Albistea entzun

Askapena larruan

Milizia kurduek Kobane hiria Estatu Islamikoaren erasotik askatu zutenean, emakumezkoak ziren munduko kazeten azaletan ageri ziren gerrillariak. Aurten, haiei eskaini die Martxoaren 8a Kurdistango Emakumeen Mugimenduak.
YPJ Emakumeen Autodefentsa Unitateetako milizianoak, Kobaneren askapena ospatzen.
YPJ Emakumeen Autodefentsa Unitateetako milizianoak, Kobaneren askapena ospatzen. DIHA / EFE

Samara Velte -

2015eko martxoak 8 - Donostia

Nazio askapenerako mugimendu orok bere buruari egin dion galdera da: «Estatu batek bermatzen al du herri baten independentzia?». Kurduek ezetz diote. «Ez dago independentea den estaturik, bere herritarrak zapaltzen ez dituenik. Estatuak botere egiturak dira, eta goitik behera eraikita dauden bitartean, beti izango dira zapaltzaileak», dio Melike Yasar (Urfa, Ipar Kurdistan, 1984) Kurdistango Emakumeen Mugimenduko Europako ordezkariak.

Kurdistango askapen mugimenduak azken hamarkadan egindako lanketa teorikoa laburbiltzen dute Yasarren hitzek. 2003tik dator estrategia aldaketa: estatu independente bat ezarri ordez, autonomia faktikoa dute orain helburu nagusi. «Ez oker ulertu», argitu du Yasarrek: «Oraindik independentzia nahi dugu, baina benetakoa, eta ez estatu klasiko batekin». Konfederalismo Demokratikoa aldarrikatzen dute: oinarritik eraikitako egitura bat, erdigunean emakumeen askapena daukana. «Emakumeak eta gizonak elkarrekin ari dira estatu baten aurka, baina badakite eraiki nahi duten hark parekidea izan behar duela. Auzi nazionala jada ez da nazio auzia, baizik eta auzi soziala».

Euskal Herrian izan berri da Yasar, Bilgune Feministak, Askapenak eta Ernaik gonbidatuta. Hainbat hitzaldi eman ditu, eta guztietan bete dira aretoak. «Duela bost urte etorri nintzenean ere saiatu nintzen gure proiektu politikoa azaltzen, baina denek utopiatzat jotzen zuten». Gaur egun, Konfederalismo Demokratikoa indarrean da Siriaren menpeko Kurdistanen, eta gainerako lurraldeetara zabaltzekotan dira.

Emakumeen mugimendua

Kurdistanen askapenerako aldarrikapenek 1978an hartu zuten lehenbizikoz ahots eta itxura zehatza. Ankarara joandako unibertsitateko ikasle talde batek —Abdullah Ocalan buru zuela— PKK Kurdistango Langileen Alderdia sortu zuen, eta lehenbizikoz formulatu zuen Turkiarekiko gerra deklarazioa: «Kurdistan kolonia bat da».

Ordura arte baziren Kurdistango matxinadetan parte hartzen zuten emakumeak, «baina bokazio nazional garbiegirik gabe, eta are gutxiago genero askapenerako kontzientziarekin». PKKren sorreran egon zirenek, ordea, estu hartu zituzten kideak, emakumeen auzia lehen mailara igo zezaten. Garaiko hainbat gazte eta askapen mugimenduk bezala, erakunde berriak ere perspektiba marxista-leninista zeukan. Egitura feudalak errotuta zeuden Kurdistango gizartean, eta haiekiko kritika gizon eta emakumeen arteko botere harremanei ere aplikatu zieten. Oinarrizko printzipio bat zuten abiapuntu: «Historian lehenbizi zapaldutako nazioa emakumea da».

1984an borroka armatuari heldu zion PKK-k. Emakume askorentzat esperantzarako arrazoi bihurtu zen gerrilla: «Batzuek ezkontzatik ihesi jo zuten mendira. Espazio hartan ikusten zuten bazegoela berdintasunerako aukera». Nolanahi ere, aurki azaleratu ziren kontraesanak: denak ziren iraultzaileak, baina batzuek ez zituzten besteak onartzen. «Buruko zapia eraman behar zutela ere esaten zieten emakumeei». Ocalan, ordea —ordurako erabateko erreferentea—, emakumeen autonomiaren aldekoa zen, eta babes horrek ezinbesteko indarra eman zion mugimenduari. 1990eko hamarkadaren erdialdera, talde armatu beregainetan antolatzen hasi ziren emakumeak: «Pentsatzea ez zen aski: praktikan ere independenteak izan behar genuen gizonezkoekiko». Handik gutxira askapen mugimenduko emakumeek euren armada sortu zuten, eta haietako batzuek komandante karguak hartu zituzten gizonezkoen eskuadroietan. «Gehienentzat, ez zen erraza izan onartzea emakumeak euren batailoietako gidari ere izan zitezkeela; are gutxiago, gerra egoeran». Baina gainditu beharreko zailtasunak ziren, gizartea benetan aldatuko baldin bazuten.

Gerrillariak, eredu

Askapenerako teoria eta antolaketa eredu guztiak gerrillaren mendiko baseetan frogatzen ditu lehenbizi Kurdistango mugimenduak, eta gero eramaten ditu gizarte zibilera. Militanteak herritarrentzako eredu direla azaldu du Yasarrek, eta diziplina handiarekin jokatzen dutela horregatik. «Euren artean nola harremantzen diren, nola jaten duten... beraiek dira inspirazio-iturri». Gerrillako emakumeak euren kabuz antolatzen hasi zirenean, hala egin zuten zibilek ere. Batzorde, alderdi eta bestelako egitura independenteetan antolatzen hasi ziren, baita diplomazian ere: mundu osoko mugimendu feministekin aliantzak eraiki zituzten, eta Nazioarteko IV. Emakumeen Konferentziara ere igorri zuten ordezkaritza kurdu bat.

Herrietan kooperatiba sare sendoa osatu dute urteotan guztiotan: bistakoa da haren irismena Ipar Kurdistango hiri nagusietan pasieran dabilen edonorentzat. Etxean tratu txarrak jaso dituzten andreek daramatzaten kafetegi edo jatetxeak dira haietako asko. «Garrantzitsua da Kurdistango emakumeen mugimenduak berak eskaintzea babesa». Ez diete soilik gela bat ematen bizitzeko: ikuspegi feminista erakusten diete, eta sorkuntzarako eta lanerako espazioak dauzkate eskura. «Kooperatiben benetako helburua da emakumeen ekonomia alternatibo bat sortzea, sistema kapitalista honekiko modu independentean antolatua».

Herri eta auzo bakoitzean batzorde kooperatibo bat arduratzen da enpresa sare hori kudeatzeaz: bertan eztabaidatzen da zeintzuk diren biztanleen beharrak eta zein baliabide ekonomiko dauden haiek asetzeko. «Ipar Kurdistanen langabezia handia dago», azaldu du Yasarrek: «Baina badira lur-jabeak diren kurduak ere. Batzordeak horiekin hitz egiten du: 'Aizue, hemen 50 lagunek egin dezakete lan, eta soilik 30 ari dira'. Konbentzitzen dituztenean, batzordeak erabakitzen du lanpostu horiek nola banatu, familia bakoitzaren beharren arabera». Sistema horrek gero eta kasu gehiagotan funtzionatzen duela dio: «Apurka ari da dinamika bat sortzen, eta batzuk euren kabuz etortzen dira batzordeetara».

Genero indarkeria zigortzeko neurriak ere badituzte. «Halako kasuren bat atzemanez gero, gizona automatikoki botatzen dugu edozein egituratatik». Berdin behartutako ezkontzekin edo poligamiarekin. Politikan, emakumezkoentzako %40ko kuota dute, eta ordezkaritza karguek —alkate, presidente, batzordeetako buruek— kopresidentetza bidez funtzionatzen dute: beti bi pertsona daude erakundeen buruan, gizonezko bat eta emakumezko bat. Emakumezkoa, gainera, emakumeek aukeratzen dute soilik. «Turkiako legedian ez dago kopresidentetzaren figura. Hasieran ez zuten nahi, baina gu horrela funtzionatzen hasi ginen, eta onartu behar izan digute».

Eredu konfederalista

Pentsaera aldaketa horretara iristeko, prestakuntza saio luze eta sakonak egin zituzten gerrillan, oinarrizko beste kontzeptu batzuk ere zalantzan jarriz: boterea, patriarkatua, estatua, ohorea. Ordura arte defendatutako estatu eredua hankamotz geratu zen. «Independentzia nazionala ez zen aski izango gizarteko gatazka nagusiak konpontzeko, eta borroka armatua ere ez zen nahikoa».

1999 urte mugarria izan zen: nazioarteko konplot baten bidez Ocalan atxilotu zuten, eta PKK-k su-etenera deitu zuen. Alderdiko burua kartzelan zela, paradigma berria diseinatzeari ekin zioten gerrillariek: konfederalismo demokratikoa. Hilabeteetako prestakuntzak antolatu zituzten. Militante zibilak ere mendira eraman zituzten analisi pertsonalak egitera. Autokritika sakonak eginarazi zizkieten: «Bakoitzaren historia norbere barrutik azaleratzen da. Helburua gizartea aldatzea bada, emakumeak aske izan daitezen, beharrezkoa da gizartea aldatuko duten norbanakoek euren pentsaera aldatzea».

Egitura politiko eta sozialei ere heldu zieten: botere harremanak hausteko, ezin zuten goitik beherako egiturak izan; oinarritik abiatu behar zuten. Horrela sortu zen KCK erakundea, Kurdistango Herri Konfederazioa. Askapen mugimenduko atal ugarik osatzen dute, eta PKK haietako bat baino ez da, «militantez osatutako alderdi ideologiko bat». Armadaren kontzeptua ere berriro formulatu zuten; ordutik, gerrillak «autodefentsarako unitateak» dira. «Autodefentsa legitimoa zer den hausnartu genuen: bizidun orok dauka bere burua defendatzeko eskubidea. Arrosa ederrenak ere arantzak ditu bere burua babesteko».

Estrategiaren erdigunean independentzia praktikoa eta burukoa dago. Eta, garrantzitsuena: emakumeek eta gazteek egitura paralelo eta beregainak dituzte maila guztietan, egitura orokorrekiko berdin-berdin antolatuta. Haietatik aukeratzen dituzte euren ordezkariak kongresu eta batzorde nagusietarako: haiek dira euren ahotsa.

Lau zatiak batzen

Kurduen autonomia praktiko horrek zerikusi handia du eskualde bakoitzeko egoera sozioekonomikoarekin eta gobernu zentralekiko duten harremanarekin. Ankarak eta Teheranek erabat baztertuta dauzkate kurduen lurraldeak; langabezia handia dago horietan, eta euren kabuz antolatzea izan da Kurdistango ekonomiak bizirik irauteko modu bakarrenetakoa.

Hego Kurdistanen, aldiz, aitortutako eskualde autonomoa dute kurduek: 'Iraken menpeko Kurdistan Autonomoa' deitzen zaio, baina apenas duen menpekotasunik Bagdadekiko. Hegoaldeko kurduek erruz profitatu zuten AEBen inbasiotik, eta, horri esker, de facto-ko independentzia daukate orain. Aliantza horregatik traidoretzat ditu PKKrekin lerratutako askapen mugimenduak. «Iraken menpeko Kurdistanekin arazoak ditugu», onartu du Yasarrek. Han Barzani familiaren KDP Alderdi Demokratiko Kurduak agintzen du: «Kurduak dira, baina amerikazaleak funtsean. Hainbat saialdi egin ditugu kongresu nazional bat egiteko, baina Barzani ez da sekula prest egon. Berak alderdi bakarreko agintea nahi du, estatu bat, baina perspektiba demokratikoa falta zaio. Eta PKK onartu behar du».

Gatazka horrek une erabakigarri batzuetan oztopatu ditu kurduen arteko aliantzak; esate baterako, iazko udan, Estatu Islamikoa (EI) Iraki eta Siriari eraso egiten hasi zenean. «Harrigarriki azkar bereganatu zuen Mosul», ekarri du gogora Yasarrek: «Irakeko hiri handienetako bat da, eta bertan daude petrolio-enpresa eta banku guztiak; Hegoaldeko kurduen inbertsioak». Hurrengo helburua Sinjar mendia zen, kurdu yezidiak bizi diren gune historikoa. «EI Sinjarrera heldu zenean, pexmergek [Hego Kurdistango gobernuko indar armatuek] ihes egin zuten. Gutxienez armak utzi izan balizkiete herritarrei! Baina bakarrik utzi zituzten, eta EIk sarraskia eragin zuen. Gau hartan, PKK-k ohartarazi zien: 'Zuen nazioarteko koalizioak ez badu ezer egiten sarraskia gelditzeko, gu geu jaitsiko gara menditik herritarrak babestera'». Nazioarteko erakunde terroristen zerrenda nagusietan dago PKK; menditik jaistea arrisku bizia da. Gau hartan, jendaurrean jakinarazi zuen hala egingo zuela.

PKKren laguntzarekin iparraldetik eta YPG Herritarren Defentsarako Unitateenarekin ekialdetik, yezidiak Mendebaldeko Kurdistanera eramateko korridore bat zabaldu zuten. «Barzanik Siriarako muga zabalduko zuela espero genuen, gutxienez eriak ateratzeko eta giza laguntza sartzeko, baina ez zuen egin. Orduan onartu behar izan zuen nazioarteak PKK ez dela talde terrorista bat: jendea salbatzen ari zela».

Kobane, «marra gorria»

EI Sirian barrena hedatzen hasi zenean, kurduek bazekiten sarraskia aurki ailegatuko zela euren lurraldeetara. Ordurako autonomia praktikoa eraikita zeukaten gerrak utzitako botere hutsunean: Afrin, Cizre eta Kobane barrutiak aldarrikatu, eta hasiak ziren konfederalismo demokratikoa indarrean jartzen. «Gerraren erdian, bizitza sortu zen».

Gerraren hasieran, «nahiko modu baketsuan» egotzi zituzten bi bandoak euren lurretatik. Baina autonomia sendotu ahala, Al-Qaedaren, Al-Nusra Frontearen eta, azkenean, EIren erasoak jasotzen hasi ziren. «Ekialde Hurbila desegin eta berrantolatzeko» sortutako erakunde armatuak nekez utziko zukeen zutik kurduek eraikitakoa: «EIko buruzagi gehienak Saddam Husseinen militar ohiak dira. Haien asmoak ez dauka zerikusirik suniten eta xiiten arteko gatazkarekin edo horrelako ezerekin: kurduen antolaketa hautsi nahi zuten».

Kobane «marra gorria» zen kurduentzat. Hura menderatuz gero, aise igaroko zatekeen EI beste barruti independenteetara. «Turkiak babeserako eremu bat ezarri nahi zuen mugan, Siriaren menpeko Kurdistan ere kontrolatzeko; eta AEBek zioten, 'Tira, EIri pixka bat erasotzen utziko diogu eta gero laguntza eskainiko diegu kurduei, gure interesei men egitearen truke'. Baina Kobanen erresistentzia antolatu zuten».

Emakumezko gerrillarientzat esanahi berezia zeukan. «Gure proiektuaren oinarrizko printzipioak zeuden jokoan: EIk bere militanteei esaten zien ez zirela paradisura joango andre batek hiltzen bazituen! Ezinbestekoa zen beldurrik ez erakustea». Ehunkak hartu zuten parte erresistentzian, eta askok erabili zuten gerrian lotutako lehergailua EIren esku ez erortzearren. «EIk patriarkatua, inperialismoa eta arrazakeria ordezkatzen zituen. YPGko gerrillariak emakume guztion esperantza bihurtu ziren». Haiei eskainiko die Kurdistango Emakumeen Mugimenduak aurtengo Martxoaren 8a.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Carles Puigdemont (erdian) Luxenburgoko auzitegiaren epaia baloratzen, gaur, Europako Parlamentuan, inguruan Clara Ponsati, Gonzalo Boye, Lluis Puig eta Toni Comin dituela. ©Berria

Erbesteratu katalanek ezingo dituzte Belgikaren argudioak erabili Llarenaren euroaginduak baztertzeko

Gorka Berasategi Otamendi

Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak ebatzi duenez, batasuneko estatu kide batek ezin dio uko egin beste kide baten euroagindu bati, frogatu ezean azken horrek sistematikoki urratzen dituela eskubideak.

AEBetako F-16 hegazkin batzuk ariketa militarrak egiten Hego Korean ©EFE

Ukrainara gerra abioiak bidaltzearen aurka agertu da, oro har, Mendebaldea

Igor Susaeta

Auzia mahai gainean dago, baina Mendebaldeak ez du jarrera bateraturik. Macronen arabera, hainbat aldagai hartu beharko lirateke kontuan borrokarako hegazkinak entregatzeko.

Antony Blinken AEBetako Estatu idazkaria eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa, atzo, Tel Aviven. ©DEBBIE HILL / EFE

«Lasaitasuna berrezartzeko» eskatu die Blinkenek Israeli eta Palestinari

Mikel Elkoroberezibar Beloki

AEBetako Estatu idazkariak Tel Aviven adierazi du AEBek «Israelgo segurtasunarekin» daukaten konpromisoa «hautsezina» dela. Israelgo armadak gutxienez 35 palestinar hil ditu aurten

Zelenski eta Von der Leyen, iazko apirilean, Kieven ©EFE

Ukrainak bi urteko epean sartu nahi du EBn

Igor Susaeta

Erdoganek adierazi duenez, Suediarekin eta Finlandiarekin batera negoziatu beharrean, bakarka negoziatuko du bi herrialde horiek NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kide bihurtzeari buruz.

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.