Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Bizigiro «Hamabi urte nituela, patroiari esan nion eskolara joan behar nuela»

Publizitatea

Bizigiro

Mateo Balbuena Iglesias. Borrokalari komunista eta idazlea

«Hamabi urte nituela, patroiari esan nion eskolara joan behar nuela»

Alderdi Komunistarekin lotuta egon da Balbuena nerabezarotik, eta, 36ko gerran, horiekin borrokatu zen. Hamaika liburu idatzi ditu; komunismoaz hausnartzeaz gain, egungo gizartearen nondik norakoak ere aztertu ditu.
Argazkia: JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

2017-06-18 / Jon Rejado

Amurriotik kilometro gutxira, Lezama herrian, atseden hartzeko tarte gutxi du Mateo Balbuena Iglesiasek (Villamartin de Don Sancho, Leon, Espainia, 1913). Berriki, liburu bat editatu du, bere kabuz. Hurrengo liburua prestatzen ari da egun, estatuari buruz. Idazmakinaren inguruan, azken libururako bibliografiaz gain, hamaika karpeta ditu: amaituta egon arren, argitaratzearen zain dauden liburuak dira. Ondoko gela batean, liburutegi zabala du, liburuen pisuari nekez eusten dioten apalekin. Horien ondoan, haren pentsaera agerian uzten duen ikurra dago: bandera gorria, igitaia eta mailuarekin.

Asturiasko 1934ko iraultzan, eta 1936ko gerran hamaika frontetan borrokatu izan bada ere, Balbuenak etorkizunean ditu begiak. Egungo egoeraz hitz egin nahi du. Aurrez gertatutakoa aintzat hartuz, egungo gizartea eta bere etorkizuna ulertzeko giltzak aztertzen ditu. Gaztetatik izan du ikasteko eta aztertzeko grina. Hamar anai-arreben artean nagusiena zen, eta, 10 urterekin, Gijonera bidali zuten lanera. Ordea, horrek ez zion galarazi ikastea, ezta hamaika esparrutan borrokatzea ere.

Haurtzaroan bertan hasi zinen lanean. Ordea, ikasteko tartea atera zenuen. Nola?

Dena uztartu behar izan nuen, boladaka: lan egin eta ikasi; lan egin, ikasi eta borrokatu; batzuetan, ikasketak baztertu... Pentsa, azkenean merkataritza irakasle amaitu nuen.

Non ikasi zenuen?

Gijongo familia batek seme gisa hartu ninduen. Kuriosoa da, baina garai hartan apenas zegoen eskubide sozialik. Ateneo Obrero izeneko erakundeko bazkide egin nintzen, han ikasi ahal izateko. Hamabi urte nituela, patroiari esan nion eskolara joan behar nuela, eta gizonak baietz esan zidan. Hortik aurrera, 19:00ak baino lehenago lanetik ateratzen uzten zidan, ikastera joateko. Beste eskoletan ere egon naiz, baina beti politikoki lan egiten nuen bitartean, Alderdi Komunistan.

Oso gaztetatik militatu al zenuen Alderdi Komunistan?

15 urterekin Gazte Komunistetan eman nuen izena. Hortik aurrera, lana, ikasketak eta borroka uztartu nituen, ahal nuen moduan.

1934. urtean, Asturiasko iraultzan parte hartu zenuen, 21 urterekin. Nolakoa izan zen?

Askok parte hartu genuen, armak eskuan. Ordea, Gijonen ez zegoen armarik. Komunistok lau katu ginen. Sozialistekin elkartu ginen. Ekimen politikoan arreta jarriz gero, gu lau katu baginen, haiek bi eta erdi izango ziren. CNT zen nagusi, baina ez ziren mugitu. Oviedora joan ginen armen bila. La Vega lantegia hartu genuen: 10.000 fusil eta 200 Hotchkiss metrailadore. Gerora lortu nuen Oviedon kamioi bat armekin bete eta Gijonera bidaltzea.

Nola heldu zinen Bizkaira?

Gurasoak hemen bizi ziren, Gurutzetan. 1934. urte amaieran soldaduska egin behar nuen. Bizkaian eman zuten nire izena. Garai horretan, gizabanakoen pentsaera ulertu ahal izatea bereziki interesgarria egiten zitzaidan; filosofia eta ingeniaritza ikasten hasi nintzen. Bi muturretan daude, baina gustuko nituen.

Eta soldaduska non egin zenuen? Komunista izateak trabarik eragin al zizun?

Iruñean egin nuen. Soldaduska hasi eta bi hilabetera, Iruñerako bidean ezagutu nuen pertsona batek ohartarazi zidan: kontrolatuta nengoen. Tira, susma nezakeen. Soldaduska non egingo nuen jakin nuenean, Gijonera idatzi nuen, Iruñeko kamaraden kontaktuen gainean galdetzen. Leandro Carro zuen izena; gerora, 36ko gerran batailoi bati jarri genion bere izena.

Nola atera zinen atakatik?

Kolperen bat edo beste eman zidaten. Behin, sarjentu bat bere bulegoko leihotik behera botatzeko keinu ere egin zuen. Nirekin eraman behar nuela pentsatzen ari nintzela, beste sarjentu bat agertu zen, eta egoera ez zen gehiagora joan. Urteen joanarekin, Gijonen topatu nuen bigarren sarjentu hori, Errepublikako hainbat unitate gidatzen ari zela.

Soldaduska amaitu eta ez askora, estatu kolpea izan zen. Non harrapatu zintuen?

Gurutzetan nengoen orduan. 1936an, martxoan edo, Gazte Komunista eta Sozialistak elkartu ginen; Barakaldoko idazkari izendatu ninduten. Ordurako bagenekien zer gertatzen ari zen, eta prest geunden.

Donostian ere izan zinen, ezta? Armada kolpistak hartutako eraikinak berreskuratzen.

Orduko talde pentsaerak ulertzeko, adibide argi bat jazo zen Maria Cristinan. Alegia, talde bakoitza ahal beste arma bereganatzen saiatzen zen. Eraikinean sartu eta berehala, metrailadore bat zegoen. Barruan zeudenek amore eman zutenean, denok joan ginen, korrika batean, metrailadorea hartzera: komunistok, anarkistak, sozialistak...

Nazionalistak?

Harreman herabetia genuen haiekin. Gerra hasi zenean, denbora behar izan zuten kokatzeko, eta, Nafarroan, kolpisten alde egin zuten leku batzuetan.

Gerran hamaika txokotan borrokatu zinen. Hemendik gertu ere Amurrioko batailoi bat zuzendu zenuen, ezta?

Hona bidali gintuzten, abuztuaren 2an erreketeak Urduña hartzera abiatu zirelako. Agindupean nuen taldea miliziano talde bat zen, diziplina handirik gabea. Ni diziplinarekin tematuta nengoen. Atsedenaldietan tabernetara joan beharrean, Espainiako armadaren ordenantza irakurtzera joaten nintzen, arerioa ulertzen saiatzeko. Armada bat baginen, armada gisa jokatu behar genuen.

Borondate handiagoa zegoen diziplina militarra baino?

Garai bakoitzaren ezaugarriak dira. Kapitain bezala amaitu nuen. Gaur egun, Errepublikako armadaren ofizialaren pentsioa dut. Ordea, Felipe Gonzalezen gobernuak ez zituen aintzat hartu garaiko kargu horiek.

Une jakin batean Frantziara ere joan zinen. Nola gertatu zen hori?

Irundik Peonera arte [Asturias] borrokatu nintzen. Bertan armak utzi genituen, eta Avilesen itsasontzia hartu nuen Frantziara. Handik, Figerasera joan nintzen, beste batzuekin. Errepublikako Gobernuak karabineroekin sartzea proposatu zigun, eta Guadalajadara mugitu ginen.

Nola amaitu zen gerra zuretzat?

Asko laburbilduz, une jakin batean, konpainiarekin aginte postura heldu ginen. Pentsatzen nuen oraindik Errepublikak kontrolatzen zuela. Ordea, bertan zegoen agintaria oldartu zitzaidan, eta ihes egin nuen. 28 gau eman nituen oinez, Frantziara joateko. Aurretik atxilotu ninduten.

Zenbat aldiz pasatu zara espetxetik ordutik?

Lau, sei, zortzi... Ez dakit. Gerora heldu ziren halakoak. Orduan, Huescako espetxean egon nintzen, gero Jakan...

1943an espetxealdiekin amaitu, eta Bizkaiko meatzeetan lanean egon zinen. Asturiasko garaitik ezagutzen al zenuen ofizioa?

Ez, ez... Ez nuen ezagutzen. Lana eskatu nuen, eta han eman zidaten. Kontuan hartu lan askotarako meneoaren baimena eraman behar zenuela. Francok ezarritako erregimenaren baimena, alegia. Meatzeetan ez zuten ezer eskatzen. Goizez atseden gabe lan egin, eta arratsaldez eskolak emateko tartea nuen.

Akademia bat hasi zenuten zure emazteak eta zuk, ezta?

Hori da. Akademian 200 ikasle izatera heldu ginen: emaztea zen zuzendaria, eta ni langilea. Basauriko alkatearen lau edo bost senide izan nituen klasean; Guardia Zibilaren kapitain erretiratua zen. «Kontrolpean zaitugu», bota zidan behin... Bah... Baina ez zuten pertsonarik, horregatik uzten ziguten lan horietan aritzen. Areago, nire partetik harropuzkeriatzat har badaiteke ere, meneoak sindikatuen ardura hartzea proposatu zidan.

Zuri? Komunista zinela jakin bazekiten arren?

Hori proposatu zidana komunista izandakoa zen. Nahi zutena zen norbaitek haiei lana erraztea. Uko egin nion, noski. [Tarte batez isilik geratu da] Baina horiek iraganeko gauzak dira... Zergatik ez dugu hitz egiten egungo egoerari buruz? Horrek ematen dit animo gehien! Norbaitek irakurtzen banau iraganaz hitz egiten pentsatuko du: «Plantak egiten dabil!».

Egungo egoerara heldu aurretik, nola gogoratzen duzu Alderdi Komunista Espainian legeztatzeko unea?

Albistea eman zidaten: zezen plaza bateko ekitaldi batean bandera komunista onartuko zuten. Ni ez nengoen horrekin ados.

Zergatik?

Baldintza batzuei men egitea zen. Dena den, kontuan hartu behar da ordurako argitaratua nuela El porque del eurocomunismo (Eurokomunismoaren zergatia). Polonian, Hungarian eta Txekoslovakian gertatutakoa aztertu nuen liburu horretan. Ez nengoen ados leku horietan jazo zenarekin. Zer edo zerk huts egin zuen.

Zer da zuretzat ideologia?

Unean uneko egoerari lotuta dago, eta, aldi berean, egoera horrek sustatzen du. Hau da, ideologiak ez du ezer asmatzen; zenbait egoera uzten ditu agerian. Sovietismoa, sufrimendu eta odol trauma egon izan ez balitz, tontakeria litzateke. Nola da posible langileen gizarte bat sortzea langilerik ez bazegoen? Tsarren Errusian, gremioetan zeuden banatuta.

Eraikitzeko, aurretik dagoena apurtu behar al da?

Ideiak bere egingo dituzten pertsonak behar dira. Kapitalismoa burgesiaren garapena baino ez da: orduan zituzten balioen garapena, zientziari indarra eman eta balioa ematea... Horrek guztiak feudalismoa lurperatu zuen, baita monarkia absolutistak ere. Nola egin zuten, baina, atzean ez bazegoen masa bat babes bezala? Gaur egun masa dago!

Masa dago, baina, agian, ideologia falta da?

Hori da gakoa! Zergatik ez du egungo masak ideologiarik? Orain inprimatzen ari den liburuan aztertzen dut hori guztia. Soldatapeko langileen ezintasun politikoagatik dela uste dut. Kontsumoak handitu ahala, salerosle handiek hartu zuten agintea; hortik, merkatu-kapitalismoa sortu zen, eta, azkenik, guztiok ezagutzen dugun sistema. Soldatapeko langileek duten bakarra da enpresariarekin duten harremana; alegia, nola ez duten haiena den ezer, ezin dira hori defendatzeko borrokatu.

Inoiz esan izan duzu kapitalismoa bukatutako eredua dela. Nola ikusten duzu egoera?

Ekonomialariek horren inguruan luze hausnartu dute. Areago, oinarrizko errentaren gaia atera izan da ere, duela hiru hamarkada sortu bazen ere. Hori guztia aurreko liburu batean ikertu dut, baina orain eremu zabalago batetik aztertu nahi dut egoera.

Zein da abiapuntua?

Argitu nahi dudana oso erraza da: AEBetako langileek zergatik hautatu dute ezjakin bat? Ingalaterran zergatik atera dira atzerakoienak? Leku askotan gertatzen ari da hori. Ezjakintasun handia dago gizateriak historian izan duen bilakaeraren gainean. Gaur egungo egoera ikuspuntu historikotik aztertu behar da. Egungo mundura egokitutako ideiak falta dira. Ondo jantzitako pertsonek landu beharko lituzkete.

Non jarri beharko litzateke arreta ideia berri horietan aurrera egin ahal izateko?

Liburuan iradokitzen dut ondo jantzitako pertsona horiek aztertu beharko luketela ea kapitalismoa bukatuta dagoen. Hori egin behar da politika aurrerakoiak egingo badituzte. Pertsona horiek egiaztatuko balute bukatuta dagoela, lehentasunak markatu beharko lituzkete. Premiazko hamaika gai ditugu: klima aldaketa, lehengaiak bukatzea... Horregatik, Espainiako Kongresuan iragan astean gertatu dena...

Zer?

Pigmeo politikoen erakustaldia da. Hiru ordu eman ditzakete egoera batek sortutako emaitzei buruz hitz egiten, baina egoera bera aipatu ere egin gabe.

Publizitatea

Sortu kontua
Jon Rejado Jon Rejado

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak