Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea Aste nagusi biak bat datoz: erasorik ez

Publizitatea

Gizartea

Aste nagusi biak bat datoz: erasorik ez

Jaiak atean, Bilbon eta Donostian ozendu egin dute sexu erasoen aurkako mezua. Urtaran ere, bat: «Intolerante behar dugu halakoekin»
Sexu erasoen aurkako protesta bat iazko udan, Bilboko Aste Nagusian.
Sexu erasoen aurkako protesta bat iazko udan, Bilboko Aste Nagusian. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

2017-08-11 / Arantxa Iraola

Urteotan ohiko bihurtu da, jaien atarian, sexu erasoen aurkako mezuak ozentzea hiri eta herrietan. Donostiako eta Bilboko aste nagusiak izango dira datozen bi asteetan, eta hiri bietan plazaratu zituzten atzo eraso klase horien aurkako aldarriak. Donostiako Udalean, esaterako, udalbatzako talde guztiek onartu zuten atzo gaiari buruzko agiri bat. Honela dio: «Aste Nagusiaren atarian, azpimarratu nahi dugu emakume batek 'ez' esaten duenean ezetz dela, eta hori errespetatu behar dela. Izan ere, ez errespetatzea eraso bat da». Eneko Goia alkateak Berdintasun zinegotzi Duñike Agirrezabalagarekin aurkeztu zuen dokumentua. Bertan, herritarrei eskatzen zaie «alerta» egoteko balizko erasoen aurrean, eta kontzientziatuta: «Gertaera susmagarriak ikusten ditugunean ez beste toki batera begiratzeko». Mezu hori bera entzun zen atzo Bilbon ere, Aste Nagusiko pregoilariaren eta txupineraren aurkezpenean. «Eraso sexistei ez; homofobo, arrazista edo bestelakoei ere ez», azaldu zuen Ane Ortiz Ballesteros txupinerak; Nati Ovelleiro Sacristan pregoilaria antzera solastatu zen. «Amaierako hitzaldian, esan nahiko nuke errespetuz betetako jai batzuk izan direla». Hain zuzen ere, Ez, ez da mezua gailendu zen bi hirietan.

Gasteizen, amaitu berriak dira jaiak, eta erasoen aurkako mezua indartu nahi izan zuen Gorka Urtaran alkateak ere atzo. Hizpide izan zuen 22 urteko emakumezko batek jaietan salaturiko erasoa. Lagun batekin kalean zihoala hainbat gizonezko oldartu zitzaizkiela esan zuen, eta gizon batek ukituak egin zizkiola. «Horrelako jazoerek ez dute lekurik gizarte moderno batean; ez jaietan, ez inoiz», salatu zuen alkateak. «Izan ere, ez dugu ahantzi behar horrelakoak urteko egun guztietan izaten direla. Guztiz intoleranteak izan behar dugu horrelakoekin». Gasteizko Ahal Dugu-k ere hizpide izan zituen atzo sexu erasoak. «Andre bati haren baimenik gabe ukituak egitea ez da barregarria, ez da txikikeria, ez da ustekabekoa: matxismoa da, gizartearen ikusmolde patriarkal batetik eratorritako matxismoa», adierazi zuen Juan Cerezuela zinegotziak: «Gizarte osoaren arbuioa merezi du». Udalak halakoen kontra eskura dituen baliabide guztiak erabili behar dituela nabarmendu zuen. «Gizarteak kontzientzia har dezan, eta halakoei galga jar diezaien». Antzera mintzatu zen Irabaziko zinegotzi Oscar Fernandez; eraso hori jaietako puntu «arazotsu» bakarra izan dela esan zuen, eta, egoera hobetzeko, erasoen inguruan informazioa emateko udalak zabaltzen duen arretaguneko ordutegia zabaltzeko eskatu zuen.

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak ere ohar bat plazaratu zuen atzo sexu erasoei buruz, eta, Gasteizko kasuaz gain, asteon Getarian (Gipuzkoa) jazotakoa ere gaitzetsi zuen. «Oraindik ere gazterian indarkeria matxista egotea guztiz onartezina da».

Publizitatea

Sortu kontua
Arantxa Iraola Arantxa Iraola

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak