Albistea entzun

Kataluniako prozesu politikoa babestu du Eusko Legebiltzarrak

Herriek beren etorkizun politikoa erabakitzeko «zilegitasun demokratikoa» dutela onartu dute EAJk eta EH Bilduk testu batean.

Erabakitzeko eskubidearen muga legean jarri dute PSE, PP eta UPDk
Unai Urruzuno eta Dani Maeztu EH Bilduko legebiltzarkideak, Kataluniako bandera zabaltzen Eusko Legebiltzarreko saioan, atzo.
Unai Urruzuno eta Dani Maeztu EH Bilduko legebiltzarkideak, Kataluniako bandera zabaltzen Eusko Legebiltzarreko saioan, atzo. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

Edurne Begiristain -

2014ko urriak 10 - Gasteiz

Kataluniako prozesua babestu eta herri guztie erabakitzeko eskubidea aldarrikatu zuen atzo Eusko Legebiltzarrak. EH Bilduren eta EAJren arteko erdibideko zuzenketa bati esker, Kataluniako Parlamentuak hasitako «prozesu politiko eta demokratikoari» errespetua eta ezagutza adierazi zion ganberak. Horrez gain, herri orok bere etorkizun politikoa erabakitzeko «zilegitasun demokratikoa» dutela dio bi taldeek onartutako testuak. Ebazpenak EAJren eta EH Bilduren aldeko 48 boto eskuratu zituen, eta PSE-EE, PP eta UPDren aurkako 27.

Talde abertzaleek eta konstituzionalistek erabakitzeko eskubidearen inguruan duten ikuspegi kontrajarriak agerian utzi zituen atzoko eztabaidak. Batzuek eta besteek dituzten jarrerak, gaur-gaurkoz, bateraezinak direla ere islatu zuen. Demokrazia eta legedia hitzak maiz izan zituzten ahotan taldeetako ordezkariek saioan. EH Bilduk eta EAJk herritarrei galdetzea «ariketa demokratikoa» dela azaldu zuten, eta PSEk, PPk eta UPDk, berriz, Espainiako legediarekiko errespetua argudiatu zuten erabakitzeko eskubidea ukatzeko.

Kataluniako prozesua Euskal Herrira ekarri, eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatu zuen EH Bilduko Pello Urizarrek, bere taldeak aurkeztutako ekinbidearen defentsa egiteko orduan. Eztabaida amaitutakoan ere koalizioko ordezkariek agerian utzi nahi izan zuten Kataluniako prozesuari ematen dioten babesa estelada bat aterata. Unai Urruzunok eta Dani Maeztuk eserlekutik erakutsi zuten bandera, eta txaloka erantzun zuten taldeko gainerako kideek. Estelada gordetzeko eta «zirkua amaitzeko» ohartarazi zien orduan BakartxoTejeriak, legebiltzarreko presidenteak.

Aurretik, Urizarrek pozgarritzat jo zuen ganberak erabakitzeko eskubidearen aldeko ebazpena onartu izana, «demokraziaren aldeko aldarrikapena» delako. Haren ustez, Espainiako «unionismoaren» tesia ez da zuzena, erabakitzeko eskubidearen defentsak ez duelako konfrontaziorik sortzen: «Demokraziak ez du liskarrik sortzen; ukazioak eta mehatxuak sortzen dute konfrontazioa». Espainiako Gobernua «tresna politiko, polizial, militar eta judizial guztiak jartzen ari da ukazioaren zerbitzura», esan zuen, baina ez duela lortuko herri borondatea gelditzea, ezta Euskal Herriko kasuan ere. «Ukazioaren bideak ez du geldiaraziko euskal gizartea, ezta herri honen askatasun egarria itoko ere».

Urizarren iritzian, demokraziari «beldurrik» ez zaio izan behar, demokrazian oinarritutako ibilbideak «bizikidetza normalizatua bermatuko duelako». Areago, azpimarratu zuenez, legeak izan behar du demokraziara egokitu beharrekoa, eta, Eskozian gertatu den legez, borondate politikoaren esku dago hori egitea. Hango eredua txalotu zuen Urizarrek, Londresek «gehiengoaren zilegitasuna» onartu duelako.

Galdetu, eta erabakia bete

Kataluniako herritarrek hasitako prozesua Euskal Herriarena ere badela esanez hasi zuen bere txanda Joseba Egibar jeltzaleak. Hala, «babesa eta errespetua» agertu zien katalanei, eta herri galdeketan euren iritzia emateko eskubidea dutela azaldu zuen. Azaroaren 9ko galdeketaren aurka legediaren argudioa erabiltzen dutenei hitz egin Egibarrek: «Bozkatu nahi dute, independentziari buruz daukaten iritzia eman nahi dute. Hori ez al da demokratikoa? Ez al da legezkoa?». Ondoren, bozketa debekatzea ez dela demokratikoa gaineratu zuen: «Demokrata batek galdetzen utzi eta erabakia errespetatu beharko luke». Hala, Espainiako agintariek herritarren borondateari erantzun behar diotela azpimarratu zuen.

Kataluniarekiko «errespetua eta aitorpena» eskatu zuen Egibarrek, hasitako prozesua «demokratikoa» delako. Eta horren aurka daudenei ohartarazi zien erabakitzeko eskubidea Kataluniako gizartearen «osagai egituratzailea» bilakatu dela, eta abertzale ez ziren herritar asko jada independentziaren aldekoak direla eta eskubide horren defentsa egiten dutela. Katalunian herri borondatea «uholdea» bilakatu dela eta hura gelditzea «ezinezkoa» izan dela ere adierazi zien PPri eta PSEri.

Erabakitzeko eskubideak ongizate mailarekin lotura zuzena duela azpimarratu zuen.

Demokrataren definizioa

Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusi berriari egokitu zitzaion sozialistek erabakitzeko eskubideaz duten iritzia azaltzea. Eta, horretarako, legedia eta arauekiko errespetua aipatu zituen. Haren ustez, erabakitzeko eskubidearen inguruko eztabaidaren muina «okerra» da, galdeketa batean botoa ematearekin ez delako arazorik konponduko. Gainera, iritzi dio Kataluniako auzi politikoaren irtenbidea ezin dela etorri «arau- hauste» batetik. «Erreferendum bat metodo okerra da gizarte baten etorkizuna erabakitzeko, aurrez adostasunik ez badago».

Harago jo zuen, ondoren, PSEko eledunak: «Ez dira bateragarriak demokrata izatea eta erabakitzeko eskubidea defendatzea». Haren irudiko, erabakitzeko eskubidea aldarrikatzea «amarru kontzeptuala» da gehiengo baten iritzia gutxiengo bati «inposatzeko». Horren aurrean, Espainiako Konstituzioaren erreforma federala aldarrikatu zuen Mendiak.

Borja Senper PPko eledunak, erabakitzeko eskubidearen inguruko «eufemismoak eta metaforak» erabiltzea eta «lubakietako diskurtsoak» izatea egotzi zien EAJri eta EH Bilduri. Herritarren borondate politikoaren muga legea dela ohartarazi zien PPkoak bi alderdi abertzaleei: «Botoa ematea demokratikoa da, baina ariketa hori ezin daiteke edozein eratan egin. Legea errespetatzea ezinbestekoa da». Irtenbidea «elkar ulertzea eta akordioa» direla azpimarratu zuen Senperrek; EAJren eta EH Bilduren barrea eragin zuen haren esanak.

UPDko Gorka Maneirok azaldu zuen Kataluniako legedia «legez aurkakoa eta zentzugabea» dela. Haren ustez, Europan «mugak» eraikitzea herritarren kalterako da, eta demokraziarik ez dago legetik kanpo.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

'Egia Ez Da Preskribatzen' jardunaldiak ezagutarazteko agerraldia. ©OSKAR MATXIN / FOKU

Foro Sozial Iraunkorra: «Egia ezagutzea funtsezkoa da biktimen erreparaziorako»

Xabier Martin

Egia jakitea «eragozten duten mugak gainditzeko» ekimenak bultzatu behar ditu gizarte zibilak, Bake prozesua indartzeko Foro Sozialaren arabera.

 ©ANDONI CANELLADA / @FOKU

«Hiru urte hauetan frogatu dugu serioak garela»

Iosu Alberdi

Akordio «zabala» itxi dute Espainiako Gobernuak eta EH Bilduk aurrekontuen inguruan. Kritikak ere entzun dituzte zenbait diru sail direla eta. Ulertzeko zailak dira kritika horiek, Aizpuruaren ustez.
Baldintzapean aske utzi ostean Mikel Irastorzari -erdian, loreekin- Baionako tren geltokian egindako harrera, 2017an. ©Euskal Irratiak

Mikel Irastorza preso ohia urtarrilean epaituko dute, Parisen

Berria

Gaizkile taldeko kidea izatea leporatzen diote Lapurdin bizi den donostiarrari.

Aranzadikoak gorpuzkiak lurpetik ateratzen, Urduñako hilerrian. ©IREKIA

Urduñako espetxe frankistan 30 gorpuzki aurkitu dituzte

Olatz Silva Rodrigo

Aranzadi zientzia elkarteak topatu ditu, haiek lurpetik ateratzeko lanetan ari zela. Gogora Institutua biktimen senideekin harremanetan jarri da

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...