Gidoirik ez bermutean

Sanferminen ezaugarririk nabarmenena ez dira entzierroak. Ezta peñak ere. Iruñeko festak bereizten dituena ez da ikuskizun jakin bat, edo telebistaz eman dezaketen kirol norgehiagoka bat. Sanferminei xarma ematen diena espontaneotasuna da. Bat-batekotasuna. Edonon eta edonoiz pitz daiteke festaren garra, eta unetxorik onenak dira, hain zuzen, aurretik programatu gabe berez sortzen direnak. Planifikatu gabeko plazer txiki horien artean, bermutarena da klasikoetan klasikoena.
Idatzi gabeko beste tradizio askorekin gertatzen den bezala, bermutean ibiltzeko ordu zehatzik ez dago. Tokiak, berriz, asko. Betiko txokoez eta peñez gainera, dozenaka taberna berri zabaldu dituzte Alde Zaharrean sanferminen aurretik, eta askotariko aukerak eskaintzen dituzte batzuek zein besteek.
Festazale askorentzat, sanferminetako bermutaren ibilbidea Estafeta karrikan hasi eta bukatzen da. Leporaino beteta egon ohi dira hango tabernak. Gida turistikoak eskuan, Hemingwayren pausoen atzetik dabiltzan turistak dira Estafetako tabernak betetzen dituztenetako asko. Arrakasta horrexengatik, beste hainbat tokitan baino garestiagoa da karrika horretan bermuta hartzea —garagardo bat eta pintxo bat: 5,50 euro—. «Gehiegikeria iruditzen zait», dio Ainara Sansebastian zarauztarrak. Asteburua pasatzera heldu da Iruñera, senarrarekin eta semearekin batera, eta harrituta dago: «Hemengo lagun batzuek esan digutenez, ostalariak kexu omen dira, kalean edaten duten gazteek negozioari kalte egiten diotelako, baina prezioak igotzea ez da irtenbidea».
Estafeta gibelean utzita, oso bestelako giroa nabari da Mercaderesen. Dozenaka lagun heldu dira Baionatik, eta kantuan ari dira Iruñazarra taberna berrituan. Iazko sanferminetan, itxita egon zen ostatua, eta haren falta sumatu zuten askok. Goitik behera zaharberrituta dago orain, baina prezioei eutsi diete: garagardoa eta kroketa, lau euroan. Hori bai, bezero gehienak euskaldunak izan arren, gaztelania hutsean hitz egiten diete zerbitzariek.
Jendez borborka dago Nabarreria plaza ere. Espaloian eserita daude gehienak, eguraldi bikaina aprobetxatzeko. «Izugarri gustatzen zaigu eguerdi partean Nabarrerian ibiltzea, giro ederra dago eta», azaldu du Jon Zubimendi iruindarrak. Kuadrillarekin batera atera da, eta Meson de la Nabarreria tabernan hartu dute bermuta. «Marianitoa eta txibierroen errazio bat eskatu ditut, eta, prezio nahiz kalitate aldetik, ez dut kexarik. Marianitoa beirazko edalontzian zerbitzatu didate, oliba eta guzti, eta, gainera, euskaraz zerbitzatu gaituzte. Halako keinuak eskertzekoak dira sanferminetan». Lau marianito eta txibierroen errazioa: hamalau euro.
Peñetan, merkeago
Historikoki, gazteen topaleku nagusia izan da Jarauta karrika, eta, azkenaldian parrandazaleen demografia apur bat aldatu den arren, 18-20 urte inguruko gazteak dira, oraindik, hango tabernak betetzen dituztenak. Gainera, peña gehienek egoitza dute han, eta ohiko tabernetan baino merkeago har daiteke eguerdiko bermuta, iluntzeko baxoerdia eta goizaldeko katxia. Garagardo batek, adibidez, 1,50 euro balio du han.
«Gauez, jende gaztea ibiltzen da batez ere, eta, garagardoaz gainera, kubatak eskatzen dizkigute, baina, bermutaren orduan, bezero helduagoak etortzen zaizkigu, eta, beraz, eskatzen digutena ere ezberdina da: Martini, Bitter, ardo beltza... Eta gurasoak seme-alabekin datozenean, baita mostoa eta freskagarriak ere», azaldu du Aldapa peñako barran zerbitzari lanetan dabilen Miren Etxeberriak.
Nabarrerian bezala, Jarautako tabernetan eta peñetan ere euskaraz hitz egiten dute zerbitzari askok, eta parranda giro gazte eta euskaldunean egiteko parada ematen dute.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.
