ATZEKOZ AURRERA

Necochean ere, nekerik ez

Euskara Skyperen bidez praktikatzeko, jendea harremanetan jartzen du Mintzanet egitasmoak. Atzo, mintzodromoa egin zuten Zubietan, Argentinako ikasleekin.
Pilar Iragorri, saria jasotzen, atzo. 90 urte ditu, eta Mintzanet egitasmoan parte hartzen du.
Pilar Iragorri, saria jasotzen, atzo. 90 urte ditu, eta Mintzanet egitasmoan parte hartzen du. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

Edu Lartzanguren -

2016ko azaroak 13

Pilar Iragorrik 90 urte ditu, baina 20 urteko asko baino biziagoa da. Zorroagako zahar etxean bizi da, Donostian, eta burua argi izateko trikimailu bat du, sudokuak egitea baino askoz hobea: bidelaguna da. Mintzanet egitasmoan parte hartzen du, hau da, bere denboraren zati bat eskaintzen dio euskaraz mintzapraktika egin nahi duen pertsona bati —bidelari bati, egitasmoaren hizkeran—. Astero, ordubete inguru aritzen da, Skypez. «Hiru ikastaro egin ditut ordenagailuekin ibiltzeko, baina ezin dut», adierazi du Iragorrik. «Orain, askoz hobeto nabil, tablero horietako batekin».

Luzatu haria euskarari da Mintzanet egitasmoaren leloa, eta hari hori Argentinarekin lotuta egon zen atzo. Mintzanet Eguna bazkari batekin eta mintzodromoa eginez ospatu zuten atzo 60 bat lagunek, Zubietan (Donostia). Zaila zen jakitea zenbat mintzaide zeuden Atlantikoz bestaldean, Argentinako Necochea hirian, Skype bidez bat egin baitzuten hango eta hemengo jaiek. Euskal Astea egiten ari dira 90.000 biztanleko hiri horretan, eta, han udaberria izan arren, eta Necocheak hondartza ederrak edukita ere, horietako batzuk euskara praktikatzeko bildu ziren.

Necochearra da Xabier Zubillaga, eta egunotan Euskal Herrian dago. Hernani eta Errenteriako (Gipuzkoa) aita-amen semea da. «Gurasoek eutsi egin zioten euskarari, kanpoan egon arren», esan du. Aita hango Euskal Etxearen sortzaileetako bat izan zen, eta baita dantza taldearena ere. Euskal Astea urtero egiten dute Argentinako hiri batean, 1972. urtetik. Datorren urtean, San Nicolasen egingo dute. Necocheakoak hiru berrikuntza izan ditu: lehen aldiz, sagardotegia egin dute, «Necochean eginiko sagardoarekin, gainera», Zubillagak esan duenez. Helduen danborrada egiten dute aspaldi, eta, aurten, haurren lehen danborrada egin dute. Horrez gain, lehen aldiz egin dute mintzodromoa.

«Argentinan 100 euskal etxe daude. Argentinarren %10ek euskal abizena dute, hau da, lau milioik, Euskal Herrian baino gehiagok», esan du necochearrak. «Sekulako lana dago han horiek euskal etxeetara eta euskarara erakartzeko». Baina lan hori txikitatik egin behar dela nabarmendu du. «Orain ez duzu Garbiñe Muguruza bat euskaldunduko», esan du Venezuelako tenislaria aipatuta. «Horretarako berandu da».

Mintzanet sekulako tresna izan daiteke lan horretarako. «Mintzanetek ez du helburu didaktikorik, praktikoa baizik, baina aukera ematen du euskara edonon eta edonoiz praktikatzeko», azaldu du Ritxi Lizartza egitasmoaren arduradunak. 2013an abiatu zuten, eta 400 lagun ari dira orain parte hartzen, bidelari zein bidelagun. «Jendeak astean ordubeteko saioa egitea da geure helburua, urtebetean izugarri aurreratzen dutelako».

Sariak mintzaideei

Hiru sari banatu zituzten atzoko jaian. Arantza Garaialderentzat izan zen Bidelagun saria, lau urtez aritzeagatik. «Hiru urtez nabil pertsona berarekin, eta asko askatu da. Izugarrizko komunikazioa daukagu», esan du irakasle ohiak. Donostian du Skyperen bidezko mintzalaguna. «Konpromisoa hartzen duzu, baina oso erraza da moldatzeko, oso ondo antolatuta dagoelako». Trebea da Garaialde Skyperekin, besteak beste, adiskide bat duelako Polinesian.

Bigarren saria 90 urteko Iragorrirentzat izan da. «Euskara ikasten duten askok ez dute gero aurrera egiten, ez dutelako norekin egin», esan du, eta bere mintzaidea asko «soltatu» dela nabarmendu du.

Hirugarren saria euskararekiko konpromiso handia erakutsi duen bidelari batek jaso du: Andrea Bella uruguaitarrak. Aniceto Ajurigogeaskoa du bidelagun Bellak, eta, Mintzaneten hasi zenetik, bi aldiz etorri da uruguaitarra Euskal Herrira. Atzo ere ahalegina egin zuen emakumeak: Montevideotik Necocheara joan zen, mintzodromoan aritzeko eta Bidelariaren saria jasotzeko. «Gozatzen ari gara, eta euskaraz egiteko aukeraz baliatzen», esan zuen Skype bidez. Zubietan bildutakoen txalo zaparrada jaso zuen.

Edonola ere, Mintzaneten erabiltzaileen %80 Euskal Herrian daude. «Euskaraz doan praktikatzeko aukera emateko da, baina oso ona da boluntarioentzat ere», esan du Lizartzak. Izan ere, aukera ematen dio horietako askori honetaz eta hartaz aritzeko, beste egoera batean edo bestelakoa den lagun batekin; mintzaide zirkulua zabaltzeko, nolabait ere. Badira «psikologoak aholkatuta» izena eman dutenak ere.

Zubietan bazkalosteko kantuak amaitu direnean, bi bidelagun jarri dira ordenagailuaren aurrean, Necocheako bi bidelarirekin euskaraz aritzeko. «Euskal Herrian daude pantailaz bestaldean», esan du horietako batek Argentinan, ilusioz. «Gu gara zortzigarren probintzia», gaineratu du.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Emakume bat, atzo, Iruñeko Estafeta kalean. ©VILLAR LOPEZ / EFE

Nafarroako Gobernua maskararen nahitaezko erabilera aztertzen ari da

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

Azken egunotako kutsatuen gorakadak kezka eragin du, eta maskaren erabilerari buruzko arauak berriz aztertuko ditu aste honetan. Eskoriatzan, hilik aurkitu dute positibo eman zuen gizonezko bat

Sanferminak bertan behera geratu diren arren, zuri-gorriz jantzitako gazte bat, maskararekin, Iruñean. ©Jesús Diges

Koronabirusaren agerraldiak

Berria

Koronabirusaren aurreneko olatua makaldu eta konfinamendua arintzen hasi ondoren agerraldi gehiago ditu gaitzak. Ekainetik aurrera gutxienez hamahiru agerraldi izan ditu COVID-19ak.

Iruñerko Nabarreria kalea asteon. ©Iñigo Uriz / FOKU

Iruñeko agerraldian 21 kasu atzeman dituzte

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

Hego Euskal Herrian, guztira 64 positibo erregistratu dira azken orduetan. Eskoriatzan (Gipuzkoa) PCR proban positibo eman zuen gizonezko bat hilik aurkitu dute etxean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna