Mendiko eskia. Altitoy 

Gozatzea helburu, lehiaren gainetik

Mendiko eskiatzaile beteranoek eta hasiberriek helburu bera dute: gozatzea. Bakoitzak bere neurrian, bakoitzak bere eskarmentuarekin eta bere mugekin, mendiko eskiaren festan, paraje ikusgarrietan eta lagun giroan.

Unai Ugartemendia -

2017ko otsailak 21
Euskal Herriko eta Pirinioen inguruko beste herrialde batzuetako mendiko eskiatzaileentzat urteko ekitaldi nagusietakoa da Altitoy, ibilbideengatik, antolakuntzagatik eta giroagatik.

1. A ibilbidea edo B ibilbidea egingo duzu?

2. Zenbatgarren aldia duzu Altitoyn?

3. Zeri diozu berdur handien?



4. Beste lasterketarik egin al duzu aurten?

5. Zein asmorekin zoaz Altitoyra?

6. Beste probaren bat egiteko asmorik?

7. Zerekin konformatuko zinateke?

8. Zer da garrantzitsuena horrelako proba batean?

9. Zenbat denbora daramazu Altitoy prestatzen?

IGOR ALZELAI Legazpi, Gipuzkoa, 1978

A Ibilbidea.

2 Zortzigarrena dela uste dut.

3 Iñigo Larizek jarriko duen erritmoari [barreak].

4 Cerlerreko bertikala [Aragoi, Espainia].

5 Altitoy euskal jai bat da eta, beraz, asteburu on bat pasatzera eta gozatzera joango naiz.

6 Bai, hurrengo asteburuan, Bandres-Karolo egingo dut eta, agian, Andres Regil edo Munduko Kopa, Araneko ibarrean [Herrialde Katalanak].

7 Gorputzak osorik bukatzearekin.

8 Ondo elikatzea eta hidratatzea dela iruditzen zait.

9 Gabonak pasatu eta gero eskiatu ahal izan dudana.

SONIA CASAS TORCIDA Bilbo, 1976

1 A ibilbidea

2 Lehen aldia izango da.

3 Irteerako estresak, kontrol denboretara ez iristeak eta gorputzak behar bezala ez erantzuteak.

4 Inoiz ez naiz lehiatu. Ez nuen pentsatu ere egingo lehiatzerik, are gutxiago mendiko eskian.

5 Oso garai egokian iritsi zait Altitoy, mendiko eskia egiteko, denbora luzeagoan eta oso erritmo bizian. Nire gorputzak lehia batean nola erantzungo duen ikusi nahi dut. Inguruaz ere gozatu nahi dut, ibilbideak amaitzea gustatuko litzaidake, eta bikotekideak ere ea lehen aldiz amaitzeko aukera izaten duen, bi ahalegin egin eta gero. Eta, azkenik, ondo pasatzea da helburua.

6 Posible da, baina lehenik kirol hau gustatzen zaidan ikusi behar dut, eta ea lehiatzeko moduan nagoen. Gaztetan aurkitu ez nuen bizigarria aurkitu nahi dut.

7 Saiatzearekin, bikotekidearen irribarre batekin, besarkada batekin...

8 Antolakuntzaren aldetik, segurtasunarekin zerikusia duen oro da garrantzitsua. Elurraren egoera, eguraldia... Talde gisa, ondo ezagutzea, entrenamendu onak egin izana, biak pareko ibiltzea, teknika kontrolatzea, erritmoa kontrolatzea, trantsizioak, anoa guneak...

9 Lotsa ematen dit esateak eta ez nuke nahi inor haserretzea, baina hilabete inguru. Hala ere, goi-mendiko gidaria naiz, eta sasoiko egoten naiz urte osoan. Horrek salbatuko nau, erresistentzia luzera ohituta nagoelako. Hala ere, denbora mugak daude, eta ez dakit nola ibiliko garen. Gogoa eta ilusioa gainezka ditugu.

JUANJO GOIKOETXEA BERASATEGI Uharte Arakil, Nafarroa, 1978

1 A ibilbidea.

2 Seigarrena.

3 Materiala apurtzeari, kolperen bat hartzeari edo sentsazio txarrak edukitzeari eta, ondorioz, ezin bukatzeari.

4 Bai, Boi Taulleko [Herrialde Katalanak] kronoigoera eta Causiat Xtrem, Candanchun [Aragoi, Espainia].

5 Saiatuko gara gauzak ahalik eta ondoen egiten, eta batez ere bikotekidearekin gozatzen.

6 Bai. Ondoren Bandres-Karolo, Espainiako bikotekako txapelketa eta agian Andres Regil. Aukera izanez gero, besteren bat egitea ere gustatuko litzaidake.

7 Sentsazio onekin bukatzearekin. Horrek esan nahiko du dena ondo atera dela, eta asko gozatu dugula.

8 Uste dut burua hotz edukitzea. Oso lasterketa luzea da, eta, azkarregi abiatuz gero, gero ordaindu egiten da. Onena bakoitzaren lasterketa egitea izaten da. Lasterketak buelta asko ematen ditu.

9 Ez dut bereziki lasterketa bat prestatzen, nahiago dut sasoi puntu bat hartu eta mantentzen saiatu. Lasterketa bat bereziki prestatu eta gaizki ateratzen bazaizu...

LIZAR IRAZUSTA ETXEBERRIA Donostia, 1973

1 B ibilbidea

2 Hasieratik nago mendiko eski lehiaketetan. 1999 edo 2000. urtean hasiko ginen [Andoni] Areizagaren eta [Antxon] Bandresen bueltan, eta ia urtero joan izan naiz, 3-4 aldiz faltatuko nuen. Ez dakit ziur zenbat daramatzadan, lehen Euskal Herriko Txapelketa deitzen baikenion.

3 Eguraldi txarrak, elur-jausi arriskuak edo elur eskasiak ez uztea antolakuntzak prestatutako ibilbide zoragarriez gozatzea.

4 Ez.

5 Aspaldiko lagunekin asteburu zoragarria pasatzeko asmoarekin noa. Ostiralean, autora lagunekin igotzean hasten da Altitoy, elurra dugu pasioa eta asteburu guztian hizpide nagusia izaten da. Edonon topatzen ditugu lagun zaharrak: briefing-ean, Hotel du Centreko tabernan eta lasterketa ondorengo anoa gunean. Eta urtero ezagutzen dugu pasio bera duen jende gehiago ere. Hala ere, larunbat eta igande goizean, dortsala eta eskiak jarri eta onena ematen ahalegintzen gara.

6 Bai. Bandres-Karolon aterako naiz.

7 Ibilbide txukun batean eskiatzearekin, bai nik eta bai lagunek minik hartu gabe.

8 Eskiatzaile guztiak gustura geratzea, lehiatzera doazenak zein ibilbideaz gozatzera doazenak.

9 Garai batean bai, gaur egun, zaila egiten zait elurretara joatea, baina sasoiko nago oraindik. Astero egiten ditut lau edo bost entrenamendu etxe inguruan.

LIDE LEIBAR ERASO Oiartzun, 1993

1 A ibilbidea.

2 Uste dut bosgarrena dela.

3 Distantziari. Denbora gutxian metro asko egin behar izateari, lasterketa motzagoetara ohituagoa bainago.

4 Bai, Espainiako txapelketa [Candanchun eta Cerlerren] eta Font Blanca [Andorran].

5 Azken unera arte ez dut jakin ea joateko aukera izango nuen, emakumeen bikoteak osatzea ez baita oso erraza suertatzen. Beraz, bikote berriarekin gozatzera eta dudan guztia ematera.

6 Bai, Bandres-Karolo oroimenezkoa eta Andres de Regil.

7 Ibilbide polit eta tekniko batekin. Mendiko eskiaz gozatzeko aukera izan dezagun, azkenaldian lasterketak ez baitira oso alpinoak izaten.

8 Eguraldiak garrantzi handia du azken ibilbidearen hautaketan. Arlo pertsonalean, aldiz, esperientziak, materiala prest izateak, sasoiak...

9 Euskal Herrian elurrik ez dugunez, eski gaineko entrenamendu espezifikoak azaro amaieratik soilik.

AINHOA LENDINEZ GARATE Elgoibar, Gipuzkoa, 1981

1 B ibilbidea.

2 Bigarren aldia parte hartzen eta laugarren aldia ikusten, jarraitzen eta gozatzen.

3 Jaitsierei. Igotzen, nire martxan, baina moldatzen naizela esango nuke; jaisten, berriz... hiru bat urte dira eski gainean lehenengoz jarri nintzela eta pixkanaka ari naiz ikasten. Elur gogorrak eta izotzak ere beldurtzen naute.

4 Peyragudesen [Frantzia] izan ginen orain bi asteburu. Kronoigoera bat egin nuen, eta asko gustatu zitzaidan. Oso lasterketa intentsua da, bertikala, niretzat aproposa, batez ere jaitsiera ez delako lehia [barreak]. Iluntzean, buruko argiarekin pistetan behera jaistea magikoa izan zen.

5 Altitoy berezia da niretzat, etxeko proba. Ikustera zein parte hartzera joan naizenetan, izugarri gozatu dut, eta hori da nire asmo bakarra. Lagunekin ondo pasatzea eta mendia ikustea. Mendiko eskiak neguan mendiaz gozatzeko aukera eman dit, eta hori opari bat da niretzat.

6 Ez dakit, Bandres-Karolo oroimenezko kronoigoera egingo nuke agian.

7 Helmugara eski gainean duintasunez iristearekin konformatzen naiz. Eguraldiak eta elurrak laguntzen badute, badakit esperientzia ezin hobea izango dela.

8 Eskiatzen ez dakidanez, pazientzia izatea ezinbestekoa da, eta lasterketa lagunak ere pazientzia kiloka izatea. Gorakoan estutzen saiatuko naiz ni, eta beherakoan ahal dudana egiten.

9 Altitoy ez dut lasterketa moduan ikusten eta, beraz, ez dut prestatu. Egia da asteburu asko egin ditudala Pirinioetan eskiatzen, baina batez ere jaitsierak lantzeko. Mendi zurituak eta lagunak plan ezin hobea dira neguan beti.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna