela, baina zenbat ordainduko genion galdetu zigun. Bazeuden beste programa batzuk gaztelerazkoak, dirua eurek lortu, eta irratiari ordaintzen ziotenak. Gu, ordea, soldatapean geunden, eta ez geunden programa baterako bakarrik. Hark jakin izan balu euskararen egoera zein zen, edo gure lan egoera, ez zuen halakorik pentsatuko. Baina betiko zoritxarra: ez zekien euskaraz. ETBn ere berdin gertatu da urte luzez. Hori da gure arazo larriena: jostailu bezala hartzen da makulu izan beharko ziren hainbeste gauza. Beti eskean ibili behar izan gara. Nekatu nintzen beste arrazoi batzuk zirela medio, eta, aukera izan nuenean, irratia utzi nuen.

Erreta amaitu zenuen hizkuntzaren kontuarekin?

Bai. Garai hartan ETB sortzen ari zen, eta Donostian bikoizketa ikastaroak hartzen hasi nintzen, hizkuntza eskolan nenbilen bitartean.

Euskarazko materiala sortuz joan zineten, gainera.

Lagun batekin hutsetik hasi nintzen; gramatika baino gehiago, egoeretan oinarritutako materiala sortzen. Esaldi errazak, egunerokoan oinarritutakoak.

Kili-Kili-n ere Lan eta lan metodologia garatu zenuten. Haurrak alfabetatzea zen helburua?

Bai. Jatorrian Jose Antonio Retolaza [Kili-Kili-ren sortzailea] bilbotar euskaltzale erdalduna zen. Abade egin zenean, Arrazolara bidali zuten, eta han konturatu zen gu erraz-erraz bizi ginela euskaraz, eta bera nekez-nekez euskara egin guran. Berak ahalegina egiten zuen liburuetatik ikasteko, baina gramatiketatik nekez ikasten da hizkuntza, egunerokoan ikasten ez bada.

Eta hortik etorri zitzaion Kili-Kili sortzeko ideia?

Nik uste Arrazolan sortu zitzaiola ideia, bai. Madrilera joan zen, eta han nolabaiteko metodologia hartu zuen. Euskaraz zekiten haurrak saritu behar zirela zioen. Ariketak jartzen zituen aldizkarian, eta sari bezala irteerak egiten zituen. Aldizkaria San Antonen sortu zen, Don Claudioren itzalpean. Euskal katekesia sortu zuen, eta, ordurako gu Bilbon bizi ginenez, laguntzera joaten ginen.

Metodologian parte hartu zenuen?

Hori berak egin zuen, berak eramaten zuen. Gu laguntzeko ginen gehiago. Oso esperientzia polita izan zen, baina pena daukat ez zela ondo amaitu.

Zergatik?

Proiektu bat ezin duzu planteatu zu erretiratu ondoren amaitzeko. Kili-kili-k goia jo zuen...

18.000 harpidedun izan zituen.

Bai, itzela da hori. Baina adartu egin zen larregi, eta baita handitu ere. Eta dena pertsona baten ardurapean. Hori da nik Retolazari egiten diodan salaketa latzena.

Arantza geratu zaizu orduan?

Bai. Ez zuen jakin egungo egoerara gaurkotzen.

Ikusten duzu egun halako aldizkari baten beharra?

Ez dakit. Gure haurrak asko aldatu dira, eta euren mundua ere bai. Egun, irudiak indar handia du. Alde horretatik, ez dakit ETB ondo jokatzen ari den, marrazki bizidun asko baititu; baina kontuz ibili behar da. Ezin duzu orain dela hogei urte grabatutako marrazkiak erabiltzen jarraitu. Nik badakit gauza horiek noiz egin diren.

Nolakoa izan zen euskarazko bikoizketaren hastapena?

Ezlekuan eta ezorduan egin diren gauza asko egin dira. Adibidez, Shakespeareren obra baten itzulpena egiteko eman zidaten behin. Antzerki bat zen, dena zen plano orokorrekoa. Shakespeare eman nahi baduzu, badaude aukera hobeak horretarako. Baina hauei bost ardura die. Ikaragarrizko metodologia hutsa da, zuk ume jaioberri bati ezin baitiozu txuleta bat eman, are gutxiago ez badaukagu txuleta hori egiteko baliabiderik.

Bikoizketak gaizki bideratu direla uste duzu?

Bai. Batzuk ondo bideratuta egon dira, baina, gaur egun, ez dago ezer. Lehen urteetan 2.000 ordu bikoiztera iritsi ginen, gero 1.200 ordura jaitsi zen, eta jaisten jarraitu zuen. Aurten dituzten lanak 88 ordu ingurukoak dira.

Industria bat sortu eta hondoratu dutela esan daiteke?

Hori da. Baina zer dela-eta gertatu da hor? Share-ari begiratzen zaio, eta zerk ematen ditu ikusleak? Morboak. Baina ezingo duzu programazio osoa morboz bete! Denetarik eman beharko da. Ikusten dut bikoizketa bidez izan dugun mundurako bidea itxi egin dela, eta hori galera handia da.

1990eko hamarkadan, ETBk marrazki bizidun asko erosi zituen haurrengana iristeko; hor jarri zuen indarra. Gaur egun, indar hori badago?

Ez, errepikatu egiten da. Zerbait berria badago, baina oso gutxi. Kate bat marrazkiz beteta dago, baina bestelakoak falta dira. Film luzerik ez da egiten egun, ezta dokumentalik ere. Une oro gauza berdinak errepikatzen ari dira. ETBrentzat euskarazko katea diru galtze bat da. Horrela iruditzen zait, ez dudalako ahaleginik ikusten. Reality-ak egiten dira, baina horiek ere aspergarri bihurtzen hasita daude.

Gazteek euskaraz kontsumitzea da askotan helburua. Zeri begiratu behar zaio?

Nik gauza bati garrantzi handia ematen diot: grabatutako gauzak euskaraz ondo atera daitezela. Igar dadila euskara dela, eta ez euskañola. Hori oso mingarria baita euskaldunen belarrirako.

Zure ibilbide osoan euskara erakusten, zabaltzen eta normalizatzen saiatu zara, ezta?

Bai, hori izan da nire kezka. Erdiko soroa, ordea, ondo zainduta dago, baina bazterrekoak bertan behera utzita daude.

Euskalkiez ari zara?

Bai. Jende askok badaki euskaraz, baina ez dute erabiltzen. Erabilera galtzen ari da, eta, hemendik urte batzuetara hori gertatzen bazaigu Bizkaian, gureak egin du. Pena ematen dit [Ibon] Sarasola entzuteak euskalkiek desagertu behar dutela esanez. Imajinatu gaurko Arrazolako gazteek batuan ikasiko dutela, baina bertako euskara ere jaso behar dute. Euskara irudimentsua galdu egingo da. Zer esan nahi dut? Gure gurasoek hitz egiten zutenean irudiak erabiltzen zituzten, eta bi hitzekin ikusi egiten zenuen esaten ari zirena. Hori galtzearen beldurra dut.

Ahozkotasuna ez da zaindu?

Ez, zuzentasunari eman zaio garrantzia; eta ez diot garrantzirik ez duenik. Baina irudimenari ateak itxi egin dizkiogu.

Zein izan daiteke gazteen artean euskara zabaltzeko bidea?

Sakelako telefonoek dena daukate: Internet, telebista, informazioa... Sasipean gordetako informazio asko dago, eta hori garbitu beharra dago. Orduan, euskaraz Internet ondo erabiltzen erakustea niretzat ezinbestekoa da. Telefonoak bat-batekotasuna baitakar, argazki bat edozein momentutan bidal dezakezu. Baina hiru lerro baino gehiagoko esaldirik ez bidali, faborez. Onomatopeiek egon behar dute, irudiek. Dena ez dadila pinu baso bat izan, mila pinuk ez baitute inoiz pago bat egingo. Era berean, mila hiztun totelek ez dute euskal komunitate bat sortuko. Euskaldun gehiago daude, eta garrantzitsua da hori, baina dena ez da hori. Gure hizkuntza irudiz sortu da, eta hori landu beharko litzateke, ahozko hizkuntzarako.

Horrek telebista ereduan ere presente egon beharko luke, ala?

Noski. Gaur egun, egiten dituzte saiakera batzuk, baina exotikoak izaten dira. Zer da salgarria? Ondarroar andre bat sartzea bere berbaeran? Hori sartuko dugu orduan. Baina, kasu horretan, hizkera hori exotiko bezala erakusten duzu. Ez diot hori egin behar ez denik, baina ez dadila hori bakarrik izan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna
S: