ATZEKOZ AURRERA

Gorputzen Intifadarantz

Lisboan egin ditu azken kilometroak 2015eko Emakumeen Mundu Martxako karabana feministak. Eskubide urraketen aurka andreek abiatutako borrokak aldarrikatu dituzte.
Emakumeen Mundu Martxa atzo Lisboako kaleetan, Kurdistandik 13.000 kilometro egin ondoren.
Emakumeen Mundu Martxa atzo Lisboako kaleetan, Kurdistandik 13.000 kilometro egin ondoren. BERRIA

Maite Asensio Lozano - Berriemaile berezia

2015eko urriak 18
Babelgo dorrean adina hizkuntzatan entzun ziren atzo aldarrikapen feministak Lisboan. Kurdistandik Portugalera 13.242 kilometro egin ostean, helmugara iritsi zen 2015eko Emakumeen Mundu Martxaren karabana feminista. Europa osotik heldutako ehunka emakumek —tartean Euskal Herriko berrehun feminista baino gehiago— parte hartu zuten Unibersidade Novan izandako itxiera ekitaldian. Eta oinez egin zituzten azken metroak iluntzean: emakumeen eskubideen aldeko garrasiak hartu zuen hiriburuko erdigunea.

Mundu martxaren pankarta handi batek ireki zuen manifestazioa. «Utzi pasatzen: feministak dira eta mundua aldatzera datoz», abestu zuten portugesez. Atzetik zetozen aldarriak kurdueraz, frantsesez, euskaraz; krisiaren aurka, andrazko guztiekiko elkartasunaren alde... «Gora borroka feminista» oihua ahotan hartu zuten katalanek, eta frantsesak ere katalanez mintzatu ziren: «Visca la lluita feminista!». Eta une batzuetan, trikitiaren erritmoan ere dantzatu ziren denak.

Mundu osoko emakumeak libre izatea hartu du xede eta lelo Emakumeen Mundu Martxak. Karabana abiatu zenetik agerian geratu baita askatasunik gabe bizi direla andrazko asko, oinarrizko giza eskubiderik gabe; bortizkeria jasaten dutela emakume izate hutsagatik, beste emakume batekin oheratzeagatik, politikan aritzeagatik, proiektu pertsonalak garatzeagatik... Agerian geratu zen, gainera, martxaren hasieratik: Gultan Kisanak Diyarbakirko alkatearen hitzaldiak eman zion hasiera martxari, Kurdistanen; egun, ordea, kartzelan da Kisanak, bost urteko espetxealdia ezarri baitio Turkiako Justiziak, berbaldi hartako edukia delitutzat jota.

Baina zigor horien aurka altxatzen ari dira emakumeak, Kurdistanen ez ezik, mundu osoan. Eta borroka horien lekuko izan da mundu martxa, Judite Fernandes martxaren Nazioarteko Koordinakundeko kideak azaldu duenez: «Emakumeen erresistentzia ereduen bidez, munduaren mapa alternatibo bat eraiki nahi dugu».

Karabana, Europan

Mundu martxari lotutako jarduerak kontinente guztietan egin dituzten arren, aurten batik bat Europan ibili da karabana feminista. Kurdistandik Portugalera, martxotik urrira, hogei herrialdetik gora igaro ditu. Besteak beste, Turkian, Grezian, Polonian, Alemanian, Austrian, Frantzian, Euskal Herrian eta Portugalen izan da.

Aurreko urteetako karabanekin alderatuta, alde nabarmenak ekarri ditu martxa Europatik igarotzeak. «Borroka eta aldarrikapen asko antzekoak dira, baina tokian tokiko berezitasunak dauzkate», nabarmendu du Nicole Geovana Nazioarteko Koordinakundeko kideak. «Gerra, abortua, indarkeria matxista, lesbianen ikusezintasuna... borroka feminista guztietan daude, baina leku bakoitzean erresistentzia modu jakin bat garatu dute. Beraz, memoria asko ditugu ikusarazteko».

Gerra oso presente egon da beti Emakumeen Mundu Martxaren jardunean. Atzoko ekitaldian ere, iragan astean Ankarako atentatuan hildakoen omenezko minutu bateko isilunearekin hasi zuten gerrari buruzko mahai ingurua. Eta mundu osoan jasotako irakaspenen laburpena egin zuen Graça Samo Nazioarteko Koordinakundeko buruak: «Emakumeak beti bizi dira gerran, bizi diren tokian gatazka armatu bat izan ala ez». Mozambike bere jaioterrian gerra ostean izandako egoera ekarri zuen gogora: «Guda amaituta ere, emakumeek indarkeria jasaten jarraitu genuen, etxe barruan. Armarik ez egoteak ez du esan nahi bakea dagoenik. Hala izango da pertsonak aurrez aurre jartzen dituzten arazoen errora jotzen ez dugun bitartean: desberdintasunetara, pertsona batzuek besteak mendera dezaketen ideia patriarkalera». Elkartasuna helarazi zieten Siriako gerratik atera nahian dabiltzanei: «Ez dira errefuxiatuak, gerratik eta indarkeria maskulinotik ihesi doazen pertsonak baizik». Eta Palestinako andreei, gatazka berpizten ari den egunotan. Haien izenean mintzatu zen Shad Wahdi. Intifada hitzak astindu esan nahi duela gogora ekarrita, galdera bota zuen, Emakumeen Mundu Martxaren beste aldarri nagusietako bati erreparatuta: «Gure gorputzak deskoloniza ditzakegu, haietan Intifada bat eginez?».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna